Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Kultura Plana eta dantza (I)

Dokumentuaren akzioak

Kultura Plana eta dantza (I)

2004/09/30 01:34

Kulturaren alor askotako ordezkaritza zabala zegoen han, 600 gonbidatu inguru omen ginen. Dantzarien ingurukoak ere baziren zenbait: Juan A. Urbeltz, Iñaki Irigoien, Edu Muruamendiaraz, Xabier Mendizabal, Jose Inazio Beitia, Aitor Beitia, Sabin Ipintza, Gaizka Benguria, Josu Mujika, e.a.

Hiru urtez eta kulturaren munduko 300 lagunen partehartzearekin burutu da plana. Lan horren emaitza, eta azken batean, datozen urteotan Eusko Jaurlaritzak kultur kudeaketarako erabili beharko plana aurkeztea zen helburua. Bost lagunek jardun zuten zeregin horretan aurkezle-mahaitik: Gurutz Larrañaga (Jaurlaritzako Kultura Sailburu ordea), Miren Azkarate (Kultura Sailburua), Andu Lertxundi (idazlea), Aurkene Alzua (irakaslea) eta Juan Jose Ibarretxe (Lehendakaria).

Aurkezpenean planaren ildo nagusiak aurkeztu zizkiguten, baina liburuskarekin etxera iritsi eta orriz-orri arakatu arte ezin ondorio handirik atera. Hori bai, zenbaitek genuen sentsazioa zera zen, plana egiteko jende askorekin kontatu zutela esan zutela, baina “gurekin” behintzat ez dutela kontatu, eta behin partehartzera irekitzen hasita ez dela ondo ulertzen zergatik zirkuloa ez zuten gehiago zabaldu. Bigarren barne-ustea zera da, plana bikaina izan daitekeela, baina gero hori gauzatzeko beharrezko baliabideak, dirua azken batean, jartzen ez bada, alper-alperrik dela.

Ordubete iraun zuen aurkezpenak, eta gero modako pintxo txiki-txiki horietako pila bat jateko aukera izan genuen, berriketa eta sabel-betetzea neurrian tartekatuz.

Etxera bueltan liburua irakurtzen hasteko tartea izan nuen. Oraingo egoeraren diagnosia egiten duten orrien artean diru-kontuak atentzioa deitzeko modukoak iruditu zitzaizkidan, batez ere munduari dantzaren optikatik begiratzen diogunontzat. Eusko Jaurlaritzak alor bakoitzera bideratzen duen dirua zerrendatzen zen, eta dantza, anaia pobrea dela esaten dugunontzat konfirmazioa. Handitik txikirako ordenean jarri ditut alor guztiak, eta ez dut batere kendu, hau da, azkena dagoena txikiena delako da... Hara datuok:

Eusko Jaurlaritzaren gastu publikoa (miloi euro)

  • EITB 98.60
  • Hizkuntza politika 32.90
  • Museoak, arte ederrak eta erakusketak 13,61
  • Musika 8,55
  • Zinema 4,21
  • Arkitektura eta arkeologia ondarea 3,56
  • Liburutegiak 2,09
  • Antzerkia 1,81
  • Agiritegiak 1,03
  • Liburuaren sustapena 0,83
  • Arte plastikoak 0,52
  • Dantza 0,47

Dantzaren alorrean azpiegitura, formazio-sistemak, dokumentazio-zentro, sormenerako laguntza, hedapenerako zirkuito eta beste kontu guztietan egoera penagarria dela jakiteko ez dago ikerketa handirik egin beharrik. Administraziotik orain arte bideratutako diru-kopuruak ikusita nabarmena da baita ere egoera horri buelta emateko benetako asmorik ez dela izan orain arte. Abiapuntuan gauzak horrela badaude, begibistakoa da gutxi beharko dela “hobera” egiteko. Okerrerago nekez joango baita kontua.

Baina ez gaitezen aurreratu, momentuz hemen utziko dut. Txostena irakurri eta jarraituko dugu hizketan. Aurkezpenean jakinarazi zutenez Internetez irakurri ahal izango da kultura plana, ondoko helbidean: www.euskadi.net/kulturaplana

Dokumentuaren akzioak

asier
2004/09/30 17:49

> Baina ez gaitezen aurreratu, momentuz hemen utziko dut. Txostena irakurri eta jarraituko dugu hizketan. Aurkezpenean jakinarazi zutenez Internetez irakurri ahal izango da kultura plana, ondoko helbidean: "www.euskadi.net/kulturaplana":www.euskadi.net/kulturaplana

Oier, lotura ez dabil ondo. http:// falta.


2004/09/30 18:03


Eskerrik asko Asier, konpondu dut!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.