Ardogileentzat lur emankorra da Baigorriko harana eta mahastizaintza izango du ardatz Arrola dantza taldearen ikuskizun berriak. "Mahastizaintzarako gustua eta ofizioa, dantzarako gustua eta afizioa helduek behar diete gazteeri eman. Atzoko ohidurak eta lan jakitateak elgarri pasatuz eta elgarrekin landuz sortzen da herritar kultura, dantzaz, soinuz eta kantuz alaitzen dena."
Arrola dantza taldeak 65 urteko ibilbidea badu ere, aurten lehen aldiz heldu diote mota honetako sorkuntza bati. "Ardantza eta dantza, elkar lana eta besta, bata bestearen sustatzaile dira eta bi bizi-iturri horiek uztartuz gero, ez gaude etorkizun eder baten menturarik gabe, Baigorri aldean ere."
Patxi Laborda dantza maisuaren laguntzarekin ari dira prestatzen ikusgarria Arrola dantza taldeko kideak.Aldudarrak-en eskutik mahasti lanen irudiak eta soinuak bilduko dira ikuskizunean. Soinu horietan oinarrituta Estitxu Alfaro, Joxe Cazaubon, Johañe Etchebest eta Antton Curutcharryk prestatuko bi dantza sorkuntza jasoko ditu ikuskizunak.
Zuzeneko musika
Mihimena dantza sorkuntzan mahastizaintzarekin lotutako soinu batzuk grabatuta erabiliko badira ere
musika oro har zuzenean joko da. Mañolo Espelet, Paxkal Indo, Patxi Bidart eta Aiko taldeak prestatutako doinuak honako musikari taldeak haizatuko ditu:
Xirula: Xan Errotabehere
Esku soinua: Sylvie Cherbero, Mirentxu Lazkano, Maddalen Dupuy
Tuba: Mintxo Garaikoetxea
Tronpeta: Iñaki Goikoetxea
Kontrabaxua: Andde Carrère
Arrabita: Xebastien Othaburu
Txalaparta: Paxkal Indo
Gaiteroak: Patxi Bidart, Betti Bidart, Philippe Dupuy
Trikitilariak : Ibai eta Oihan Indart
Arrola dantza taldea ensaioetan, errepikatan buru belarri sartuta dago dagoeneko eta ikuskizunaren sortze prozesuaren jarraipena egin daiteke beren blogean. Ikusgarriko txartelak salgai daude dagoeneko: