dantzan.com itxi beharrean gaude
2011 urte beltza izan da ekonomia alorrean jarduera gehienentzat, eta dantzan.com-engan ere izan du eragina. Diru-laguntzen beherakadarekin batera dantzan.com elkarteak martxan zituen beste zenbait jardueraren diru-sarrerak nabarmen jaitsi dira, eta egoera larrian geratu gara. 2012rako aurreikuspenak oraindik okerragoak dira, eta egoera honetan ezinezkoa gertatzen zaigu dantzan.com elikatzen duen lantaldea mantentzea. Abenduaren 31an bulegoa itxiko dugu, eta dantzari buruzko informazioa bildu eta ezagutzera emateari utziko diogu. Ez dugu agur definitiboki esan nahi, ahalegin guztiak egingo baititugu finantzazioa lortu eta berriz ere, ahalik eta azkarren martxan jartzeko. Egoera ez da ona, baina saiatuko gara.
Bitartean, hamar urteotako ibilbidean bidaide eta lagun izan zaituztegun guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu. Ez dugu uste dantzan.com komunikabide bat bakarrik izan denik, pentsatzen dugu komunitate bat ere badela, eta informazioa, dokumentuak, iritziak, esker onak, zuzenketak, zorionak, errietak, albisteak, bideoak edo argazkiak konpartitzen eta horien berri izaten parte hartu duzuen guztiok osatzen duzue dantzaren komunitate birtual hau. MIla esker guztioi eta webgunea geldi geratuko bada ere, pentsatzen dugu komunitatea ez dela desagertu, garrantzitsuena, dantzan egiten jarraituko dugulako.
Ea laster batean berriz ere dantza kontuekin gatozen elkargune birtual honetara. Bitartean, segi dantzan!
Dantzan