Jabier Aranburu, Baryshnikov jaio eta James Dean hil zen dantzari ordiziarra
Mikel Sarriegik ekarri digu Jabier Aranburu dantzari ordiziarraren historia hunkigarri hau. Jose Antonio Begiristain, Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean aritutakoak eman dizkion hainbat datu, eta bien artean, ordiziako dantzari harrigarriaren oroimena berpiztu dute. "Benetan latza izan huen Aranbururen patua." esan digu Sarriegik, "Nik ez nian ezagutzeko aukerarik izan, baina gu gaztetxo ginela sekulakoak entzuten genizkian berarengatik, "mito" txiki bat izateraino, hain omen huen dantzari ona."
Karrera meteorikoa
Ordizian jaio zen Jabier Aranburu, 1960. urtean. Dantza ikasketak bere arreba Kontxi Aranbururekin hasi zituen Beasaingo akademian. 16 urte zituela London-eko Rambert Eskolan sartu zen, Kenneth Mason eta Angela Ellis irakasle izan zituelarik. Urtebete beranduago Irango Balet Nazionalak aukeratu zuen eta urtebete egin zuen bertan dantzatuz. 18 urterekin Holandako Scapino Ballet-ean sartu zen, handik Holanda bertako Het Nationale Ballet-era pasatzeko. 1981ean Espainiako Ballet Nacional-ean sartu zen, solista moduan.
Berehala nabarmendu zen bere dohainengatik. El Pais-en aipamen hau izan zuen 1981ean bertan "Javier Aramburu, un adolescente que baila como debió hacerlo Mihail Baryshnikov el día de su graduación en Leningrado y que se metió anoche en el corazón de los balletómanos madrileños para siempre".
Giro nahasia
Bost urte egin zituen bertan, baina Espainiako Ballet Nazionalaren giroa gaiztotu egin zen, dantzari eta zuzendaritzaren artean hainbat gora behera izan ziren, eta dantzariek egindako protesten artean, sona izan zuen, gizonezko dantzari batzuk emakume soinekoak jantzita dantzara atera zirenekoa. Horietako bat zen Jabier Aranburu. Iskanbila horien ondorioz, 1986an zenbait dantzari espedientatu eta kanporatu egin zituzten, tartean Jabier Aranburu.
Adierazgarria, garai iskanbilatsu horri buruz 1988ko El Pais-en jasotzen dena: "Otros, como Javier Aramburu -sin lugar a dudas la promesa más brillante de todos los chicos que han pasado por el Nacional-, no han tenido la suerte o el coraje para superar sus dificultades y simplemente han dejado de bailar."
Gazte hasi, azkar bizi, gazte hil
1993ko irailaren 25ean, droga gaindosi baten ondorioz, Donostian hil zen Javier Aranburu, dohain harrigarri eta ibilbide gora-beheratsu bezain laburra izan zuen dantzari ordiziarra.
Dantzan