Maskaradak Zuberoan 1968 urtean

2012/11/02
Maskaradak Zuberoan 1968 urtean

Hainbat urtez, Jean Dominique Lajoux ikertzaileak Europa goiti-behera korritu zuen maskaradak ikertzen eta filmatzen. Dokumental honetan ikus daitezkeen irudiak bi agerralditan hartu zituen Lajoux. 1968ko otsailaren 18an Pagolan eta 1968ko martxoaren 3an Ligi-Atherein. Barrikadak, barrikada haustea, godalet-dantza, buhameen ezpata-dantza, kauterek pheredikua, azken jauziak,... Unescok bildu eta digitalizatu du altxor hau, eta orain denok gozatzeko aukera dugu. Hona ba, Jean Dominique Lajoux-en "Mascaradak (Mascarade basque).

Mascaradak - Mascarade basque

Source: UNESCO Multimedia Archives
Oier Araolaza
Oier Araolaza
2012/11/04 18:11

Altxor ederra da hau. Besteak beste Gat Aran atabala jotzen ikusteko aukera eskaintzen digu, zorte hori izan ez genuenoi. Dantzarien artean harrigarria iruditu zait Enseinaria, ikaragarri ona da. Zer ditu oinetan, malgukiak? Inork badaki nor den?

Aritz Ibañez Lusarreta
Aritz Ibañez Lusarreta
2012/11/04 19:50

Bikaina bideoa! Gaur egunekiko aldaketa zenbait ere ikusten dira (40 urtetan), tradizioa kontu bizia den erakusgarri bizia. Oier-ek aipatzen duen entseinariaz gain (bere dantzakera eta maskaradaren baitan duen paper "askea" egiten zait niri deigarri), barrikadetan herrikoek aitzindariei egiten dieten "desafioa" (emazte hori barne), Pitxuren parte-hartze ia etengabekoa ofizioetan eta muxikoak dantzatzen dituzten adineko gizon horien dotorezia!

Xabier Etxabe
Xabier Etxabe
2012/11/07 11:48

Nik ere ikusi dut bideoa. Ederra da benetan.

Bide batez, eskertu nahi dut dantzan.com-eko lantaldea, berriro martxan jarri direnetik korreoa gainezka daukagulako dantzaren inguruko informazioarekin, eta tarteka klase honetako altxorrekin. Batzuetan ematen badu ere inork ez duela kasorik egiten, ez da hala; besarkada handi bat eta nire animorik beroena!

Xabier Etxabe.

Dantzan
Dantzan.com
2012/11/07 14:51

Eskerrik asko Xabier!

Aritz Ibañez Lusarreta
Aritz Ibañez Lusarreta
2012/11/09 09:22

Mixel Etxekoparren bitartez jakin ahal izan dudanez, entseinaria Beñat Aranburu da (Altzuruku Ahantxetakoa).

Iñaki Arregi
iñaki arregi
2012/11/11 16:43

Niri, begietara iritsi zaidana maskaradako segizioarekin batera festan parte hartzen duten herritar dantzariak dira. Barrikadan nola festa bukaerako jauziak egiterakoan beraien dantzatzeko modu dotorea . Ezagun da asko dantzari bikainak direla, ez bakarrik urratsak eta aldairak ondo osatzen dituztelako, baizik eta beraien dantzakera, gorputza paratzeko modua eta mugitzeko elegantzi landua gaur egun eta testu inguru horretan (eta ez naiz Zuberoari bakarrik ari) ohikoa ez delako.
Ikus Guilcherrek Zuberoan grabaturiko filmak eta atari honetan eskura ditugunak.
Non bukatzen da dantzatzeko modu, demagun, “akademikoa” eta non hasten dantzatzeko modu “herrikoia”?
Hor badago eredu bat, agian gure herriko leku gehiagotan hedaturik zegoena eta egun galdu duguna.
Herria dantzan.

Oier Araolaza
Oier Araolaza
2012/11/12 10:41

Beñat Aranburu da beraz dantzari ikaragarri hori. Mila esker Aritz peskisagatik!
Bai Iñaki, niretzat herritarren "gorputz espresioa" nabarmena da. Dantzarako aire berezi bat dute, tentea, dotorea, airosoa. Nik esango nuek formazio akademikoa (zuberotar dantzetako trebakuntza sistematikoa bezala ulertua) testuinguru erlaxatuan agertzen denean, antzematen dela eredu hori bere ederrenean.

Dantzan
Dantzan.com
2012/11/12 10:42

Eskerrikasko Xabier! Asko estimatzen ditugu zure besarkada eta animoak. Gu gozatzen ari gara, eta altxor hauek gozatzen ez dituenak berak galtzen du!