Dokumentuaren akzioak
Jon Oñatibiaren Erri-dantza, 40 urteren ondoren berriz plazan
XX. mendean hainbat ahalegin izan dira "euskal dantza nazional" bat ezartzeko. Sabino Aranak Durangaldeko ezpata-dantza hautatu zuen horretarako, eta Eusko Gaztedik praktikan jarri zuen. Errepublika garaian, Aita Donostiak Baztango mutil-dantzak proposatu zituen eta eskoletan erakutsi behar zirela defendatu zuen. 1970eko hamarkada hasieran, Jon Oñatibiak (Bidegileak, pdf) Erri-dantza sortu eta plazaratu zuen, izenean bertan adierazi moduan, euskal herritarren dantza
Mutil-dantzak abiapuntu
1970ean, euskal musikaren panorama irauli zuen Ez Dok Amairu taldeak ikuskizun berria aurkeztu zuen: Baga, biga, higa zuen izena, ikuskizun baino, sentikari bezala izendatu zutenak. Sentikaria hasi eta bukatzeko, taldeko partaideek eta ikusleek ere egin zezaketen dantza bat proposatzen zen. Baztango bi mutil-dantza ziren, hiru puntukoa eta billantziko. Jose Mari Irastorzak txistua jo, eta Ez Dok Amairuko zenbait kide ateratzen ziren oholtzara dantzara, Argiako zenbait dantzarik lagunduta.
Modan lehengo, ahaztua ondoren
Lehen urteetan zabalkunde handia izan zuen dantzak, eta hainbat talde eta herritan irakatsi zen. 70eko hamarkada bukaeran ordea, larrain-dantzak hartu zuen protagonismo osoa eta Erri-dantza albora geratu zen. Hainbat hamarkadetan plazetatik desagertuta izan da, baina azken urteotan hasi da berriz ere plazaratzen. Oñatibiaren omenezko ekitaldietan, Donostiako eta Oiartzungo txistularien doinuetan edo Donostiako Herri-dantza saioetan ere ikusteko aukera izan da azken aldian.
Dokumentuaren akzioak
Bestalde, dantzak berak uste dut bide motza egin zuela. Hasieran oihartzun apur bat izan zuen, baina oso azkar geratu zen alboratuta eta oraintsu arte ez da apenas erabili izan. 2011n Jon Oñatibiaren jaiotzaren 100. urteurrena zela eta Musikasten hitzaldia (Jose Luis eta Jose Inazio Ansorenak) eta beste zenbat ekitaldi antolatu ziren, eta badirudi bere lanetako batzuk berpizten lagundu duela horrek.