Dokumentuaren akzioak
Kakoletan, Maritzuliren jantzi erakusketa berriz ere Baionako katedralaren kalostran

Azken urteetako udetako hitzordu arrakastatsuenetakoa izan dira Maritzuli konpainiak Baionako katedralaren kalostran jarri dituen jantzi-erakusketak ikusgarriak. Iazko hutsunearen ondoren, 2025eko irailean berriz ere euskal tradizio eta historiako jantziz atonduta ageri da katedralaren kalostra. "Kakoletan – Hari eta orratzen balada" izena jarri diote Maritzuliko Jon Olazkuaga eta Claude Iruretagoiena dantzari-jostunek aurtengo erakusketari.
XIX. mendearen aldaketan sortu zen erromantizismoan, tokiko kolorearekiko zaletasunak eta irudi pintoreskoen erakargarritasunak grabadurari eta litografiari gaiak eskaini zizkieten aukeran, 1830etik aurrera arrakasta lortzen lagunduz. Naturara itzultzeko bultzada batean eta landa eremuarekiko harreman berri batean, marrazkilari anitzek Pirinioetako paisaiak jendarteratu zituzten. Tokiko nortasun eta berezitasunei balioa emanez, artistek eskualdeko jantzien kontzeptuaren agerpenean parte hartzen dute, herrien bereizgarri gisa. Izan ere, bai hemen eta bai beste leku batzuetan ere, janzkera-moduen ugaritzeak eta beren hedapen desorekatuak nahasketa jakintsu eta zaporetsuak sortzen dituzte, jantzi tradizionalekin nahasirik. Behin eta berriz berritua den itxurazko lehia batean, bakoitza eguneko modaz jabetzen da, hala ere, nortasun kultural bereizgarri berezi batzuk atxikiz, oporretan datozten bidaiariak liluratzen dituztenak.
Kakoletak
Zaldi, mando edo astoen gainean jartzen ziren otar handiak dira kakoletak, karga zein pertsonak eramateko erabiltzen zirenak. Lan tresna izatetik aisialdi objektua izatera pasa ziren kakoleten bideari segiz, "Kakoletan – Hari eta orratzen balada" erakusketak Landetatik Miarritzera ibilaldia proposatzen du, Baionan geldialdia eginez, jendarte aldaketa, bizimolde eta jantzi molde berrien zabaltzeak bilduz bidean eta baserri eta hiriko jantzi modaren harremana aipatuz. Tokiko pertsonaiak eta figurak, erromantizismo garaian goraipatuak izan ziren bezala ageri dira erakusketan: dantzariak, baserritarrak, merkatuko giroa, arrantzale eta batelerak...
1820 eta 1860 bitartean kokatu duten ibilbidean, hiriko moda irudien ereduak eta probintzietako erabilerak ageri zaizkigu aurrez aurre. Erromantizismoaren garai horretan, moda historiko horien bilakaera eta Baionako eskualdeko eguneroko janzkeran duten eragina agertzen ditu erakusketak, grabatu, akuarela eta artxiboetan gorderiko margolanen interpretazio lan xeheari esker. Lehen turista eta baionar, zein pertsonaia pintoresko edo gure nortasunaren lekukoen arteko begirada joko honek Erromantizisimo garaiko Euskal Herrira eramango du ikuslea.
Erakusketa: Kakoletan – Hari eta orratzen balada
- Non: Baiona, Katedraleko kalostra
- Noiz: 2025eko irailaren 11tik urriaren 2ra. 9:00-12:30 eta 14:00-18:00. Irailaren 21etik aurrera, arratsaldetan, 17:00ak arte.
Dokumentuaren akzioak