Musika eta dantza pintzelkadak Beasainen

2026/06/25
Musika eta dantza pintzelkadak Beasainen

Musika eta dantza errenazentistaren aztarnak berpiztu dituzte Beasainen “Musika eta Dantza Pintzelkadak” proiektuaren bidez. Duela bost mende dantzatu zitezkeen moduez dagoen ezagutza gaur egungo gorputzetara ekartzeko saiakera egin dute; elizako margoek iradokitzen duten unibertso kulturala dantza eta musikaren bidez berreraikitzea izan da asmoa.

Margoak, musika eta dantza

Beasaingo Andre Mari Jasokundearen elizan 2022an agertutako XVI. mendeko horma-irudi errenazentistek ikerketa eta zaharberritze lan ugari eragin dituzte azken urteotan, eta emanaldi honen bidez ondare materiala berreskuratzeko lanei ondare immaterialaren alorreko ekarpena gehitu die Aurtzaka dantza taldeak.

Horma-irudiak, Beasain, 2025-12-13. Argazkia: Josu Garate - Dantzan cc-by-sa

Abenduaren 14an Andre Mari Jasokundearen parrokian eskaini zuten ikuskizuna, baina emanaldia bera baino gehiago izan da proiektua: ikerketa historikoa, berreraikuntza koreografikoa eta tokiko dantzarien prestakuntza uztartu dituzte. Lan honek Gipuzkoako Dantzaguneko Sortutakoak Tradizionala 12 deialdiaren babesa izan du. 

Musika eta dantza pintzelkadak, Beasain, 2025-12-13. Argazkia: Josu Garate - Dantzan cc-by-sa

Euskal dantzaren sustrai errenazentistak agerian

Proiektuaren oinarrian azken urteotako ikerketa lanak daude. Mikel Sarriegik eta Carles Masek egindako lanek erakutsi dute Gipuzkoako dantza-maisuek transmititu duten dantza-sistemak lotura estua duela Errenazimentu garaian Europa osoan zabalduta zeuden eskola-dantzekin. Horregatik, proiektuaren helburua ez zen dantza historiko batzuk erakustea soilik, baizik eta lotura horiek praktikan jartzea eta hizkuntza dantzatuan azaltzea.

Emanaldiaren abiapuntua 2022an Beasaingo Andre Mari Jasokundearen elizan egindako aurkikuntza izan da. Erretaula nagusia desmuntatzean XVI. mendeko horma-irudi errenazentistak agertu ziren, eta ondorengo ikerketek agerian utzi dute Joan Perez Landako margolari nafarraren lana direla. Aurkikuntza horretatik abiatuta, euskal dantzek Errenazimentuko Europako dantza jasoko tradizioekin dituzten loturak oholtzara eraman nahi izan dituzte.

Carles Mas prestaketa entsegua zuzentzen, Beasain, 2025-11-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan cc-by-sa

“Beasaingo elizaren margoak pintzelatu ziren garaian zer dantzatzen zen eta nola dantzatzen zen pintzelatzen saiatzea” izan da Musika eta Dantza Pintzelkadak emanaldiaren xede nagusia. Carles Mas dantza historikoan adituaren zuzendaritza artistikoarekin, XV. eta XVI. mendeetako dantzak berreraiki dituzte, Beasaingo dantzarien gorputz-hizkuntzara ekarrita. Egitarauan Errenazimentuko genero nagusiak bildu dituzte: pabanak, gaillardak, branleak, basse danse-ak, saltarelloak eta makila-dantzak. Horien bidez erakutsi dute gaur egun ezagutzen ditugun hainbat euskal dantza-formak sustrai zaharrak dituztela Europako dantza tradizio zabalago batean.

Emanaldiko irudiak. Beasain, 2025-12-13. Irudia: GoiTB

Ikuskizuneko piezarik berezienetako bat Una mossa de Biscaia izan da. XV. mendeko balletto horrek euskarazko testu-aipu zaharrenetako bat gordetzen du, «Soaz, soaz, ordonarequin» esaldia, eta bere balio historikoa are handiagoa da gaur egun arte ez baita haren koreografia osorik ezagutu. Iturri koreografiko bakarra oinarri hartuta, dantza historialari italiar zenaren, Barbara Spartiren, ikerketak baliatu zituen Carles Masek pieza berreraikitzeko. Horri esker, ia bost mendez lo egon den dantza bat berpiztu dute.

Musika eta dantza pintzelkadak, Beasain, 2025-12-13. Argazkia: Josu Garate - Dantzan cc-by-sa

Herriko eragileen arteko elkarlana

Dantza eta musika bereiz ezinak diren tradizio zaharrean kokatzen da Musika eta Dantza Pintzelkadak emanaldia, eta ideia horren inguruan herriko hainbat kultur eragile batu dira. Xabier Sarasola eta Mikel Sarriegiren koordinaziopean, aritu dira Aurtzaka dantza taldea, Beasaingo Musika Eskolako Orkestra, Loinatz Abesbatza eta musikari talde oparoa: Aitor Alvarez (txistua); Carles Mas (flabiola); Guillermo Pérez (organettoa); Arantxa Gastesi (pianoa); Arantzazu Saiz (pianoa); Martin Kortaberria (bibolina); Xabier Sarasola (biola); Xabier Zeberio (nyckelharpa); Markel Zeberio (Biolontxeloa). Beasaingo Musika Eskolako Orkestraren zuzendaria Xabier Zeberio izan da, Loinatz Abesbatzaren zuzendaria Aitor Garitano eta Aurtzakarena Mikel Sarriegi. Guztiak Carles Mas i Garcia-ren zuzendaritzapean; hainbat hilabetetan Beasaingo dantzari eta musikariekin aritu da lanean dantza guztiak prestatzen.

Emanaldiko irudiak. Beasain, 2025-12-13. Argazkia: GoiTB

Emaitza ez da kontzertu edo dantza-saio hutsa izan, baizik eta ondare materialaren eta ondare immaterialaren arteko elkarrizketa. Elizako horma-irudiek iradokitzen duten garaia musikaren eta dantzaren bidez berriz irudikatu dute, Beasaingo historiaren pasarte bat ikusgai eta dantzan jarri dute.

Jantziak ere dantzan

Emanaldian jantziek ere izan zuten beren lekua, nahiz eta antolatzaileek ez duten berreraikuntza historiko zorrotza bilatu. Dantzen interpretazioan irizpide historikoetan ahalik eta zehatzen aritzen saiatu diren arren, jantzietan ikuspegi malguagoa hartu dute, halako lan batek ikerketa, denbora eta baliabide ekonomiko handiak eskatuko lituzkeelako. 

Musika eta dantza pintzelkadak, Beasain, 2025-12-13. Argazkia: Josu Garate - Dantzan cc-by-sa

Horregatik, dantza askotan Aurtzakaren ohiko jantziak erabili zituzten: izaera herrikoia zuten piezetan baserritar tankerakoak, eta protokolozkoagoak zirenetan, Igartzako kofradiaren jantziak, besteak beste. Aldi berean, emanaldian irudikatzen zen garaiari keinu egiteko asmoz, XVI. eta XVII. mendeko euskal jantzien erreprodukzioak ere txertatu zituzten. Horretarako, Maritzuli Konpainiaren jantzi-bildumara jo zuten, eta dantza zaharrenetako batzuk interpretatu zituzten dantzariek konpainiak berreraikitako jantziak erabili zituzten.

Aurtzakako dantzariak Maritzuli konpainiaren XVI. eta XVII. mendeko euskal jantzien erreprodukzioekin. Beasain, 2025-12-13. Argazkia: Josu Garate - Dantzan cc-by-sa

Jantzien erabilerak, gainera, garaiko gizarte-egituraren aniztasuna irudikatzeko balio izan zuen. Hala, pertsonaia edo funtzio nagusiak antzezten zituztenek XVI. eta XVII. mendeko jantzi historikoak eraman zituzten; gainontzekoek, berriz, herri xehearen ordezkari gisa, baserritar itxurako arropak. Antolatzaileek bereziki eskertu dute Maritzuli Konpainiaren laguntza.

Musika eta Dantza Pintzelkadak – Egitaraua

  • Stabat Mater Musika: Xabier Sarasola
Abesbatzaren eta pianoaren laguntzaz, Elizako margoetan irudikatuta dagoen Ama Mariaren sufrimenduari buruzko gogoeta musikatzen da.
  • Mass (Meza) Musika: Steve Dobrogosz
Jazz, pop eta klasikoaren konposatzaile den suediar-estatubatuarraren Meza ezagunaren Introitus, Kyrie eta Agnus Dei-k osatuko dute zati hau.
  • Pavana italiar-frantsesa eta Kailarda Musika: La morte della ragione eta La traditora
XVI. mendeko Italiako edo Frantziako pavanek eta kailardek prozesioetako dantza-generoen lekukoa hartu zioten gainbeheran ziren basse danse eta haute danse delakoei. Pavana izaera xehe edo baxukoa da eta Kailarda, aldiz, XVI. mendeko dantza altu edo saltatu nagusia. Egitura horrek Juan Inazio Iztuetaren dantzen sisteman Kontrapasek eta Zortzikoek osatzen duten bikotearen parekide egiten ditu.
  • Pabana (iberiar dantza-maisuena) Musika: Pabana (Martin/Mas mold.) / Koreografia: Carles Mas (Tarragó-ren Hospital eskuizkribuan oinarritua)
Pabana honek egitura eta tempo berezi bat du, Pavaniglia edo Pavane d 'Espagne ere deitua, eta pabanen inprobisazioa ikasteko oinarria da, sarrera/mudantza/kadentzia formaren barruan askotariko mugimendu-unitateak erabiliz. Penintsulako maisu guztiek pabana iberiko espezifiko honetarako aldaira edo mudantzak egiten zituzten. Pabanaren Euskal Herriko erreferentzia dokumentatuak edo testu-aipuak ziur aski maisuek transmititu, sortu eta inprobisatutako pabana horren mudantza birtuosoen memorizazioari buruzkoak dira. Horrelakoa izango zen, ziur aski, Lazarragak 1567-1602ko poeman aipatzen duen “Pabanea", garaia harekin bat egiten baitu. Eta gainera, dantza modu hori egokia zen gizarte mailan eskoletan ikasteko eta batzuetan jendaurrean dantzatzen jakiteko, komunitatean existitzeko, azken batean. Herri-tradizioko dantza askok gorde dute antzeko egitura eta funtzioa, eta egungo Aurresku edo Erreberentziaren moduko dantzen
aurrekaritzat jo ditzakegu.
  • Una mossa de Biscaia ballettoa Musika: Josquin des Prez (1475-1485) / Koreografia: Guglielmo Ebreo da Pesaro/Giovanni Ambrogio (1510). / Berreraikitzea: Carles Mas (Barbara Sparti-ri 1932/2013 esker)
XV. mendeko tradizioko ballo edo balletto bat da, eta berezia da musikak euskarazko testu-aipu zaharrenetako bat duelako. Hainbat aldaera polifoniko ditu, ziurrenik abesti herrikoi bat izan zenaren gainean osatutakoak, eta iturri koreografiko bakarra ezagutzen denez, hura osatu dugu. Orain 500 urtez geroztik jendaurrean erakutsi gabeko dantza da, seguru asko, eta zaharberritze honetarako berreraiki dugu.
1. Bizkaitar neskatxa bat,
nireganatu zen aurreko egunez,
ezer asko esan gabe,
neu bidean oihuka,
zuria, pergaminoaren pare,
plazer handiz musukatu nuen;
eta esan zidan lotsagabe:
«Soaz, soaz, ordonarequin!»1
2. Esan nion Bizkaitik
hurbileko bizilaguna nintzela:
«joan gaitezen sasi horretara
elorri horren gerizpera:
Han hitz egingo dugu presarik gabe
eta eskatu ahala egingo duzu dena!»
Buruaz adierazi zuen, ordea:
«Soaz, soaz, ordonarequin!»
3. «Zin dagit, amorratu nintzela!
Ez dela ez frantsesa ez latina:
Hitz egidazu beste hizkuntza batez,
eta alboratu zure euskara!
Amaitu dezagun lana behingoz,
Amodioaz aritu gaitezen erregutzen dizut!»
Esan zidan orduan, zalantzarik gabe:
«Soaz, soaz, ordonarequin!»
4. Ez nuen lortu besterik,
zinez, goiz hartan,
musukatzen duzu erruz, ahoa itxita
eta eskua titian:
«Agur, xagutxo txiki,
Zoaz Jainkoa lagun, bular desiratu!»
Eta esan zidan orduan, bizkaitarrak:
«Soaz, soaz, ordonarequin!»
(1) Gaur egungo grafiaz: Zoaz, zoaz, ordu
onarekin!
  • Bransle gentil balleta Musika: Praëtorius (1612) / Koreografia: Carles Mas (T. Arbeauren Orchésographie jarraituz, 1588)
Aldaera anitzeko dantzak dira branleak (double, simple, coupé, de Poitou, de Bourgogne, gay, morgué, etab.) eta gizarte maila guztietan dantzatu izan dira. Burgundiako eta Frantziako tradizioan sokan kateatuta modu irekian edo itxian kolektiboki egiten den dantza genero nagusia da. Euskal Herriko borobileko dantzekin daukan egiturazko antzekotasunak nabarmenak dira, eta bransle coupéak bereziki Iparraldeko dantza-jauziekin senidetzen dira.
  • Dantza-xehea edo Bajea eta Saltarintxoa Musika eta koreografia: La navarroise, “Les Basses Danses de Marguerite d'Autriche”, ms. 9085, Bibliothèque Royale Albert I, Brussels (c. 1495-1501)
Brussels eskuizkribuak bassa dansa eta saltarello Errenazimentuko dantzaren genero nagusiak jasotzen ditu, Euskal Herriko zein beste kultura europar batzuetako ahozko eta folkloreko tradizioan txertatuta dagoen dantza kolektiborako egitura dinamiko kontrastatua, alegia, ezagunak ditugun Bernat Etxepareren Kontrapas eta Sautrela, kasu. Lazarragak ere jakinarazi zigun “Bajea” gure lurraldean ikasten zela XVI. mendean.
  • Con Amores la mi madre balleta Musika: Joanes Antxieta (Chilcott mold.) 1480-1500 / Koreografia: Carles Mas; Domenico da Piacenza maisuaren “De arte saltandi et choreas ducendi”ko (ca. 1445) Verçepe ballettoan inspiratua.
Abesbatzaren ahozko interpretazioaren gainean dantzatua, Antxieta urrestildarrak Errege-erregina Katolikoen seme-alaben kapera-maisu zenean konposatutako kanta famatua da. Antxietak Domenicoren dantza-maisu dizipuluak ezagutu ahal izan zituen, Guglielmo kasu, Napoliko Katalunia-Aragoiko gortean XV. mendearen amaieran, edo beste dantza-maisu batzuk Flandrian edo Burgundian. Antxietak Gaztelako errege-erregina katolikoen seme Juanen gortean zerbitzatu zuen (1478-1497). Juan 1497an Austriako Margaritarekin ezkondu zen, eta ondorioz, baliteke aurretik aipatu dugun Margaritaren liburutegiko dantza xeheen eskuizkribu bikaina ezagutzea, bertan jasoa dagoen Navarroise dantza barne.
  • Mille regretz Musika: Josquin des Prez (1475-1485)
“Mila atsekabe zu abandonatzeagatik…” Karlos V. enperadorearen kanta gustukoena omen zen.
  • Les Bouffons makila-dantza Musika eta koreografia: Thoinot Arbeau (1588)
Errenazimentuko dantza historikoaren ikuspegi oso batean ezin falta da alteritatearen, arrotzaren, exotikoaren... irudikapen sublimatuaren dantzen genero koreutiko zabalaren adibide nabarmen bat. Beste era batera esanda, moresken, morisken edo konbate eta borroka iniziatikoaren generoa, bere modu dibertigarrienean: Les Bouffons (bufoiak) da mendebaldeko dantzaren historian ezagutzen den lehen adibidea, makila-koreografia edo ezpatekin borrokatzeko entrenamendu-dantza batena. Ezpata-dantzak, makilak, makil-jokoak, zintzarriak, arkuak eta batez ere, zintzarri-dantzak... Errenazimentuaz geroztik behintzat, Euskal Herriko, Kataluniako, Gaztelako... herri-dantzaren tradizio ugarietan oso txertatuak daude, tokiko transmisioa eta borroka erritmikoaren sinbolismoa integratzen duen eta herri-dantzan sublimatzen duen komunitate baten funtzionaltasuna indarrean dauden tradizio guztietan.
Thoinot Arbeau-ren l’Orchésographie-ko koreografiaren gainean eraikia, geroago Fricasée generoaren abiapuntua izan zen eta gaur egun, harrigarriro, ia 500 urte geroago, Beasaingo jaietako Mariren jaitsieran erabiltzen den Sorgin-dantzaren doinuarekin kidetuta dago. Aurkezten dugun bertsio historikoaren musikak, beraz, bost mende ondoren ere hainbat makila- eta moriska-dantza mota antolatzen dituela nabarmendu behar da
Xabier Etxabe
Xabier Etxabe
2026/06/25 07:41
Lan bikaina, Mikel eta konpainia!
Ez zarete makalak.
Xabier.
Mikel Sarriegi Etxezarreta
Mikel Sarriegi Etxezarreta
2026/06/26 11:32
Eskerrik asko Xabier!
Egia esateko, oso esperientzia eta proiektu polita eta interesagarria izan da parte hartu dugun guztiontzat.