Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Igeltsero ikasketak hasiko ditu 58 urteko dantzariak prekarietateak etsita

Dokumentuaren akzioak

Igeltsero ikasketak hasiko ditu 58 urteko dantzariak prekarietateak etsita

2026/06/01 08:30
Igeltsero ikasketak hasiko ditu 58 urteko dantzariak prekarietateak etsita

Uneven, Mikel Aristegi, Baiona, 2008. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan cc-by-sa

Euskal Herriko dantza garaikidearen nazioarteko izen nabarmenetako bat da. Dantza garaikidearen bidez emozioa, konpromiso soziala eta ikerketa estetikoa uztartu dituen dantzaria da. Nazioarteko bidea ireki duen dantzari erreferentea, bere lanen bidez erakutsi duena dantzak gaitasun berezia duela memoria, identitatea eta giza esperientzia sakonenak adierazteko.

Dantzari. Zerbitzari. Igeltsero

"Lortuta!" jakinarazi du sare sozialetan dantzariak: "Laster hasiko ditut igeltsero ikasketak". Hiru urte zeramatzan igeltsero ikasketak egiteko eskolan sartu nahian. "Sinestezina da egindako karrera artistikoaren ondotik, herritik kanpo 35 urte egin ondoren eta 60 urteak ere gertu ditudala igeltsero egitea erabaki izana, ez bokazioz, baizik eta beharragatik". Dantzaren lanbidea zerbitzari lanekin uztartu du luzaroan, baina lan baldintza egokiagoen bila igeltsero hastea pentsatu du.

Ibilbide entzutetsua nazioartean

2001 eta 2005 bitartean Sasha Waltz & Guests konpainian dantzari eta koreografo aritu zen, Europako dantza garaikideko erreferente handienetako baten konpainian, hain zuzen. Ordurako nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan aurkeztuak zituen bere lanak, Suitzan, Brasilen, Italian, Alemanian eta beste hainbat herrialdetan. DV8 Physical Theatre konpainiarekin ere lan egin du, antzerki fisikoaren eta dantzaren arteko mugak gainditzen dituzten muntaketa berritzaileetan parte hartuta.

Mikel Aristegi da bera, 1968an Donostian jaiotako dantzaria, koreografoa eta pedagogoa. Alemaniako Essen hiriko Folkwang-Hochschule ospetsuan trebatu zen dantzari eta koreografo gisa; eskola horrek Europako dantza garaikidearen tradizio berritzaileenetako batean kokatu zuen. 1994an Madrilgo VIII. Koreografia Lehiaketan lehen saria irabazi zuen.

Identitatea, generoa, erbestea

Bere lanek gai sozial eta humano sakonak jorratu dituzte maiz. Ezustekoa/Unerwartet lanean, adibidez, 1936an Hernanin fusilatutako aitonaren memoria ekarri zuen oholtzara, memoria historikoa eta emozio pertsonala uztartuta. Euskal Herria, Uneven, Neutrois edo In Between bezalako piezek, berriz, identitatea, generoaren eraikuntza, exilioa eta giza harremanak landu dituzte ikuspegi poetiko eta ausartak baliatuta. 

Berlinen euskal koreografoen jaialdiak antolatu zituen, eta urte luzez Europa osoko ikastaro eta tailerretan irakasle jardun du. Azken urteetan Galizian kokatu da, SIL Producciones - Artes en Movimiento egitasmoaren bidez sorkuntza artistikoa, pedagogia eta komunitate-lana uztartuta, bereziki landa eremuetan eta aniztasun funtzionaleko kolektiboekin.

Kultur politikei kritika

Erakundeetatik dantzaren sustapenean egiten den ekarpen urria eta desegokia gogor kritikatu ditu Aristegik. "Dantza garaikidea profesio duina da eta kultur politikak goitik behera aldatu behar dira ez dadin baztertua izaten jarraitu". Erakundeetako kultur agintariei dei egin die: "Ez ezazu gure prekarietatea sustatzen jarraitu".

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.