Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak San Fermin Aldapakoaren dantzak 2012: kronika

Dokumentuaren akzioak

San Fermin Aldapakoaren dantzak 2012: kronika

San Fermin Aldapakoaren dantzak 2012: kronika

San Fermin Aldapakoaren dantzak 2012

Fagurrinak larrazkeneko hosto nabarrak dantzarazten dituenean, dantzarazten dituzte San Fermin Aldapakoaren dantzariek ere haiek kriskitinak Iruñea zaharreko karriketan barna. Buruilaren 23an iratzarri ziren, beraz, kriskitinak laugarrengoz, San Fermin Aldapakoaren dantzak beste behin plazaratzeko.

Errotxapeako zubian abiatu genuen jarduna ohi bezala, hodei azpian, egun bero-sapa batean. Zakarra izatera heltzen ez zen haize harroxko batek lagundu zion Angel Lezari bandera dantzatzen. Ondotik, ezpata-dantzari guztiak pasa ginen korrika bandera azpitik.





Santo Domingoko aldapa txistularien doinu bipilak lagunduta igo genuen ezpata-dantzari taldeak. San Ferminetan, entzierroaren aurretik korrikalariek kantu egiten duten zokoan gertatu zen taldea, kapitainek eta buruzagiak belauntxingoa dantza zezaten.





Santo Dominko karrika, Udal plaza, Merkaderes, Mañueta, Jauregiaren aldapa... horrela heldu ginen ezpata-dantzariak San Fermin Aldapakoaren eliza aitzinera. Ordurarteko izerdia Dantzarineako moskatelez apaldu genuen, eta piper-opilek pixka bat tripa bete.



Eguerdi aldera atera zuten San Ferminen irudia karrikara eta han Nekane Martinez zerbitzariak eskaini zion piper-opila ezpata-dantzari guztion partez. Berehala, berriz ere buruzagiak eta kapitainek belauntxingoa dantzatu zuten, San Ferminen irudiaren aitzinean, oraingoan.





Ez dugu oraindik aipatu baina Amaia Irigoien, Akier Perkaz, Julen Fagoaga eta Mikel Tristan aritu ziren kapitain-dantzan. Aritz Ibañez buruzagi postuan.



Prozesioa lagundu Nabarreriako burgoan barna eta berriz ere San Fermin elizara sartu zuten gure ezpaten azpitik.



Handik udal plazara abiatu ginen ezpata-dantzari taldea, bertan berriz ere bandera-dantza, arrosa eta belauntxingoa egiteko. Gure banderan pilatutako Arga ibaiaren uraren indarra hiriaren plaza nagusian hedatu eta buruzagia goratu genuen ezpata gainean. Kapitainek haien azken bilantzikoa dantzatu eta egindakoa deseginez, berriz Nabarreriako gure zokoruntz abiatu ginen.







Gure dantza taldearen egoitzara heldu eta Nekanek eta Aritz-ek buruzagiaren eta zerbitzariaren arteko bilantzikoa dantzatu zuten.





Elkarri esku eman, eta berriz ere San Fermin Aldapakoaren eliza aitzinean dantzatu genuen irradaka, eguerdiko jende saldo, marmar eta kanpai hotsik gabe. Isabel Abarzuzak atondutako soka taldeak jarri zigun dantzarako erritmoa eta doinua eta berriz aldarrikatu genuen hurrengo urtean ere dantzara ateratzeko gure gogoa.





Eguneko jarduna mahai baten bueltan bukatu genuen, lagun artean. Egunean zehar gertatutakoak ezpata-dantzarion liburuan idatzia utzi genituen, geroko dantzariek ere ezagun ditzaten.

Goizeko haize harroxkoa erauntsi bilakatu zen arrats partean, baina oraindik ere eguna bukatu aitzin eguzki printza batzuk agertu eta euriarekin batera, ortzadar ederra sortu ziguten Iruñeko zeru gainean! San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantza egunez, Axeri-boda! Ba al da bukatzeko modu ederragorik?


 

Hurrengo urtean berriz...




Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.