Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Sagar-dantza, hartza eta mozorroak Arizkunen

Dokumentuaren akzioak

Sagar-dantza, hartza eta mozorroak Arizkunen

2008/02/15 15:10
Sagar-dantza, hartza eta mozorroak Arizkunen

Sagar-dantza, Arizkun, 2008. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Goizeko 11:00ak jota dira Arizkunen sagar-dantzariak eta txistulariak martxan jarri direnean. Txistulariek, lau sagar-dantzarik eta arno-partitzaileak osatzen dute taldea. Txistu hotsak iratzarri ditu Arizkungo kaleak. Kalez-kale biribilketa eta zortzikoak tartekatuz doaz, eta geldialdi bakoitzean sagar-dantza egiten dute.


Zortziko eta sagar-dantza artean dantzariei eztarria lehortzen hasi zaie, baina arno-partitzailea prest dago beti saskitik edalontziak atera eta sagardoa eskaintzeko. Itxuraz, partitzailea bera ere egarritzen da lan horretan, eta sagardo botila hustutzen laguntzeko prest ageri da.

Herriko kale guztietan emanaldia egin ondoren Arizkungo plazara iritsi dira, eta mutil-dantzak egiteko hain egokia den plaza borobilean egin dute azken sagar-dantza. Udaletxearen aurrean argazkia egin eta bukatutzat eman dute goizeko jira.

2008ko otsailaren 5ean Arizkunen sagar-dantzariek egindako zortzikoetako bat ikus daiteke honako bideo honetan.

 

Txistulariekin hitzegiteko tartea izan dugu. Jabier eta Patxi Larralde aita-semeek maitasunez eusten diote Arizkungo hainbat tradiziori. Jabierrek onartzen du norbaitek heldu behar diela tradizioei, bestela bertan behera geratuko liratekeela. "Bere garaian Maurizio Elizaldek egindako lanagatik ez balitz ez

Arizkun sagar-dantza 2008

legoke gaur". Eta gaur Jabier eta Patxi dira Baztango hainbat tradiziori eusten diotenak.

Sagar-dantzak berreskuratzen lan handia egin dute azken urteotan. Aurten Amaiurko sagar-dantza eta puska-biltzea martxan jarri dira. Amaiurko sagar-dantza orain 2-3 urte berreskuratu zuten, hamaika buelta egin ondoren. Amaiur-en ez omen zuten inor aurkitu sagar-dantza gogoratzen zuenik, baina azkenean Lekarozera morroi joandako Amaiurko gizon bat aurkitu zuten eta harekin ikasi zuten sagar-dantza.

Azken urteotan egindako lanari esker orain Baztan aldean 6 sagar-dantza bizirik daudela diote Larralde aita-semeek. Arizkun, Lekaroz, Amaiur, Baztan, Erratzu eta Elizondoko sagar-dantzak dira. Hona hemen 2008ko otsailaren 5ean Arizkunen dantzatutako sagar-dantzaren bideoa:

 

Sagar-dantzariak erretiratu eta goiko kaleko forjaren atarian hasi da biltzen jendea inauteriaren zain.

Arizkun inauteriak 2008

Halako batean hasi dira agertzen mozorroak. Zirujia estetikoko karroza eta bere kideak, polizia foralaren kotxea eta kontrola, eta mozorro barregarri eta basatiak. Horietako batzuk, ardi-larruak bizkarrean eta aurpegia estalita jendea astintzen dute adar luze batzuekin. Hartza ere atera da eta korrika saioak eta izuak hasi dira. Hartza basatia eta eroa da benetan, eta domadoreak ere epelak eman eta hartzen ditu. Txistulariek klarineteak hartu dituzte eta haiekin beste hainbat musikari bildu dira.

Hartza eta mozorroek eragindako korrika saio eta bultzakada artean, eta musikarien doinura kalean behera doa konpartsa. Orain ere eztarria lehortzen zaie mozorro eta musikariei eta aldian behin geldialdia egin behar gasolina hartzeko. Hartza eroa eta arriskutsua da benetan, eta erne ibili beharra dago harekin, baina mozorro batek ondo berotu gaitu aurten Arizkungo inauterian. Ikusi 2008ko Arizkungo inauteriaren irudi batzuk ondoko bideoan.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.