Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Festa Berriak jardunaldien kronika

Dokumentuaren akzioak

Festa Berriak jardunaldien kronika

2006/10/24 10:20

Lehenik eta behin eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiot jardunaldiak antolatu dituen lan-taldeari. Egitarau erakargarria apailatzeaz gain antolaketa lanak oso txukun bideratu dituzte. Emilio Xabier Dueñas-en gidaritzapean aritu diren José Patricio Aldama, Mikel Legorburu, José Alfonso Antequera, Juan Mari Beltran, Xabier Etxabe, Karlos Sanchez Ekiza eta Josu. E. Larrinagak osatu dute antolaketa lan-talde hori.

Teresa del Valle antropologo eta Eusko Ikaskuntzaren Gipuzkoako Lehendakariordearen agurraren ondoren, Emilio Xabier Dueñasek jardunaldien abiapuntuan izan dituzten kezka eta oinarrizko kontzeptuen argiketa egin zigun. "Jaia" hitzaren aurrean "festa" aukeratu izanaren arrazoiak eman zituen, jai hitz hori gaur egun edozein jaialdi izendatzeko erabiltzen baita, eta festak oraindik baduelako zerbait zehatzagoa izendatzeko gaitasuna. Gainera, zenbait tokitan Korpus jaiek Besta Berri deitura jasotzen dute, eta horrek jardunaldien izenburuarekin jokoa egiteko bidea eman du.

Folkloretik folklorizaziora

Jose Patricio Aldamak egin zituen egun osoan aurkezle lanak, eta berezkoa duen patxadaz aurkeztu zigun eguneko lehen hizlaria, Josep Martí CSIC-eko ikertzaile eta folklorearen inguruko kontzeptu eta gogoetetan erreferentziazko aditua. Interesgarria oso Martíren hitzaldia. Tradizioaren balioak eta folklorearen dimensioak aurkeztu zizkigun, eta adibide zehatzen bidez ikusi genuen nola balio praktikoa edo ludikoa duten hainbat ekintzetan balioa aldatu eta balore folkloriko bihurtzen joan diren. Tradiziotik folklorera, folkloretik folklorizaziora eta hortik eszenifikaziorako han eta hemen eman ohi diren urratsak erakutsi zizkigun Martík. Bazkalorduan txantxarako bidea eman zigun hitz-bikotea ere aurkeztu zigun: "Disonancia axiológica", eta hitz ezkontza hori gordin samarra gertatzen bazait ere, Martík emandako azalpena erabat ulerterraza gertatu zitzaigun denori. Balio gatazkak adierazten ditu ikertzaileak hitz horiekin, eta balio gatazka horiek ezagunak ditugu gure festetan: tradizioaren izenean egindako genero diskriminazioa, animaliei eragindako tratu txarrak, gutxiengo etnikoen bizkar egindako jaiak, e.a. Alegia, tradizioak sustatzen dituen balioak egungo gizartean ditugun balioekin talka egiten dutenean sortzen diren gatazkak izendatzen ditu Josep Martík Disonancia axiológica hitz-bikotearekin.

Ahuzkiko behi trashumantziaren besta abiapuntu hartuta festa berri horren atzean dauden sustapen egiturak aztertzeko eskema bat plazaratu zuen Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoak. Ardatz sozio-ekonomiko-politikoa, zutabe agrotekniko eta zientifikoa eta ingurugiroaren ardatzaren araberako azterketa aurreikusten du Fdez. de Larrinoak ikerketa horretan. Komunitate lokalaren festa da Ahuzki mendian egin dena azken 7-8 urteetan, eta antropologoaren iritziz produkzio lokalaren irudia sustatzea eta sendotzea du helburu.

80 festa baino nahiago San Fermin

Bizkaiko Foru Aldundiak diruz babestuta, Enkarterrietako eta Ibaizabalen ezkerraldeko jaien azterketa zabala egiten dihardu azken bi urteotan Ingrid Kuschik antropologoak. 80 festa inguru aztertu ditu eta tokian-tokiko datu bilketa zabala egin du. Lan horretan aplikatzen diharduen metodologia eta sailkapen irizpideen berri eman zigun. Festa nazionalistak, lan-gremioetako festak, soziabilitate festak eta ikuskizun festak izeneko multzoak aurkeztu zizkigun. Entzuleen txandan estu hartu zuten Ingrid sailkapen horren aitzakian, eta multzoak antolatzeko erabilitako irizpideen egokitasuna ezbaian jarri zuten zenbait partehartzailek.

Bazkalostean, sabela beteta ohikoa den logurearekin itzuli ginen Miramar jauregira, baina berehala iratzarri gintuen Mikel Aranburu Urtasunen ahotsak. San Fermin jaien inguruko hitzaldi ederra eskaini zigun iruinsemeak. Hizlariaren etorri oparoak, ezagutza bibliografikoak eta urteetako eskarmentu sanfermineroak bat egin zuten motz gertatu zitzaigun mintzaldi borobila osatzeko. Etengabe aldatzen ari diren festa paregabeen kronika aberatsaz gozatu genuen, izena ematen dien santu apokrifoaren inguruko kontuekin hasi eta prozesioak, entzierroak, eta sanferminetako egitarauko hainbat ekitaldik beren ibilbidean izan dituzten berritasun, aldaketa eta egokitzapenak aletu zizkigun. Gaur betidaniko tradiziotzat ditugun hainbat ezaugarri noizkoak diren ere zehaztu zituen, uniformea bihurtu den jantzi zuri-gorritik hasita txupinazora.

Olentzero nazionala eta botila-festaren Aita Gurea

Bi zarauztar eta bi Xabier, Etxabe eta Alberdi, elkartu ziren ondoko hitzaldian, eta Orentzago -edo Olentzero- eta Erregeek Zarautzen izan dituzten gora-beherak azaleratu zituzten. XX. mende hasierako Orentzago zarpail, mozkorti eta zekena ia-ia desagertu da dagoeneko Zarautzen, eta haren tokia 70-80ko hamarkadetan Euskal Herri osora hedatu den Olentzero formal, garbi eta eskuzabalak hartu du bere lekua. Nire ustez, kuriosoa da berriz ere ikustea, nola beste kulturen aurrean euskal berezitasuna sendotzeko tradizio propio bat hautatzen den, baina gero tradizio horren erabilera hegemonikoak tradizio lokalak baztertzen bukatzen duen. Dantzaren munduan horrelako adibide asko ezagutzen ditugu -Durangaldeko ezpata-dantzarekin edo larrain-dantzarekin egindakoak esaterako-, baina oraindik ere indartzen ditugu ikur folkloriko nazionalak. Etxabek eta Alberdik notario lanak egin dituzte Zarautzen, eta eredu nazionalaren mesedetan gertatzen ari den galera lokala agerian uzteaz gain, Orentzago eta Erregeen tradizio propioen aztarna oso interesgarriak bildu dituzte. Niretzat okerrena euskaraz eta gazteleraz aritu zirela hizlariak, batak euskaraz esandakoa besteak gazteleraz errepikatuz, eta azkenerako nekagarri gertatu zitzaidan ditxosozko elebitasun hori.

Nik neuk hartu nuen hitza jarraian eta Arrateko Amaren dantzekin Eibar aldean burutu dugun ekimenaren nondik norakoak aurkeztu nituen. Ordurako arratsaldea luze zihoan eta berandu genbiltzan, eta nire lanak ahalik eta azkarren bukatu nahirik, baina nondik moztu asmatu ezinik, ba izugarrizko abiaduran aritu nintzen, eta ez dakit bai inork ezer ulertzeko astirik ere izango zuen. Hasieran aitortu nuen moduan, nire ekarpena ez zen ikertzailearen begirada zorrotz eta orekatuaren emaitza, ni neu protagonista ninduen ekintzaren narrazio pertsonala baizik, eta narrazioa den aldetik kontrukzioa, zenbait ekintza eta gertaeren gainean eraiki dudan kontakizuna. Eta gainera, narrazio interesatua, egin dugun lan horretatik niri interesatzen zaidan aurpegia erakusteko ahalegina egin bainuen.

Alfredo Asiainek borobildu zuen jardunaldia. Pena ordurako berandu izatea, eta hura ere ni bezala erlojuaren kontrako karreran ibiltzea. Izan ere, harrapataka eta saltoka, baina benetan gauza interesgarriak kontatu eta erakutsi zizkigun. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak Nafarroako folklorea bilduko duen artxiboa aurkeztu zigun. Festa eta tradizioetatik hasita, gaur egungo folklore urbanoko materialetara bidaia harrigarrian eraman gintuen landa-lanean bildutako bideo, soinu eta material ederren bidez. Soka-saltoan umeek dantzatzen dituzten kantak, ahozko erromantzeen aztarnak, Internet eta teknologia berrien babesean sortzen ari diren kultura popularreko adibideak (memeak, hoaxak, e.a.) eta denon barre algarak eragin zituen botila festaren Aita Gurea errezo mundiala.

Non daude dantzariak?

Hasieran eman ditut zorionak, eta bukatzeko kezka agertu nahi dut. 25 lagun inguru izango ginen jardunaldietan. Aulkietara begiratu eta nire buruari galdetzen nion... Non daude dantzariak? Non daude txistulariak? Non trikitilariak? Non beren burua euskal tradizioa eta folklorearen salbatzailetzat dutenak? Euskal Herria folklore sustatzailez beteta daukagu, baina jarduera nagusi dugun alor horri buruz ezer gutxi dakigu. Benetan arduratuta nago mundu akademikoan folkloreaz eta tradizioaz dagoen ezagutzatik dantza taldeetan ari direnengana ia ezertxo ere ez dela iristen ikusita. Salbuespenak badira noski, eta alde horretatik pozgarria izan zen Gipuzkoako eta Nafarroako EDBko lehendakariak (Xabier Mendizabal eta Aritz Ibañez), Gasteizko foklore akademiako zuzendari eta dantza irakasle talde osoa (Pedro, Jon, Marta, Elena eta Indarrako Amagoia), eta Debabarrenako zenbait  dantzari eta arduradun (Jon, Enrike, Arantza, Iñaki) jardunaldietan ikustea. Batzuk praktikan ari dira, eta besteak praktika horri buruzko gogoetak egiten. Bi multzo horien artean amildegi bat dagoela dirudi, eta etsigarria da dantza taldeetan hesi hori jauzi egin eta jarduera horri buruzko pentsamenduaz bustitzen saiatzeko dagoen nagikeria. Horren ondorioak larriak dira, eta adibide bakar bat jartzearren, jardunaldi osoan nabarmena zen hizlari guztiek eta parte hartu zuten entzuleek tradizioaren kontzepzio dinamikoarekin lan egiten dutela, baina amildegiaren beste aldean, Euskal Herriko dantza talde gehienetan tradizioa argazki estatiko bat bezala ulertzen jarraitzen da. Zenbait kontzeptu barneratzeak ahalegina eskatzen du, baina hau loteria modukoa da, inoiz ez baduzu erosten zail samarra da tokatzea...

Dokumentuaren akzioak

2006/10/26 00:41

Benetan interesantea eta ondo zehaztuta estatiko/dinamiko bikotearen arteko amildegiaren burutazioa. Oso kuriosoa da baina kontzepzio estatikoak errazago saltzen dira tradizioaren munduan (baita organizazio munduan). Horregatik gehiago saltzen den produktu seguru horren baten jabe egin eta kopiak saltzen ari diren ekintzak maiz ikusten dira. Hala ta guzti, erabileraren poderioz, tradizioa dinamikoa jarraituko du izaten.Ala hil egingo da? Estatiko bakarra hilik dagoena baita.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.