Dokumentuaren akzioak
Folkirrika jaialdia Kuartangon urriaren 17-19 bitartean

Folkirrika jaialdiak Europako hainbat lurraldetan hain zabalduta dagoen “Balfolk” dantzaldi eredua Euskal Herrian ezagutaraztea eta gozaraztea du xede. Horrela, jaialdiaren laugarren edizioa antolatu dute Kuartangon urriaren 17tik 19ra. Dantza eta musika ikastaroak, kontzertuak eta jam saioak egongo dira.
Adin guztietako jendea elkarrekin dantzatu, disfrutatu, ikasi, elkar ezagutu, sortu eta elkarbanatzeko festa da Folkirrika. Antolatzaileen arabera, “dantzen oinarrizko urratsak erraz ikasten dira, eta hortik aurrera ñabardura eta elkarreragin amaigabeen mundu bat zabaltzen da. Zuzeneko musikaz lagundua, tradiziotik edanez, fusio edo sorkuntza berriei uko egin gabe".
Izen-ematea Folkirrikaren webgunean egin behar da.
Asteburua dantzan
Jaialdia hasteko, bi ikastaro proposatuko dira ostiral arratsaldean: batetik, balfolk jaialdietako dantza ohikoenen oinarrizko ikastaro bat Folkirrika elkartearen eskutik, eta bestetik, jauzien hastapen ikastaroa Azaitz Unanuerekin. Gaueko dantzaldian bi musika talde arituko dira jotzen, Ipar Euskal Herritik zein Frantziatik etorriak. Lehenik eta behin, Iparraldeko doinu zein dantzez gozatzeko aukera izango da “LafittEtxeberrIrungarai” taldearekin; ostean “Bal O’Gadjo” boskoteak ekialde hurbilera eramango gaitu bere doinu bizi eta sortzaileekin.
Larunbatean yoga saio batekin ekingo zaio egunari Ana Ponsek gidatuta. Ondoren, askotariko dantza ikastaroak egongo dira: Balkanetako dantzak (Delia Señor eta Javier Muela), Portugalgo dantzak (Natercia Nameiro), fandango eta arin-arina (Folkirrika), munduko jolas-dantzak (Madrigueira), bikote dantzak aberasteko teknikak (Folqué)… baita musikariei zuzendutako ikastaro bat jam-etan jotzen trebatzeko (Dani Velasco, Jabien Bucher). Arratsaldeko azken orduan familiei zuzendutako plaza-dantzak hartuko du lekukoa, txikienek ere dantzatu dezaten. Gauean, dantzaldi berria egongo da bi talderen eskutik. Portugalgo “Natércia Lameiro”k zabalduko du emanaldia bere ahots, akordeoi, kitarra eta harparekin, eta “Peldrút” laukoteak jarraituko du Okzitaniako doinu polifonikoak taularatuz.
Igandea yoga eta dantza ikastaro gehiagorekin abiatuko da baita ere. Jaialdia ixteko, Euskal Herriko bi talde entzuteko aukera izango da: “Zuretalur” hirukotea lehenik, eta “Besaide” hirukotea ostean. Gainera, gauero, dantzaldiak bukatzerakoan, jam saioak egingo dira edozein musikarik bere instrumentuarekin parte har dezan.
Izen-ematea eta informazio gehiago: Folkirrika
Dokumentuaren akzioak