Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Erromeria izango da ardatza Inpernuko Poza jardunaldian

Dokumentuaren akzioak

Erromeria izango da ardatza Inpernuko Poza jardunaldian

2021/10/07 11:30
Erromeria izango da ardatza Inpernuko Poza jardunaldian

Erromeria, 1952. Argazkia: Dmitri Kessel / Life aldizkaria

Sabin Bikandi, Patxi Laborda, Xabier Etxabe, Xabier Itzaina, Joseba Altube eta Aritz Ibañez erromerien inguruan arituko dira Inpernuko Poza Trikitixaren Jardunaldian. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatutako XVIII. Jardunaldia Tolosako Kultur Etxean egingo da urriaren 9an. Aurreko urtean prestatu ziren erromerien inguruko jardunaldiak, baina azken momentuan, osasun egoera zela eta, bertan behera gelditu ziren. Urtebeteren ondoren, berrartu dira jardunaldiak, eta gaitegia eta hizlari berak gorde dira.

Erromeriak izango dira aurtengo jardunaldietako ardatza. Euskal Herriko trikitilarien sehaska nagusienetakoak erromeriak izan dira; ezinbesteko funtzio soziala izan dute eta gizartearekin batera eraldatuz joan dira. Erromeriek lehen zuten eta orain duten funtzioak erreparatu eta konparatuko dira eta erromerien egungo egoeraz eta etorkizunaz hausnartzeko aukera zabalduko da goizeko hitzaldian eta arratsaldeko mahai inguruan.

Erromerien bilakaera

Goizeko hitzaldian Aiko taldeko Sabin Bikandik eta Patxi Labordak erromeriei buruz duten ikuspegia azalduko dute hitzaldi bidez. Erromeriek daramaten bilakaera barne-barnetik bizi dute; urteak baitaramatzate plazetako dantzak irakasten eta Euskal Herriko plazatan erromeria-gidatuak antolatzen. Esperientzia horretatik arituko dira bi musikariak eta dantzariak.

Erromeriak lurraldez lurralde

Arratsaldeko mahai inguruan, berriz, erromeriaren errealitatea lurraldez lurralde aztertzea da asmoa. Euskal Herriko lurralde ezberdinetako ikuspegiak parekatzeko gonbidatu dituzte Gipuzkoatik Xabier Etxabe, Nafarroa Beheretik Xabier Itzaina eta Bizkaitik Joseba Altube. Iruñeko Aritz Ibañez dantzariak eta kazetariak gidatuko ditu.

Etxabe Eusko Ikaskuntzako partaide da eta hainbat ikerketa eginak ditu bere jaioterria den Zarauzko kulturari buruz eta nola ez, bertako dantza taldeak aitzakia hartuta, baita erromeriaren inguruan ere. Itzaina Emile Durkheim Bordeleko ikerketa zentroko zuzendaria da. Euskal Herria ardatz hartuta hainbat liburu argitaratu ditu, besteak beste herri kultura eta tradizioak ere kontutan izanik. Altube, berriz, hainbat urtez Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakari izan da eta Bizkaiko erromeriak gertutik bizi ditu.

Inpernuko Poza Trikitixaren jardunaldian, Hitzaldia

  • Eguna: Urriak 9, larunbata
  • Ordua: 12:00-13:30
  • Lekua: Tolosako Kultur Etxean
  • Hizlariak: AIKO taldea – Sabin Bikandi eta Patxi Laborda

 

Inpernuko Poza Trikitixaren jardunaldian, Mahai ingurua

  • Eguna: Urriak 9, larunbata
  • Ordua: 16:30-18:00
  • Lekua: Tolosako Kultur Etxean
  • Mahai ingurua: Xabier Etxabe, Xabier Itzaina, Joseba Altube
  • Moderatzailea: Aritz Ibañez

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.