Dokumentuaren akzioak
Joseba Sarriegi: “Futbola eta dantza betidanik gustatu izan zaizkit, eta inoiz ez dio eragin batak besteari”
Joseba Sarriegi ezpata-dantzariekin prozesioan, Loinazko San Martin ezpata-dantza, Beasain, 2022-05-30. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
Aitaren bideari jarraipena eman dio Joseba Sarriegik (Beasain, 1994), aurreko belaunaldietatik jasotako Beasaingo dantzak ondorengoei erakusten aritzen baita. Beti izan da berezia Loinazko San Martin ezpata-dantza berarentzat, are bereziago aita falta denetik. Xabier Sarriegi Paxatxo dantza maisua aurreko urtean hil zen, baina jarraipena ederki lotua zuen ordurako. Dantza eta transmisioa ardatz dituen eta Sarriegi aita-semeak protagonista hartu dituen Azken dantza maisua dokumentalaren estrenaldia ate joka dugu.
Nola bizi duzu gaurko eguna?
Egun berezia izan da txikitatik eta urteak pasa ahala bereziago izatera pasa da, sentimentalki ukitzen bainau. Gaurko egunez dantzan 8-9 urterekin edo hasiko nintzen. Aita zen dantza maisua eta berak erakusten zuen. 12 urtera arte edo egin nuen, kapitain ere izan nintzen.
Eta orain erakusten.
Aitari bi edo hiru urtez lagundu nion eta hona ere etorri nintzen berarekin, eta, gero, lehengusinarekin eta batera urte batzuk badira hemen gabiltzana. Taldetxo bat aritzen gara haurrak prestatzen. Aitak berak hartzen zuen ardura guztia eta orain taldean banatzen ditugu lanak.
Entseguak prestatzeko modu berezia duzue ezta?
Lizeoko portxeetan entseatzen dugu. Astelehenetik ostegunera 17:30-18:30 irakasleak han egoten gara eta umeak nahi dutenean etortzen dira.
Bi urte dira San Martinen ez dela dantzatu, eten horrek eraginik izan du gaztetxoengan?
Bi urteetan saiatu gara guztiz ez uzten. 2020an balkoietatik aritu ziren gazteak eta urreko urtean erakusten aritu ginen, beste modu batera, txandak eta mugatuta denak kolpez ez etortzeko.
Dantza transmititzeko zuen moldea erakutsiko duen dokumentala estreinatuko da ostiralean eta zu protagonista.
Bai, Mikel Alvarez lehengusuak proposatu zidan. Ukitzen nauen eta mugitzen nauen gaia da, baina lehengusua izan da eta jakinda berarekin egingo nituela grabazioak, urduritasunak urduritasun, animatu egin nintzen; bukaerako emaitza oso polita izango zela dudarik ez bainuen egiten.
Zu dantzari eta futbolari bezala agertuko zara. Bateragarriak al dira dantza eta futbola?
Futbola eta dantza betidanik gustatu izan zaizkit, eta inoiz ez dio eragin batak besteari. Agian bizitzan zehar futbol gehiago egin dut, baina dantza egin dudanetan eta erakutsi behar dudanean ba gustura asko egiten dut.
Herrian jendea dokumentala ikusteko zain-zain egongo da ba?
Bai, bai, jende askok esan dit teaser eta trailerrak ikusi dituztela eta gogoz daudela ikusteko. Polita da hori, baina geroz eta urduriago jartzen ari naiz. Egunak hurbiltzen joan ahala uste dut sumatuko ditudala tripan mugimenduak.
Dokumentuaren akzioak