Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jabier Larralde, Arizkungo txistulari eta dantza-maisua zendu da

Dokumentuaren akzioak

Jabier Larralde, Arizkungo txistulari eta dantza-maisua zendu da

2022/03/25 13:35
Jabier Larralde, Arizkungo txistulari eta dantza-maisua zendu da

Jabier Larralde, Arizkunen sagar-dantzan jotzen, 2008ko inauterietan. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan (cc) by-sa

Txistulari eta dantza-maisu baztandarren segidan katebegi garrantzitsua izan da Jabier Larralde Ustariz (Arizkun, 1927-2022) baztandarra 94 urterekin hil da. 1927ko abuztuaren 30ean Enekonea izeneko etxean sortu zen. Amaren aldetik aitona txistularia izan zuen, Juan Leon Ustariz, besteak beste 1888ko Bartzelonako erakusketa unibertsalean Baztango dantzariekin txistua jotzen izandakoa. Jabier Larralde Antonio Elizalderekin hasi zen txistua jotzen ikasten hamar urte zituela eta hamalau urterekin hasi zen plazan jotzen. Antonio Elizalderekin ikasi zituen bai doinuak, bai dantzak, hala nola Baztango mutil-dantzak. Klarinetea ere ikasi zuen eta Amaiurren aritu zen, bai txistulari eta bai klarinetearekin jotzen Ameriketara artzain joatea erabaki zuen arte. Bost urte egin zituen Estatu Batuetako mendebaldean artzain eta handik bueltan txistuarekin segitu zuen Baztango hainbat herritan joz eta Elizondon txistulari ardura izanik bost urtez.

Jabier Larralde jotzen, Patxi Larralde dantzan
Jabier Larralde txistua jotzen eta bere seme Patxi Larralde dantzan, Iruñean, Burgoen plazan, Ezpalak jaialdian, 2010eko maiatzaren 29an. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan (cc) by-sa.

1971an Maurizio Elizalde eta Felix Iriarte txistularien doinura mutil-dantzari taldea antolatu zen Baztanen eta dantzari aritzen zen bertan Jabier Larralde. 1974an TVErentzat egindako grabazioan soka-dantza berpiztu zuen taldean aritu zen. Josefa Garbalena arizkundarrak irakatsi zien dantza. Arizkungo Gaita edo Muxike izenekoa ikasi zuen taldeak eta hor kalrinetea jotzen zuen Jabierrek, Maurizio eta Felixekin batera. 1975ean dantzari-txiki taldea antolatu zuten eta dantzari eta soinulari aritu zen bertan Larralde. Dantzari-txikiak handitzean nagusien taldean sartu ziren eta 1980an Elkartasuna izena eman zioten. 1991an Baztango Folklorea diska grabatu eta liburuska osatu zuten Jabier eta Patxi Larralde aita-semeek Bizkai euskal folklore elkartearen laguntzarekin, eta bertan jasotako aurkezpeneko hitzekin osatu dugu aurreko lerroetako Jabier Larralderen ibilbidea.

Maurizio Elizalde eta Felix Iriarterekin batera hamaika emanaldi eta dantzalditan parte hartu zuen Jabier Larraldek, baita Lantzen ere inauterietan, eta haien lanari segida eman zien luzaz. Dantza eta txistulari arduretan seme Patxik erreleboa hartuta ere, haren ondoan eta harekin batera jarraitu du jotzen Jabier Larraldek hainbat urtetan, eta Ander Barrenetxeak helarazi digun argazki honetan ikus daitekeen moduan, aurtengo inauterietan ere balkoira aterata hainbeste maite zituen dantzak eta doinuak gozatzen aukera izan du Jabier Larraldek. 

Jabier Larralde balkoian sagar-dantzariak ikusten
Jabier Larralde Gontxeako balkoian, sagar-dantza ikustera, 2022ko inauterietan. Argazkia: Ander Barrenetxea.

Dokumentuaren akzioak

2022/03/26 07:46
Gure dolumiña.
Urbeltz-Arregi sendia.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.