Musika eta dantza pintzelkadak Beasainen
Musika eta dantza errenazentistaren aztarnak berpiztu dituzte Beasainen “Musika eta Dantza Pintzelkadak” proiektuaren bidez. Duela bost mende dantzatu zitezkeen moduez dagoen ezagutza gaur egungo gorputzetara ekartzeko saiakera egin dute; elizako margoek iradokitzen duten unibertso kulturala dantza eta musikaren bidez berreraikitzea izan da asmoa.
Margoak, musika eta dantza
Beasaingo Andre Mari Jasokundearen elizan 2022an agertutako XVI. mendeko horma-irudi errenazentistek ikerketa eta zaharberritze lan ugari eragin dituzte azken urteotan, eta emanaldi honen bidez ondare materiala berreskuratzeko lanei ondare immaterialaren alorreko ekarpena gehitu die Aurtzaka dantza taldeak.
Abenduaren 14an Andre Mari Jasokundearen parrokian eskaini zuten ikuskizuna, baina emanaldia bera baino gehiago izan da proiektua: ikerketa historikoa, berreraikuntza koreografikoa eta tokiko dantzarien prestakuntza uztartu dituzte. Lan honek Gipuzkoako Dantzaguneko Sortutakoak Tradizionala 12 deialdiaren babesa izan du.
Euskal dantzaren sustrai errenazentistak agerian
Proiektuaren oinarrian azken urteotako ikerketa lanak daude. Mikel Sarriegik eta Carles Masek egindako lanek erakutsi dute Gipuzkoako dantza-maisuek transmititu duten dantza-sistemak lotura estua duela Errenazimentu garaian Europa osoan zabalduta zeuden eskola-dantzekin. Horregatik, proiektuaren helburua ez zen dantza historiko batzuk erakustea soilik, baizik eta lotura horiek praktikan jartzea eta hizkuntza dantzatuan azaltzea.
Emanaldiaren abiapuntua 2022an Beasaingo Andre Mari Jasokundearen elizan egindako aurkikuntza izan da. Erretaula nagusia desmuntatzean XVI. mendeko horma-irudi errenazentistak agertu ziren, eta ondorengo ikerketek agerian utzi dute Joan Perez Landako margolari nafarraren lana direla. Aurkikuntza horretatik abiatuta, euskal dantzek Errenazimentuko Europako dantza jasoko tradizioekin dituzten loturak oholtzara eraman nahi izan dituzte.
“Beasaingo elizaren margoak pintzelatu ziren garaian zer dantzatzen zen eta nola dantzatzen zen pintzelatzen saiatzea” izan da Musika eta Dantza Pintzelkadak emanaldiaren xede nagusia. Carles Mas dantza historikoan adituaren zuzendaritza artistikoarekin, XV. eta XVI. mendeetako dantzak berreraiki dituzte, Beasaingo dantzarien gorputz-hizkuntzara ekarrita. Egitarauan Errenazimentuko genero nagusiak bildu dituzte: pabanak, gaillardak, branleak, basse danse-ak, saltarelloak eta makila-dantzak. Horien bidez erakutsi dute gaur egun ezagutzen ditugun hainbat euskal dantza-formak sustrai zaharrak dituztela Europako dantza tradizio zabalago batean.
Ikuskizuneko piezarik berezienetako bat Una mossa de Biscaia izan da. XV. mendeko balletto horrek euskarazko testu-aipu zaharrenetako bat gordetzen du, «Soaz, soaz, ordonarequin» esaldia, eta bere balio historikoa are handiagoa da gaur egun arte ez baita haren koreografia osorik ezagutu. Iturri koreografiko bakarra oinarri hartuta, dantza historialari italiar zenaren, Barbara Spartiren, ikerketak baliatu zituen Carles Masek pieza berreraikitzeko. Horri esker, ia bost mendez lo egon den dantza bat berpiztu dute.
Herriko eragileen arteko elkarlana
Dantza eta musika bereiz ezinak diren tradizio zaharrean kokatzen da Musika eta Dantza Pintzelkadak emanaldia, eta ideia horren inguruan herriko hainbat kultur eragile batu dira. Xabier Sarasola eta Mikel Sarriegiren koordinaziopean, aritu dira Aurtzaka dantza taldea, Beasaingo Musika Eskolako Orkestra, Loinatz Abesbatza eta musikari talde oparoa: Aitor Alvarez (txistua); Carles Mas (flabiola); Guillermo Pérez (organettoa); Arantxa Gastesi (pianoa); Arantzazu Saiz (pianoa); Martin Kortaberria (bibolina); Xabier Sarasola (biola); Xabier Zeberio (nyckelharpa); Markel Zeberio (Biolontxeloa). Beasaingo Musika Eskolako Orkestraren zuzendaria Xabier Zeberio izan da, Loinatz Abesbatzaren zuzendaria Aitor Garitano eta Aurtzakarena Mikel Sarriegi. Guztiak Carles Mas i Garcia-ren zuzendaritzapean; hainbat hilabetetan Beasaingo dantzari eta musikariekin aritu da lanean dantza guztiak prestatzen.
Emaitza ez da kontzertu edo dantza-saio hutsa izan, baizik eta ondare materialaren eta ondare immaterialaren arteko elkarrizketa. Elizako horma-irudiek iradokitzen duten garaia musikaren eta dantzaren bidez berriz irudikatu dute, Beasaingo historiaren pasarte bat ikusgai eta dantzan jarri dute.
Jantziak ere dantzan
Emanaldian jantziek ere izan zuten beren lekua, nahiz eta antolatzaileek ez duten berreraikuntza historiko zorrotza bilatu. Dantzen interpretazioan irizpide historikoetan ahalik eta zehatzen aritzen saiatu diren arren, jantzietan ikuspegi malguagoa hartu dute, halako lan batek ikerketa, denbora eta baliabide ekonomiko handiak eskatuko lituzkeelako.
Horregatik, dantza askotan Aurtzakaren ohiko jantziak erabili zituzten: izaera herrikoia zuten piezetan baserritar tankerakoak, eta protokolozkoagoak zirenetan, Igartzako kofradiaren jantziak, besteak beste. Aldi berean, emanaldian irudikatzen zen garaiari keinu egiteko asmoz, XVI. eta XVII. mendeko euskal jantzien erreprodukzioak ere txertatu zituzten. Horretarako, Maritzuli Konpainiaren jantzi-bildumara jo zuten, eta dantza zaharrenetako batzuk interpretatu zituzten dantzariek konpainiak berreraikitako jantziak erabili zituzten.
Jantzien erabilerak, gainera, garaiko gizarte-egituraren aniztasuna irudikatzeko balio izan zuen. Hala, pertsonaia edo funtzio nagusiak antzezten zituztenek XVI. eta XVII. mendeko jantzi historikoak eraman zituzten; gainontzekoek, berriz, herri xehearen ordezkari gisa, baserritar itxurako arropak. Antolatzaileek bereziki eskertu dute Maritzuli Konpainiaren laguntza.
Musika eta Dantza Pintzelkadak – Egitaraua
- Stabat Mater Musika: Xabier Sarasola
- Mass (Meza) Musika: Steve Dobrogosz
- Pavana italiar-frantsesa eta Kailarda Musika: La morte della ragione eta La traditora
- Pabana (iberiar dantza-maisuena) Musika: Pabana (Martin/Mas mold.) / Koreografia: Carles Mas (Tarragó-ren Hospital eskuizkribuan oinarritua)
aurrekaritzat jo ditzakegu.
- Una mossa de Biscaia ballettoa Musika: Josquin des Prez (1475-1485) / Koreografia: Guglielmo Ebreo da Pesaro/Giovanni Ambrogio (1510). / Berreraikitzea: Carles Mas (Barbara Sparti-ri 1932/2013 esker)
nireganatu zen aurreko egunez,
ezer asko esan gabe,
neu bidean oihuka,
zuria, pergaminoaren pare,
plazer handiz musukatu nuen;
eta esan zidan lotsagabe:
«Soaz, soaz, ordonarequin!»1
hurbileko bizilaguna nintzela:
«joan gaitezen sasi horretara
elorri horren gerizpera:
Han hitz egingo dugu presarik gabe
eta eskatu ahala egingo duzu dena!»
Buruaz adierazi zuen, ordea:
«Soaz, soaz, ordonarequin!»
Ez dela ez frantsesa ez latina:
Hitz egidazu beste hizkuntza batez,
eta alboratu zure euskara!
Amaitu dezagun lana behingoz,
Amodioaz aritu gaitezen erregutzen dizut!»
Esan zidan orduan, zalantzarik gabe:
«Soaz, soaz, ordonarequin!»
zinez, goiz hartan,
musukatzen duzu erruz, ahoa itxita
eta eskua titian:
«Agur, xagutxo txiki,
Zoaz Jainkoa lagun, bular desiratu!»
Eta esan zidan orduan, bizkaitarrak:
«Soaz, soaz, ordonarequin!»
onarekin!
- Bransle gentil balleta Musika: Praëtorius (1612) / Koreografia: Carles Mas (T. Arbeauren Orchésographie jarraituz, 1588)
- Dantza-xehea edo Bajea eta Saltarintxoa Musika eta koreografia: La navarroise, “Les Basses Danses de Marguerite d'Autriche”, ms. 9085, Bibliothèque Royale Albert I, Brussels (c. 1495-1501)
- Con Amores la mi madre balleta Musika: Joanes Antxieta (Chilcott mold.) 1480-1500 / Koreografia: Carles Mas; Domenico da Piacenza maisuaren “De arte saltandi et choreas ducendi”ko (ca. 1445) Verçepe ballettoan inspiratua.
- Mille regretz Musika: Josquin des Prez (1475-1485)
- Les Bouffons makila-dantza Musika eta koreografia: Thoinot Arbeau (1588)
Dantzan