Dokumentuaren akzioak
Olentzero, Fito eta euskal dantzari bat Margo Cilker-en bideoklipean
Margo Cilker kantari estatubatuarra da, Oregonekoa zehazki, baina Euskal Herrian izan zen ikasten orain urte batzuk eta hain arrasto sakona utzi zion egonaldiak euskal erreferentziak ageri direla bere lanean. The River kantaren bideoklipean Olentzero, Fitoren diska bat, frontoi bat eta euskal dantzari bat ageri dira besteak beste.
Oinkariko dantzaria Jordan Valleyn
Jaclyn Lasuen da bideoklipean ageri den euskal dantzaria. Boiseko (Idaho, AEB) Oinkari dantzari taldeko kidea da Lasuen eta 2019an Korpus dantzak Boiseko San Inazio festan egin zituen lehen emakumeetakoa izan zen.
Frontoi batean ageri da dantzan Jaclyn Lasuen. Frontoi hori Jordan Valleyn dago, Oregonen. Euskal etorkinak nagusi ziren Jordan Valleyn orain 100 urte eta garai horretan eraiki zuten frontoia. "Jordan Valleyko Frontoia. 1915. Restored 1997. Danok etorri" irakurri daiteke frontoiaren ezker paretean.
Horrez gain bideoklipean ere agertzen den "Basque Station Motel" dago Jordan Valleyn. Kantuan aipatzen du Cilkerek hotel hori: "Took a room at the old Basque hotel, It was a kind of a prayer when her eyelids fell, one saying" dioenean.
Olentzero, Fito eta Pohoryllle
Oregoneko landa zabaletan errepidean gidatzen ageri zaigu Margo Cilker kantaria, Jordan Valleyra bidean, halako batean errepide ertzean barrika batekin dagoen Olentzero topatzen duenean. Barrika eta Olentzero kotxean sartuta jarraitzen diote bideari. Kotxean Fito & Fitipaldis-en diska erakusten dute eskuan. Forrest VanTuyl-ek egin zituen Olentzero lanak bideorako.
2013an Unibertsitate ikasketak Euskal Herrian egitera etorri zen Margo Cilker eta euskal kulturarekiko interesa piztu zion egonaldiak eta bertan bildutako erreferentziaz dago josita diskoa. Izenburua bera Donostiako Pohorylle dendatik hartu zuen, hain zuzen Gerda Taro (Gerta Pohorylle benetako izenez) argazkilari aitzindariaren omenez. Hemen That River kantuaren bideoklipa:
Dokumentuaren akzioak