Maskarada ala maskaradak?
Maskaradak pluralean erabili behar dira esateko hainbat argudio entzun izan ditut nik. Gehien errepikatzen dena zera da, Zuberoako maskaradetan bi talde, bi maskarada biltzen dira, maskarada beltza eta maskarada gorria, eta horregatik, maskaradaK direla, pluralean. Beste argudio batek dio ez dela agerraldi bakarra izaten, ez dela maskarada bakarra izaten, igandero igandero egiten direlako maskaradak herriz herri, eta beraz, pluralean erabili dehar dela.
Euskomedian maskaradei buruzko sarrera "maskaradak" da, pluralean, eta Kepa Fernandez de Larrinoak ere horrela zehazten du sarrera horretan, "Las Mascaradas, en plural por ser una denominación aplicada desde el idioma vasco a todo acto festivo". Beraz, euskaraz pluralean direla esaten du hor antropologoak, eta hori argigarria izan daiteke, izan ere, Sü Azia elkarteak Maskaradei buruz argitaratuko liburuskan, euskaraz pluralean ageri da eta frantsesez ordea singularrean.
Baina azken aldian harrituta nago gero eta toki gehiagotan singularrean ikusten ari naizelako. Wikipediako sarrerak "Zuberoako maskarada" du izena, singularrean, eta baita Euskal Kulture Erakundearen webgunean "maskarada", eta horiek bezala beste hainbat tokitan ikusi dut egunotan singularrean. Orotariko Euskal Hiztegian ere sarrera singularrean jarri dute maskarada, baina gero adibide guztiak ordea pluralean ageri dira: "Hasten die hitzartzen ihautiko nula xüti ahal litiuen maskadak", "Oraiko maskadetan kantiniersak lekhia hartü deie", " Huna maxkada horietan pharte harzaliak", " Zuberoako maskaradak eta pastoralak nahasten dutelako".
dantzan.com-en maskaradak, pluralean erabiltzen ditugu, baita inauteriak ere gehienetan, festa bera baitira biak eta biei ere izaera anitza antzemateaz gainera, tradizioan pluralean erabili izan direla sumatzen baitugu. Eta besteok? Nola darabilzue eta zergatik?
Oier Araolaza