Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Joan zaizkigun dantzariei azken agurra

Dokumentuaren akzioak

Joan zaizkigun dantzariei azken agurra

2012/12/28 11:45
Joan zaizkigun dantzariei azken agurra

Katto Axeri-dantzan kapitain lanetan. Argazkia: Aiurri.

Katto, axerien kapitaina

Katto eta Juantxo ArregiJuan Antonio Amilibia Ezeiza andoaindarra, bi semeren aita, kirolzalea eta kultur eta saltsa askotako bultzatzailea zen. Uztailaren 29an hil zen, Benasque inguruan, mendian zebilela, erori eta amilduta. 46 urte zituen. Kolpe itzela bere familia, lagun eta inguruko guztientzat, eta  zer esanik ez Andoaingo axeri-dantzaren elkartekoentzat. Axeri-dantza bizirik iraunarazi duen Juantxo Arregi kapitainak 2009an erretiroa hartu zuenean Kattok hartu zion erreleboa. Dantzaria ez zela zioen berak, festa eta tradizio ederrak erakarrita iritsi zela axeri-dantzara, baina axeri-dantzaren antolaketa eta bultzatze lanetan erakutsitako aldarte alai eta ekintzaileak inguruko guztiak seduzitu zituen, eta bere burua dantzaritzat ez izan arren, kapitain horren esanetara dantzatzeaz harro egotera eraman zituen axeri-dantzariak.

 

Iñaki Zubeldia, Lizartzako dantza-maisua

Inauteri dantzak Lizartzan, 2004. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC by-saIrailaren 22an hil zen Iñaki Zubeldia Aierbe, Lizartzako inauteri dantzak bizirik mantendu eta luzaroan utzita egon ondoren, inauterietan berriz dantzarazi zituen gizona. 76 urte zituen Iñaki Zubeldiak. XX. mendeko bigarren erdian, Iñaki Zubeldiak egin zituen Lizartzako dantzari talde belaunaldi desberdinen arteko zubi-lanak, eta berak irakatsi zizkien belaunaldi berriei Lizartzako dantzen inguruko xehetasun guztiak. Dantzak bideoan eta doinuak diskoan grabatuta geratu zitezen arduratu zen, baina batez ere, inauteri dantzei luzaroan segida emango zion lagun taldea prestatuta utzi zuen Otsolar dantza taldean.

 

Nicolas Barneix, Santa Graziko zamaltzaina

Nicolas BarneixAzaroaren 2an, auto istripuz hil zen Nicolasi Barneix, Santa Graziko maskaradetan liluratu gintuen zamaltzain gaztea. 25 urte zituen. Zuberoako dantzari bikainenetakoa zen Barneix, indartsua eta dotorea. Santa Graziko maskaradetan, Amaiur ikusgarrian eta beste hainbat emanalditan erakutsiak zituen bere dantzari dohainak, eta oraindik beste hainbat urtetan bizitzaz eta dantzaz gozatzeko adinean utzi gintuen Nicolas Barneix-ek.

 

Jaime Brown Heguy, euskal-amerikar dantzaria

Jaime Brown HeguyAbenduaren 4an zendu da Jaime Brown Heguy, Los Banos, Kaliforniako euskal dantzari gaztea. 19 urte baino ez zituen, baina euskal amerikar komunitatean oso aktiboa zen, bai Los Banos-eko euskal etxean eta NABO-ren Udalekuan parte hartuz. Dantzaria zen Jaime Brown Heguy, euskal dantzaria Ameriketan, eta dantzaz, musikaz eta kantuz agurtu zuten Estatu Batuetako mendebaldeko hainbat txokotatik Los Banosera hurbildu ziren ehunka lagunek.

Dokumentuaren akzioak

2012/12/28 17:48
Antton Irizar idiazabaldarrak ere otsailaren 15ean utzi gintuen, gaixotasun bat medio, 55 urte zituela.

Antton Idiazabalgo Axari dantza taldearen sortzailea izan zen eta 1979tik 1988ra bitartean aritu zen taldearen arduradun. Alkate kargua hartu zuenean utzi egin zuen dantza taldea eta bi hamarkada egin zituen alkatetzan.
Alkate zela aurresku gisa dantzatu zen lehenbizikoz Idiazabalen berreskuratu zen Agintarien soka-dantzan, 1997an.

http://goierrimendebaldea.hitza.info/[…]/

http://goiberri.hitza.info/[…]/
2012/12/28 18:01
Aurtzaka dantza taldeko sortzaileetako bat ere joan den otsailean zendu zen, 59 urte zituela: Raimon Gamaio.

Gure webgunean aipamenak egin genizkion:
http://www.dantzan.com/blogak/aurtzaka/adiorik-ez-raimon
http://sallekoadiskideak.aurtzaka.com/

Eta igartzako dantzarien egunean omendu genuen:
http://www.dantzan.com/[…]/ezpata-andaluziarrak-eta-euskaldunak-igartzan

2013/01/03 10:58
2012ko martiaren 28an Jesus Altuna "Dima", Dantzari Dimoztarra joan zan gure artetik 66 urte zeuzkala. Andra Mari Eusko Dantzari Taldean urteetan ibilitako dantzaria. Beti talde txikien arduradun moduan ezagutu izan dogun arren, talde nagusian be dantzari trebea gendun.
Askok gogoan dogu nola uda partean Gorbeialdeko Arrabara eroaten ginduzan egun batzuk pasatzera eta zelan egunero-egunero, goizean goizetik jagi eta Villarora arte bajatzen zan oinez eta bueltan igon barriro, gu danontzat labatik harako ogia ekartzen.
Gizon ona, langilea, dantzaria, Euskotarra eta Abertsalea!!!!!!!
http://www.dantzan.com/[…]/image_large

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.