Polemika Galizian gobernuak Fiturren aurkeztutako dantza-ereduagatik
Eztabaida sortu da Galiziako gobernuak Fitur azokan aurkeztu duen galiziar dantzen eredua dela-eta. Zenbaitek zalantzan jarri dute egindako dantzak galiziar kulturaren erakusgarria ote diren. Musika, jantziak eta dantzaera hartu dituzten jomugan hainbat erabiltzailek. Turgalicia Galiziako turismo agentziak sareratutako bideoan Coruñako Entrecaixas konpainiako dantzariak ageri dira Morrison's jig (Euskal Herrian Sorotan Bele taldeari esker egin zen batez ere ezagun) irlandar musikarekin osatutako koreografian, galiziar muñeiretako zenbait urrats egiten.
Urtarrilaren 18 eta 22 bitartean egin zen Madrilen Fitur, espainiar estatuan turismoa sustatzeko nazioarte mailako feria garrantzitsuenetako bat. Hainbat herrialdetako instituzioek eta erakundeek turistak erakartzeko beren produktuak, zerbitzuak eta ondarea jartzen dituzte erakustokian. Hain zuzen ere, tokiko bereizgarriak erakutsi beharrean molde homogeneizatzaile batean egindako dantzak egitea askori ez zaio iruditu Galizia ordezkatzeko biderik egokiena. Oro har, argudio nagusia izan da tradizioaren ezagutza eskasa erakutsi dutela Entrecaixas konpainiakoek, eta horrek eman nahi den galiziartasunaren irudia distortsionatu egiten duela, sendotu beharrean.
Lucia Eirosek dio, "Edozein kultur adierazpide berritzeak eskatzen du landu beharreko gaiaren gaineko ezagutza zabala eta hura asimilatzea. Uste dut testuinguru honetan ez dela interpretazio hori kontuan hartu (kulturak sustatzen dituen ekitaldi bat, Turgaliciaren altzoan gainera). Bada funtzionatzen ez duen zerbait... Domaia...", eta Hugo Lopezek: "Tradizioaren eta (antzinako eta gaur egungo) folklorearen halako ezezagutza erakustaldiak, eta interes, edo besterik ez bada, errespetu faltak, adierazten dute herri baten gutxitasun konplexu triste, handi eta ezjakina". Galiziako egungo dantza-talde sarea ondo ez ezagutzea ere leporatu diete Pandereteiras de Codeso taldekoek: "pena da Turgaliciak ez ezagutzea Galizian kultura tradizionalean lanean ari den eta edozein antzokitan emanaldi duinak egiten dituen talde andana".
Izan dira Turgaliciaren proposamenaren aldeko jarrera egokia iruditu zaienak, eta ikuskizuna ezinbesteko eboluziotzat jo dutenak ere. Iago Vallinek dio, "Asmoa ez da inondik ere hau dantza tradizionaltzat hartzea (edota dantza tradizionala ordeztea). Hainbat abangoardia uztartzen dituen galiziar dantzaren eboluzio bat da". Clara Vazquezek uste du, "ezeren aurretik, hainbat aspektu desberdintzen jakin behar da, eta ez duzue ikusten Entrecaixasen esentzia berrikuntza dela, eta horrek erakusten duela galiziarrok aurrera goazela..."
Halakoetan ohikoa den moduan, ironiak eta sormenak beren bidea egin dute, Iñaki Prietoren gonbidapen honek adierazten duen moduan: "Irlanda herrialde ederra da, bisita ezazu".
Dantzan