Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Maskarada ala maskaradak?

Dokumentuaren akzioak

Maskarada ala maskaradak?

2013/02/13 12:33

Maskaradak pluralean erabili behar dira esateko hainbat argudio entzun izan ditut nik. Gehien errepikatzen dena zera da, Zuberoako maskaradetan bi talde, bi maskarada biltzen dira, maskarada beltza eta maskarada gorria, eta horregatik, maskaradaK direla, pluralean. Beste argudio batek dio ez dela agerraldi bakarra izaten, ez dela maskarada bakarra izaten, igandero igandero egiten direlako maskaradak herriz  herri, eta beraz, pluralean erabili dehar dela.

Euskomedian maskaradei buruzko sarrera "maskaradak" da, pluralean, eta Kepa Fernandez de Larrinoak ere horrela zehazten du sarrera horretan, "Las Mascaradas, en plural por ser una denominación aplicada desde el idioma vasco a todo acto festivo". Beraz, euskaraz pluralean direla esaten du hor antropologoak, eta hori argigarria izan daiteke, izan ere, Sü Azia elkarteak Maskaradei buruz argitaratuko liburuskan, euskaraz pluralean ageri da eta frantsesez ordea singularrean.

Baina azken aldian harrituta nago gero eta toki gehiagotan singularrean ikusten ari naizelako. Wikipediako sarrerak "Zuberoako maskarada" du izena, singularrean, eta baita Euskal Kulture Erakundearen webgunean "maskarada", eta horiek bezala beste hainbat tokitan ikusi dut egunotan singularrean. Orotariko Euskal Hiztegian ere sarrera singularrean jarri dute maskarada, baina gero adibide guztiak ordea pluralean ageri dira: "Hasten die hitzartzen ihautiko nula xüti ahal litiuen maskadak", "Oraiko maskadetan kantiniersak lekhia hartü deie", " Huna maxkada horietan pharte harzaliak", " Zuberoako maskaradak eta pastoralak nahasten dutelako".

dantzan.com-en maskaradak, pluralean erabiltzen ditugu, baita inauteriak ere gehienetan, festa bera baitira biak eta biei ere izaera anitza antzemateaz gainera, tradizioan pluralean erabili izan direla sumatzen baitugu. Eta besteok? Nola darabilzue eta zergatik?

Dokumentuaren akzioak

2013/02/13 14:31
Nik ere maskaradak erabiltzen ditut, pluralean, diozun bezala, zenbait hilabetez igandero errepikatzen direlako.

Zuberoako lagun bati galdetu diot ia berak nola esaten duen eta hau bildu dit: Urte bateko maskaradei buruz hitzegiterakoan, edo maskaradei buruz, orohar, pluralean: "Aurtenko maskaradak ikusi dütützüa?".

Egun zehatz bateko maskaradari buruz ari bagara berriz, singularrean "maskaradala bazoaza arresti hontan?"
2013/02/13 15:38
Inauteria ala inauteriak? Ziurrenik bietara kasuaren arabera Aritzek dioen bezala.
2013/02/13 19:17
Juanan Urbeltzek dantzan zerrendan aipatu duenaren bidetik ("On Julio Caro Barojak aipatu zuen saio batean euskaldunak eta gure festetan deitzeko beti erabiltzen degu pluralez.Esate baterako Iñauteriak ere edo "Carnavales", baina baita ere "Santiburtzios", "Magdalenas", "Sanfermines", "Sanlorenzos", "Sanicolases" eta abar") zerbait gehitzearren:
festetarako plurala erabiltzen dugu, Beasainen Loinatzak, esate baterako, eta egun bakoitzari bere singularra: Loinatz eguna, Loinatz bigarrena, Loinatz hirugarrena... egunak izendatzeko modu hau beste hizkuntzetan ezagutzen al duzue? Orotariko Euskal Hiztegiak jasotzen du adiera hau (bigarren: día siguiente a una fiesta) baina ez du erdal baliokiderik ematen.
2013/02/14 09:51
Mila esker Aritz, Irune eta Mikel zuen erantzunengatik! Aritz eta Irune, zuek diozue kasuaren araberakoa dela, egun zehatz batekoa denean singularrean eta sorta denean pluralean erabiltzen dela. Baina ez da hori nik hemen planteatzen dudana. Kasu guztietan, egun bakarreko ekitaldi zehatzari buruz ari garenean ere, Zuberoako tradizioan, pluralean, maskaradaK izendatu izan direla da nik diodana. Alegia, beti pluralean, salbuespenik gabe.

Susmoa dut singularra erabiltzeko joera nahiko berria dela, eta ziur aski erderatik (frantsesetik eta gazteleratik) eratorria. Zuberoako laguna gaztea al da? Nik esango nuke adinekoek pluralean erabiltzen dutela kasu guztietan.

Festen "izera anitz" hau ulertzeko adibide polit bat "ezteiak" dira. Ezkontza eta boda izan daitezke singularrak, baina "ezteiak" beti pluralean erabiltzen da, ezkontza bakarrari buruz ari garenean ere.
2013/02/14 14:36
Aitor Gorostizak <dantzan> posta zerrendan esandakoa:

Violet Alfordek ere aipatzen zuen plurala erabiltzeko ohitura, "ENSAYO
SOBRE LOS ORIGENES DE LAS MASCARADAS DE ZUBEROA" artikulu hartan:

"Escribo mascaradas en plural por estar establecida esta costumbre y
en efecto en cada grupo hay siempre dos bandos"

Hemen duzue artikulua, Pedro Garmendia Goyetchek itzulita:
http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/riev/22/22373396.pdf
2013/02/14 16:24
Marcel Bedaxagarrek ere halaxe esan digu: "Enetako maskaradak lütükek, beltzak eta gorriak direlakoz. Beti hola entzün diat".

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.