Dokumentuaren akzioak
“Mendi maskaratua” dokumentala Madrilen aurkeztuko da gaur
Domingo Morenoren Mendi maskaratua edo La montaña enmascarada dokumentala Madrilgo Rizoma jaialdian aurkeztuko da gaur. Pirinioetako neguko festa eta erritualak jasotzen dituen lana Madrilgo Cinetekako Azcona Salan proiektatuko da gaur 20:00etan. Euskal Herriko, Aragoiko, Andorrako edota Roussillongo inauterietako errituak bildu ditu Morenok.
Otsailaren 24an emititu zen lehenengo aldiz FR 3 Occitanie Frantziako telebista katean. Denboraldi batez geldirik egon da zabalkundea, baina Rizoma jaialdirako aukeratua izan da orain eta berriro ikusleengana hurbilduko da lana. Azaroaren 20tik aurrera Filmin plataforman ikusteko aukera ere izango da, Rizoma jaialdiaren programazioren barruan. Dokumentalaren egileek inauteri garaian herrietan aurkezpenak egiteko itxaropena dute.
Pirinioetako inauteriak
Pirinioetako neguko festak eta erritualak jasotzen ditu dokumentalak. Euskal Herriari dagokionez, Zuberoako maskaradak eta Altsasuko, Zubietatako eta Lantzeko inauteriak ageri dira. Trailerrean 1965ko Lantzeko inauterietan Enrique Ros Piñeronek grabatutako irudiak ikus ditzakegu. Lantzen 1964an berreskuratu ziren inauteriak, beraz, bigarren urtekoak dira dokumentalak jasotzen dituenak.
Errituetako irudiekin batera inauteriak aztertu dituzten hainbat adituri eginiko elkarrizketak jaso dira, besteak beste, Josefina Roma, Thierry Truffaut, Juan Antonio Urbeltz eta Roberto Boschi-ren testigantzak. Inauterietako protagonistei ere eman zaie hitza, adibidez, Mixel Etxekopar eta Batitte Berrogain zuberotarrei.
Neguko hainbat festetako pertsonaiak, sinboloak, estetika, musika eta dantzak konparatzeko aukera ematen du dokumentalak. Protagonistetako bakoitza bere hizkuntzan ari da: euskaraz, katalanez, frantsesez eta gazteleraz.
Dantzan-ek ere proiektuan parte hartzeko aukera izan du; Eire Vilak lagundu baitu euskal inauterietako filmazioetan, elkarrizketetan eta itzulpenetan.
Fitxa teknikoa
- Izenburua: La montaña enmascarada
- Iraupena: 102'
- Generoa: Dokumentala
- Zuzendaria: Domingo Moreno
- Gidoia: Domingo Moreno, Luisa Latorre
- Argazkia eta soinua: Sebastián Vanneuville, Domingo Moreno
- Montajea eta soinuaren diseinua: Luisa Latorre
- Narratzailea: Jesus Brotons
- Soinu estudioa: Estudios Roma
- Diseinu grafikoa: Luisa Latorre
- Ekoizpen zuzendaria: Domingo Moreno
Dokumentuaren akzioak