Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Dokumentuaren akzioak

Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

2024/02/23 07:10
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Sibastarrak pastorala, Urdiñarbe, 2023-08-06. Argazkia: Amaiur Aristi Arregi - Dantzan CC-BY-SA

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki, dantza, musika eta koplen bidez.

Argi dago Zuberoan mendeetako historia duen antzerki-genero hau bizi-bizirik dagoela. Ikusten da tresna ona dela kohesio sozialerako; pastoraletan herritarrak batzen dira, dantza, musika eta euskara ardatz harturik, eta hainbat pertsonen bizitza eta historia ezagutu eta zabaltzen dute. Zuberoan ez ez ezik, Euskal Herriko beste zenbait lekutan ere erakargarri dela eta funtzionatzen duela nabarmena da.

Matalaz, matxinatuen buruzagi apaiza

Bernard Goihenetxe “Matalaz” (Mithikile, ? - Lextarre, 1661) apaizari buruzko pastorala egingo dute Oilarrak abesbatzaren 30. urteurrena ospatzeko. 1661an Zuberoak laborariek nobleziaren eta Mauleko burgesiaren aurka hasi zuten matxinadaren burua izan zen. Zuberoako laborariak Frantziako erregeak bidalitako tropen aurka borrokatu ziren. Borroka galdu ondoren Matalaz eta haren gertukoak atxilotu eta Mauleko gaztelura eraman zituzten. Burua moztuta hil zuten Matalaz Lextarreko plazan.

Etxahun Iruriren Matalaz pastorala 1955ean aurkeztu zen Eskiulan eta testu horietatik abiatu dira Oilarrak taldeko kantari eta Musikalde taldeko musikariak, Battitta Berrogain ari da errejenta. Matalaz pastorala martxoaren 23an Urdiñarben, apirilaren 6an Mitikilen eta apirilaren 13an Baigorrin ikusi ahal izango da.

Matalaz pastorala
Matalaz pastoraleko mustraka. Argazkia: Xiberoko Botza

Julia Fernandez Zabaleta, maistra aurrerakoi eta abertzalea

Iruñean Julia Fernandez Zabaleta (1898 – 1961) pastorala prestatzen ari dira. Iruñean jaio eta bertan egin zituen irakasle ikasketak Fernandezek eta Maria Montessori pedagogo italiar ospetsuarekin Bartzelonan ikasteko aukera izan zuen ondoren beka bati esker. Bere bizitzan nabarmentzekoak dira euskal kulturaren eta euskararen sustapena, emakumeen eskubideen aldeko borroka eta pedagogiaren berrikuntzan eginiko lana. Iruñeko Emakume Abertzale Batzako buru izan zen. 1936an maistra lanetatik bota zuten arrazoi politikoengatik eta hainbat urte erbestean egin zituen. Iruñean hil zen, 1961ean.

Iruñeko Zaldiko Maldiko elkarteko kantore taldeak duela pare bat urte abiatu zuen dinamika da pastoral txiki hau. Formatu txikian eta xumean aurkeztuko da oholtzan Ihitz Iriartek zuzentzen duen pastorala. Artxibo eta testigantza bilketa potoloa egin dute eta Mikel Taberna eta Kike Diez Ulzurrun arduratu dira testuaz.Pastoral honen prestaketa lanen bidez Julian Fernandez Zabaletaren inguruko informazioa jaso da, orain arte nahiko itzalean egon dena, eta orain publikoari erakutsiko zaio maiatzaren 4an eta 12an Iruñean.

Inesa Gaxen, sugarretatik salbatu zen sorgina

Inesa Gaxeni (Bastida, 1566 - Lapurdi, XVII. mendea) buruzko pastorala plazaratuko da Xarnegun. Sorgin izateaz akusatu zuten Gaxen eta sorginkeriagatik bitan giltzapetua izan zen. Bordeleko parlamentuan epaitu zuten hemezortzi urte zituela; libre utzi zuten. 1611. urtean, haur batzuek sorgina zela esan eta preso hartu zuten berriro ere, beste emakume batzuekin batera. Hondarribiko epaiek Logroñoko Inkisizioaren eskuetan utzi zuten auzia, espero ez bazen ere, kargurik gabe utzi zuten. Hondarribiko herritar askok ez zuen epaia onartu, eta, azkenean, Hendaiako mugan utzi zituzten Inesa Gaxen eta beste emakumeak.

Xarnegu eta inguruetako bederatzi herri ekainean batu ziren pastorala egiteko asmotan. Pantxika Urruti pastoral zuzendariaren eskutik iritsi zen proposamena eta ideia gauzatzeko Xarnegu Pastorala elkartea sortu zuten, zonaldeko 15 bat kide biltzen dituena. Bastida (NB), Ahurti (L), Erango (NB), Bardoze (L), Burgue-Erreiti (NB), Bidaxune (NB), Akamarre (NB), Gixune (L) eta Samatzeko (NB) herritarrak dabiltza lanean.

Xarnegu zonaldea Lapurdi eta Nafarroa Behereko eskualde geografiko bat da, eta bereizgarri du historikoki elebiduna izan dela, mendeetan zehar euskarak eta gaskoi okzitanierak elkarrekin biziraun dute. Beraz, pastoralean euskara eta gaskoiera nahastuko dira, euskaraz idatzi du pastorala Itxaro Bordak, eta bertan badira Sergi Javaloyesek gaskoieraz idatzi dituen zatiak. Ekainaren 15ean eta 16an Bastidan eta irailaren 21 eta 22an Bardozen emango dute.

Ligetx koplakariak
Ligetx koplakariak pastoraleko mustraka. Argazkia: Xiberoko Botza

Ligetx koblakaria(k), Ligetx anai-arreben bizitza

'Ligetx koblakaria(k)' pastorala prestatzen ari dira Gamere-Zihigako herritarrak. Luis Ligetx (Larraine 1901 - Zihiga 1940) koblakari larraintarraren biziari buruzkoa da antzezpena. Larrainen jaio, baina Zihigara ezkondu zen. Laborari  lanbidez, koblakaria eta idazlea ere izan zen. Etxahun Iruriren irakasle izan zen. Etxebestek ikusi zuen emakume kargu gutxi zirela eta Luisen arrebari ere protagonismoa ematea proposatu du. Beraz, hura ere koblakari gisa arituko da oholtzan. Horretarako, artxibo eta paperetan arrebari buruzko informazio askorik ez denez, fikzio pixka bat gehitu dute.

Zuberoako pastoral honetarako Gamere-Zihigako laurogei bat herritar ari dira lanean. Beñat Larrorik idatzi du testua eta Xantiana Etxebest dabil zuzendari edo errejenta lanetan. Uztailaren 28an eta abuztuaren 3an antzeztuko dute Gamere-Zihigan.

2024ko Pastoralak

  • Martxoak 23, larunbata, Urdiñarbe (Z): Matalaz
  • Apirilaren 6, larunbata, Mitikile (Z): Matalaz
  • Apirilak 13, larunbata, Baigorri (NB): Matalaz
  • Maiatzak 4, larunbata, Iruñea (N): Julia Fernandez Zabaleta
  • Maiatzak 12, igandea, Iruñea (N): Julia Fernandez Zabaleta
  • Ekainak 15, larunbata, Bastida (NB): Inesa Gaxen
  • Ekainak 16, igandea, Bastida (NB): Inesa Gaxen
  • Uztailak 28, igandea, Gamere-Zihiga (Z): Ligetx koblakaria(k)
  • Abuztuak 3, larunbata, Gamere-Zihiga(Z): Ligetx koblakaria(k)
  • Irailak 21, larunbata, Bardoze (L): Inesa Gaxen
  • Irailak 22, igandea, Bardoze (L): Inesa Gaxen

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.