Lurdes Iriondo pastorala eskainiko dute sohütar eta hokiarrek uztailean
Lurdes Iriondo (1941-2005) kantariari eskainiko diote 2026ko udako pastorala Sohütan. Intza eta Leire Casamajou Elkegarai ahizpek idatzi dute obra. Guztira, 80 bat sohütar eta hokiar ariko dira parte hartzen, bai taula gainean eta bai antolakuntza lanetan. Battitta Berrogainek egingo du errejent lana, dantza zuzendari lanetan Fabrice Pinke aritu da, kantu arduradunak Pascale Elitxondeborde eta Jean Louis Bidabe Aranburu dira.
Pastoralaren hiru emanaldi izango dira: uztailaren 19an, 15:30ean; uztailaren 24an, 20:30ean; eta uztailaren 26an, 09:30ean. Dagoeneko salgai dira sarrerak.
Iriondo oholtzaren erdigunean
Pastoralak euskal kantagintza berriko aitzindarietako baten bizitza eta ibilbidea eramango ditu oholtzara. Ez Dok Amairu mugimenduko kide eta sortzaileetako bat izan zen Iriondo, eta haren ekarpena kantagintzatik harago joan zen: euskararen aldeko lana, kulturaren bidez erakutsitako konpromisoa eta emakume kulturgile gisa ireki zuen bidea izango dira kontakizunaren ardatz nagusiak.
Egileen esanetan, Iriondo hautatzeko arrazoietako bat izan da euskal kulturaren eta hizkuntzaren alde egindako lana. Kulturak eraldaketa sozialerako eta herri baten kontzientzia pizteko duen gaitasuna azpimarratu nahi dute, eta Iriondo horren adibide esanguratsua dela uste dute.
Pastoralak leku berezia emango die Iriondoren kantuei eta Ez Dok Amairu mugimenduaren ekarpenari. Egileen ustez, garaiko kantuek metaforaren bidez adierazten zituzten zapalkuntza, injustizia eta askatasun nahia, eta testuinguru hartan kulturak funtzio politiko nabarmena izan zuen.
Lurdes Iriondo berriz ere lehen lerroan
Azken hilabeteetan hainbat ekimenek ekarri dute berriro Lurdes Iriondo lehen lerrora. Horien artean daude Jon Martin Etxebesteren Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa liburua, Lore Jainagaren Lourdes Iriondo, bide-urratzailea liburua eta Inge Mendiorozek zuzendutako Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentala. 2026ko Sohütako pastoralak ere memoria ariketa horri beste ekarpen bat egingo dio, euskal kulturaren eta kantagintzaren erreferente izan zen emakumearen figura oholtzara eramanda.
Lurdes Iriondo Pastorala
- Uztailaren 19an, 15:30ean
- Uztailaren 24an, 20:30ean
- Uztailaren 26an, 09:30ean.
Dantzan