Patxi Larraldek jasoko du 2026ko PIR Jaialdiko Truco saria

2026/06/29
Patxi Larraldek jasoko du 2026ko PIR Jaialdiko Truco saria

Arizkungo txistulari, dantza-maisu eta ikertzaile Patxi Larraldek (Arizkun, 1966) jasoko du 2026ko PIR Jaialdiaren Truco saria. Pirinioetako musika eta kulturen jaialdiak urtero ematen duen sari honek mendi-kateko kulturaren alde lan nabarmena egin duten pertsona, talde edo erakundeei egiten die aitortza. Larraldek uztailaren 5ean jasoko du saria, Ansó-n (Huesca).

Patxi Larralde ezkerrean, Arizkun, 2024-02-13. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Ondarearen zaindari eta transmisioaren bultzatzaile

Antolatzaileen hitzetan, Patxi Larralde Baztan bailarako soinu eta dantza nortasunaren zaindarietako bat izan da. Bere txistulari lana nabarmendu dute, baita desagertzeko arriskuan zegoen ondare baten dokumentazioan egindakoa ere. Bere aita Jabier Larralderen eskutik hasi zen mundu honetan eta 1980ko hamarkadaren erdialdean, aita-semeek hartu zuten Baztango doinu tradizionalak zaindu eta transmititzeko ardura. Baztango txistulari eta dantza-maisuen dinastia entzutetsuko katebegi da Larralde, aita eta semea ttunttuneroak izateaz gainera, Maurizio Elizalde txistulari sonatua osaba zuen, eta eta Patxiren aita Jabierrek Maurizioren aita Antonio Elizalderekin ikasi zituen Baztango folklorearen ezagutzak.

Patxi Larralde, Arizkun, 2024-02-13. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Txistulari lanaz harago, Larraldek ekarpen handia egin du dantzaren transmisioan ere. Dantza-maisu gisa, Baztango mutil-dantzen sistematizazioa landu du, Pirinioetako mendebaldeko dantza-sistemaren adierazpen garrantzitsuenetako bat den ondarea ulertu eta irakasteko tresna pedagogiko berriak garatu ditu. Lan horri esker, gero eta pertsona gehiagok ikasi eta plazan dantzatzeko aukera izan dute. Sagar-dantza, soka-dantza, ezpata-dantza eta, oro har, Baztango folklorearen ikerketa, transmisioa eta duintzearen alde ere ekarpen nabarmena egin du.

Jabier Larralde txistua jotzen eta bere seme Patxi Larralde dantzan, Iruñean, Burgoen plazan, Ezpalak jaialdian, 2010eko maiatzaren 29an. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan (cc) by-sa.

Horrez gain, haren ikerketa-lana ere goraipatu dute: Baztango partitura historikoak bildu, alderatu eta bateratzeko egindako lana funtsezkotzat jo dute, bailarako musika ondarea etorkizuneko belaunaldientzat gordetzeko. Hainbat lan interesgarri argitaratu ditu: Baztango Folklorea (1991) diska-liburua aita Jabierrekin batera, Baztango sagar-dantzei buruzko artikulua (2016), Baztango soka-dantzari buruzkoa (2016) eta Elizondoko ezpata-dantzari buruzkoa (2018), besteak beste.

Euskal ordezkaritza Truco sarian

Patxi Larralde ez da Truco saria jasoko duen lehen euskalduna. Azken urteotan hainbat euskal kultur eragilek ere jaso dute aitortza bera: Mixel Etxekoparrek (2024), Juan Mari Beltranek (2019), Juan Antonio Urbeltzek (2010) eta Marcel Gaztelluk (2009), esaterako. Horrek agerian uzten du PIR Jaialdiak urte luzez balioan jarri duela Euskal Herriko musika, dantza eta kultura tradizionalaren alde egindako lana.

PIR Jaialdia Pirinioetako musika eta kulturaren inguruko erreferentziazko hitzordua da, eta urtero artista eta kultur eragile ugari biltzen ditu Aragoiko eta Euskal Herriko tradizioak nahiz Pirinio osoko ondarea elkartzeko helburuarekin.