Dokumentuaren akzioak
Kabalkada eta Paisola Idek! libertimendua Donapaleun
Donibane Garazin azken urteotan inauteri giroan antolatu den Libertimenduaren ideia bere egin eta plazaratu dute aurten Donapaleun. Hona antolatzaileek ekitaldiaren aurkezpenerako prestatuko testua:
Donapaleu: Libertimendua: Paisola idek!
Donibane Garaziko ohidura berriari jarraikiz, Amikuzen ere, 40 bat gazte ari dira lan eta lan azken hilabeteetan. Dantzariak, Burgaintzi taldekoak gehienak, antrexantetan trebatzen ari dira serioski, eta beren usaiako erakustun Jean Marie Elgart eta Léon Ithurriague-z bestalde, Xabi Aintziburu, sortzez Luzaidarra dugun Donapauldarrak ere jarraitzen ditu. Alabaina, denek dakigu, nihun baxenabartar kabalkadaren ohidura atxiki bada, hori Luzaiden dela. Zirtzilak ere beren aldetik ari dira antzerki puska zonbaiten prestatzen. Libertimendu hunen ideia Kitzikazank antzerki taldeak bultzatua du eta horgo antzerkilarieri gazte andana airos bat juntatu zaie bi irriren egiteko parada bazela ikusirik.
Eta gaia, ez dute entrebalekoa hartu : « Paisola idek ! » Fermin Muguruzaren kantu baten titulua iduri badu ere, jadanik sendi dukezue ez dela arrailleria eskas izanen (bestela ez du balio zirtzilen jalitzea). Alabaina, azken urtean paisolaren beharra suertatu zaigu frango alditan, euria euriaren gainean egiten baitu alde batetik, baina ere sekulako berri txar erauntsia aurtikitzen baitaukute gainera krisi ekonomikoa dela kausa. Aterbean jartzea dugu premiazkoena, eta hortarako zirtzilek zenbait aholku emanen dauzkigute. Bo, ez dute burua sobera berotzearen beharrik izan, engoitik euskaldunak berri txarreri usatuak baigira, eta beharrorduan baitakigu ere beso puntan fermu atxikiz, paisola tresna xarmanta dela gure buruen zaintzeko, duela urtea orain ikusi ahal izan ginuen bezala argazki zonbaitetan. Azken finean, gure buruez irri egitea (besteak ahantzi gabe halere) da atzeman dugun erremediorik hoberena erauntsi pean bustia izanagatik osagarrian jarraitzeko… Ideia horiek buruan eta paisol bat eskuan, zirtzilek antzerki eta mugimendu berezi batzu prestatu dituzte, koregrafientzat Iñaki Etxeleku-ren laguntza estimagarria ukan dutelarik, (zirtzilen dantzan arraraztea, berez, performantzia bat baita deia !).
Gomita luzatua zauzue beraz, Donapaleura jiteko Martxoaren 1ean, igande goizeko 10etarik aitzina. Kabalkada abiatuko da igerilekutik, Donapaleun sartuko Biduzako zubian barna, eta zentroaren itzulia egin ondoan sentsu bakarreko bidetik, merkatu lekuko plaxotean geldituko 11etan, libertimendua eskaintzeko. Hor, aldizka, dantzariak, zirtzilak eta bertsulariak, zoinek hobeki entseatuko dira gure
lilluratzera, kitzikatzera eta (agian) gustaraztera. Ondotik mutxikoak eta jauziak denen artean.
Dokumentuaren akzioak