Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza kinka larrian jarri du pandemiak

Dokumentuaren akzioak

Dantza kinka larrian jarri du pandemiak

2020/09/17 10:20

Martxotik mundua hankaz gora daukan covid19-aren pandemiak alor guztiei eragin die eta dantza ere kinka larrian aurkitzen da. Ekonomia, hezkuntza, ostalaritza, turismoa... zailtasun handiekin ari dira egokitu eta aurrea egin nahian, eta dantza? Zer gertatzen ari da dantzarekin?

Markina-Xemein: Karmen 2020 aurreskua
Karmen Eguneko aurreskua, Markina-Xemein, 2020-07-16. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Pixkanaka dantzariak kalera eta antzokietara ateratzen hasi dira udaren etorrerarekin batera, baina segurtasun neurriak bermatu ahal izateko ohiko formatuak moldatuta behar izan dira. Dantzarien kopuruak murriztu edota edukierak mugatu dira ikusleentzat. Osagarri berriak ere agertu dira, garai batean bezala, kontaktua saihesteko zapiekin atera dituzte dantzariek soka-dantzak eta, nola ez, dantzarien jantzitegiari musukoak gehitu zaizkie.

Duguna
Duguna dantza taldea Diario de Noticias egunkariko azalean, 2020-09-14.

Elkar ukitu gabe dantzatu daiteke lotuan?

Dantza-entseguak, errepikak, dantzaldiak, tallerrak, eskolak edo ikastaroak egin ahal izateko orduan galderak, mugak, kezkak eta ezintasuna dira nagusi dantzaren munduan. Dantza-gelen aforoa %60an ezartzen ari da hainbat tokitan eta ondorioz, normalki bertan aritzen ziren taldeek ezin dute elkarrekin entsegurik egin.

"Zer dantzatu daiteke elkarren artean 1,5 metroko distantzia mantenduz?" galdetzen diote dantzari eta dantza-irakasle askok beren buruari. "Dantza-lotuan ez behintzat. Soka-dantzan ere nekez. XVIII. mendeko zapiak berreskuratu behar ote ditugu?".

Ibarrakaldu dantza gela 2x2
Dantza gela 2x2 metroko eremutan banatuta. Argazkia: Ibarrakaldu Elkartea


Taldeak ikasturte berriari ekiteko aukerak pentsatzen ari dira. Dantza gelak egokitu edo beste alternatiba batzuk bilatu beharra dago. Ibarrakaldu elkartekoek esaterako, entseatzen hasi ahal izateko 2x2 metroko eremuak markatu dituzte dantzari bakoitzak segurtasun distantzia mantendu dezan. Beste batzuek, berriz, aire librean ekin diote lanari. Udan arazorik ez, baina tenperaturak jaisten eta euria goian behean hasten denean zer egin?

Maskarekin dantzan

Musukoak jarrita dantzan egitea ia-ezinezkoa iruditzen zitzaien dantzari gehienei orain hilabete batzuk. Orain asko dira horrela aritzea erabaki dutenak, aukera maskararekin dantzatzea edo ez dantzatzea dela ohartuta. Dantza-eremuan ez dira oraingoz kutsatze albiste asko izan, jarduera bera ia-etenda izan baita, baina dantza praktika berreskuratzen hasi orduko hasi dira positiboak antzematen.

Soka-dantza Eibar
Soka-dantzaren entsegua, Eibar, 2020-06-10. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Neurriak neurri zaila da covid19-ari izkin egitea. Adibidez, oihartzuna izan du Espainiako Ballet Nazionalaren kasuak, bost positibo antzeman ondoren itxi egin behar izan baitute beren egoitza, instalazioak desinfektatu dituzte eta dantzari guztiak berrogeialdian dira. Ortzaizen ere kabalkadako entseguak aldi baterako eten behar izan zituzten abuztuan, herrian agertu ziren hainbat positibo kasu zirela eta.

Dantzarien egoeren berri jaso nahiko genuke. Zein dira agertu zaizkizuen ezintasunak, buruan darabilzkizuen zalantzak eta kezkak? Konponbiderik bai? Idatzi iruzkina sarrera honetan edo bidali mezua helbidera zuen egoeraren berri emanez.

Dokumentuaren akzioak

2020/09/17 13:07
Funtsezkoa izango litzateke definitzea non kokatu behar dugun dantza-jarduera (ez ikuskizunak, baina entsegu, errepika, ikastaroak...), eta hori dagokionarekin adostu: Kultur/ikastaro jarduera da, ala jarduera fisiko bezala har daiteke?
Garbi dago, baldintzak ezartzen dituen Osasun saliburuaren Agindua ez dagoela idatzita dantza-praktika aintzat hartuta... (Harritu ere ez gara egingo horregatik)

Indarrean dagoen Aginduak (eta luzerako omen), aukera hauek uzten ditu:

3.6 puntua: Arautu gabeko irakaskuntza eta antzekoak, publiko nahiz pribatuak. Gehienez 25 pertsona (aforoaren mugekin) + musukoa derrigorrez.

3.13 puntua: kultur- eta jolas-jardueretarako establezimenduak eta antzeko espazioak. Aforoa %60 + musukoa derrigorrez.

3.16.1. puntua: Jarduera fisikoa. Federatu gabeko kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta gehienez ere 10 pertsonako taldeetan, aldi berean. Aire libreko praktika hori maskararik gabe egin ahalko da.
Era berean, kontaktu fisikoa egon daitekeen talde-kirolaren kasuan, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, salbu eta partida edo lehiaketa gertatzen den unean edo jarduera fisiko bizia egiten den unean (dantza "jarduera fisiko bizi"tzat har daiteke?)

Espazio irekietan ohiko dantzaldi eta dantza-erakustaldiekin, jai:
3.15.2.– Ezin izango da erromeriarik edo musika- edo dantza-erakustaldirik egin espazio irekietan, ez eta bestelako herri-ekitaldirik ere, esaterako, desfile gisako ikuskizun ibiltariak,edo jendeak bide publikoan lagundutakoak.
2020/09/17 15:25
Gu erabat babesgabe sentitzen gara, egia esan. Elkartzea posible denetik ari gara entsaioekin Oberena dantza taldean, beti ere, ahal bezala, distantziak mantenduz eta, oraingoz, taldeko koreografiarik landu gabe (are gutxiago bikoteka egiten diren dantza lotuak). Teknika lantzeko probextu dugu, baina, batez ere, taldea batuta mantentzea izan da gure erronka nagusia. Asmoa dugu, dena den, gutxinaka taldean egiten diren dantzak entsaiatzen hasteko maskararen babesarekin.

Neurriei dagokionez, etengabe gabiltza Nafarroako Gobernuak ateratzen dituen arauak irakurtzen. Oraingoz, hau dio dantzaren inguruan: "Salas destinadas a la enseñanza o práctica del baile, se calculará el aforo según el criterio de 5 metros cuadrados por persona, además si no puede garantizar la separación de 1,5 metros se deberán utilizar mascarillas". Alegia, aretoan 5 metro karratu pertsonako, eta maskara jantzita 1,5 metroko distantzia mantentzerik ez dagoelarik.


Emanaldirik ez dugu izan otsailaz geroztik, eta emanaldirik egiteko aukera gutxi ikusten dugu aurrerantzean ere. Horrek bi arazo ditu: alde batetik, motibazio falta nabaria ekarriko du taldekideengan, eta, gainera, taldearen jarduna berregokitzea eskatzen du (oraindik ez dugu formula berririk asmatu, beraz, inprobisatzen ari gara). Bestetik, diru sarreretan zulo nabarmena izanen dugu; ikusiko dugu nola bukatzen den ikasturtea. Erakundeen aldetik (instituzional zein bestelako) ez dugu inolako kezkarik ikusten taldeen egoerari dagokionez. Oraingoz deus gutxi egin da, behinik behin.
2020/09/17 17:39
Dantzaren-munduan zailtasun gutxi bagenituen lehen, oraingo hau benetan latza gertatzen ari da. Okerrena zer egin dezakegun eta zer ez, hori argitzeko ezintasuna da. Gu ere halaxe sentitzen gara Iker, erabat babesgabe. Buletinak eta arauak irakurtzen, beste alorretan zer eta nola egiten duten etengabe begiratzen... Jaurlaritzaren Kulturaren Euskal Kontseiluan eskaera zehatza egin nuen honetaz, baina jasotako erantzuna arauen erreferentziak ziren. Horietan, Patxik esan bezala, ez dago gure jarduera motara begirako agindu argirik, eta hor gabiltza, zein arlotako jarraibideak aplikatu behar ditugun asmatu nahian.

Gure taldearen, Kezkaren, ohiko entsegu-tokiak, kultur etxe batean dagoen dantza-gelak, 135 m2 ditu eta aforoa mugatzerakoan bertan gehienez 14 laguneko sartzeko muga du orain. Martxa normalean izaten dira egunak 14 baino gutxiago elkartzen garenak, baina hortik gorako egunak izaten dira gehienak. Toki handiago baten bila hasi gara, eta beste hainbatetan egin izan dugun moduan eskoletara jo dugu. Baina EAEko eskoletan, Hezkuntza sailak ezarrita araubidearen arabera debekatuta daude une honetan eskolaz kanpoko jarduerak.

Denok ohartzen gara honek faktura handia ekarriko diola dantzari. Kontaktuak saihestu eta distantziak zaindu behar badira ezin normalki egiten ditugun hainbat dantza egin. Musukoak erabili behar badira hainbat dantzarik nahiago du oraingoz dantzara ez etortzea, egun osoan eskolan edo lanean musukoarekin nekatuta, nork bere gozamenerako tartean deserosotasun hori ez baita erraz liseritzekoa.

Konfinamendua hasi zenetik, online saiakera gora-beheratsu eta bideo-grabazio maskaratua izan dira jarduera bakarrak, eta orain entsegu erregularrak berrartzerik ez baditugu taldea desagertze bidean jarri liteke. Beraz, hemen gaude, entseguetarako gela handiago bat alokatzen, dantzatu dezakegun errepertorioa aztertzen eta hautatzen, eta musukoekin dantza egitea posible dela gure buruak konbentzitzen. Eta barrenak husteaz gainera ea gure egoeran zaudeten beste guztien berri izan, eta elkarrengandik ikasi eta indarrak batzeko itxaropenez.
2020/09/18 10:31
Lehenago ere sentitu izan dugu euskal dantzaren alorra prekarioetan prekarioenen artean zela eta oraingoan sentsazio hori areagotu baino ez da egin.

Guk zortekotzat dugu gure burua uztailean eta irailean emanaldi bana izan dugulako eta horrek entsaiatzera behartu gaituelako, ahal izan dugun moduan, hori bai. Entsaioak kale gorrian egin ditugu, eskola bateko jolastoki irekian (Ondoan saskibaloi eta futbol partidak jokatzen ari ziren gaztetxoen aldamenean), maskak jantzita, material guztia erabilera bakoitzaren ondotik desinfektatuz eta abar.

Behin emanaldi horiek prestatu behar izateko denbora pasata, ez dakigu heldu den hilabeteotan nola egin ahal izanen dugun aurrera. Eguraldia okertuz joanen den neurrian, ezinezko izanen zaigu kalean entsaiatu ahal izatea. Momentuz ez digute ziurtatu orain arteko entsaio-gela estalian entsaiatzen jarraitzen ahalko dugunik, eta entsaiatu ahal izatekotan, segurtasun tarteak gora behera, ezingo genuke dantzari guztiekin entsaiatu.

Txikien dantza eskolarekin ere beste hamaika buruhauste.

Heldu diren hilabeteotarako gure helburu bakarra da dantza taldearen jarraikotasunari eusten asmatzea. Astean 3 egun ensaiatzetik egun bakarra ensaiatzera pasako gara, dantzariek irrika izan dezaten astean behineko entsaio horretarako, eta emanaldirik ezean, deustarako entsaiatzeak ekar dezakeen frustrazio hori ekiditeko.

Okerrena da ez dakigula egoera honek noiz arte iraun dezakeen.
2020/09/21 10:33
Guk gure jardueraren zati garrantzitsuena diren urteroko hitzorduak salbatu ditugu, aldian aldiko egokitzapenak eginez, eta esfortzu gehigarri handia tarteko, berrasmatu egin behar izan baitira banan bana, bakoitza bere ezaugarriekin eta baldintza aldakorrekin.
Gure dantzari taldearen entsegu eta jardunari dagokionez, errentetatik biziraun behar izan dugu. Segurtasun gabezia eta ardura(keria?) tarteko, entseguak ia ezerezean utzi ditugu orain arte. Oraintxe ari gara ikasturtea nola hasi asmatu nahian. Momentuz talde txikietan antolatuko ditugu entseguak (10-12) eta kontsigna bizirautea izango da (lehen baino gehiago, posiblea bada).
Ondorioak:
- Etorkizuna, erabat zalantzazkoa. Ez gara ia ezertxo ere planifikatzera ausartzen. Datorrenaren zain momentuz.
- Ikuskizun saio edo emanaldiak, erabat desagertu zaizkigu. Gure herriko udalaren borondate ona lagun, ikuskizun formatoan urtero egiten dugun ekitaldi bakarra plaza irekitik antzoki itxira eramango dugu, bertan behera gera ez dadin.
- Paradoxa bat gertatu zaigu: orain arte ikuskizun huts bilakatze arriskuan zeuden hainbat ekinbide kalera eta plazara ateratzen saiatu izan garen bezala, orain atzerako bidea egitera behartu gaitu egoera berriak. Izan ere, plaza edo kale dantza diren erritualeko saioak, ikuskizun-dantza bihurtzera behartuak ikusi gara neurri handi batean, ikusleria kontrolatzeko era bakarra baita. Esfortzu handia egin behar izan dugu osagai erritualizatu batzuei gutxienez eusteko, prezeski festaren osagai garrantzitsuak horiek direlako, eta aldi berean “debekatuak” zeudelako. Beraz, zalantzarik ez, deskafeinatuak gertatu dira.
- Oso garrantzitsua iruditzen zaigu elkarren berri izatea, eta txalogarria martxan jarri duzuen foro moduko hau. Ea denon artean elkar babestu eta bideratzen ditugun erronka estra hauek.
2020/09/25 16:48
Beasaingo Aurtzakatik

Mikel taldekidearen hitzekin jarraituz, eta aurretik aipatu dituzuen guztiak ikusita, hildo beretik jarraitzen du nere sarreratxo honek.

Guk urteroko hitzorduak salbatu ditugu bai, baino beste edozein jarduera antolatzen denean baino askoz ere tentu gehiagoz jokatu behar izan dugula aipatu nahiko nuke.

Kaleko ikuskizunetan pilaketak ekiditu behar direla eta desfilerik ezin dela egin esaten zaigu, baino txirrindulari frogak egin izan direnetan harturiko neurriek ez dute zer ikusirik gure kaleko ikuskizunetan ikusleentzat mugatu behar izan ditugun eremuekin. Eremuak mugatu,aulkiak jarri, sarrera irteerak kontrolatu, pilaketak ekiditzeko argibideak eta baliabideak jarri. Bitartean, txirrindulari frogetan desfilatu daiteken kale beretik, txirrindulariak pasatzen diren bitartean mugarik ez dago, aulkirik ezta ere eta hesietan ikusleak non nahi. Zorionak jaso ditugu gauzak ongi egiteagatik (ez da gutxi), baino batzutan tuntun aurpegia jartzen zait.

Udazkenarekin batera, kaleko jaialdiak egiteko egoera okerragoan gaude, eta desfilerik ezin da egin, beraz, buelta gaitezen aretoetara. Muxukoa jantzi, ikusle kopurua murriztu eta aurrera egingo dugu. Baino zer gertatzen da entseguekin? Tira, aretoko aforoan ez gara 50 sartzen. Hori ere antolatuko dugu. Bost talde, bost txanda, ordu berean bost areto, bikain, aste barruan inork ezin omen du elkartu: lana, ikasketak, familia... Beraz, bost areto topatuko ditugu. Eskerrak, ditugun aretoekin eta udalak gure esku jarri dituenekin lau areto baditugula ordu berean taldetxotan entseguak egiteko. Ostiraletan batzuk goiz eta beste batzuk berandu hasi beharko dute dantzan, baino moldatuko gara.

Libratu dugu beste oztopo bat. Goazen hurrengora.

Dantzari txikiak berrehundik gora!! Eneeee,hoik bai ezingo ditugula antolatu!! Gazteenak, sozialki akaso behar handiena dutenak, urtarrilerarte "standby"en utziko ditugu. Gainontzekoak astean bitan ensaiatzetik astean behin ensaiatzera pasako dira taldeak bitan banatu behar izan ditugulako aforoarengatik. Gure bi aretoak eta udalak gure esku jarri duen hirugarren aretoarekin moldatuko dugu.

Goazen orain protokoloa finkatzera. Zein hautatu?: Kirol taldeen protokoloa, pilateseko klaseetan ikusitakoa, hezkuntzak ezartzen duena.... Dantzari Txikietaz ari garenez, guztiak aztertu eta hobekien egokitu dezakeguna jarraituko dugu. Talde aldaketa bakoitzeko ordu erdiz aretoa libre geratuko da, bentilatu eta desinfekatu egingo da eta hurrengo taldeari prest utziko zaio; zapatak beti bezala sartzeako aldatuko dira; tenperatura sartzeako hartzea erabaki dugu; materiala ere erabiltzen denean desinfektatu egingo da eta musukoa erabiliko da taldean dantzatzeko, baino banan banan dantza egin behar badute, distantzia gordez musukorik gabe egin ahal izango dute dantza. Teknika lantzea eta jarduera fisiko handia eskatzen duten mugimenduak murriztea izango da gure etorkizuna.

Eta azken galdera. Nola motibatuko ditugu haurren gehiengoa ikuskizunetan parte hartzen ez badute? Neurri zorrotzago edo arinagoekin, etorkizunak emango dizkigun aukeren arabera, gutxienez ikasturte honetan ikuskizun bat izango dutela bermatuko dugu, gurasoentzat bakarrik besterik ez bada ere.


Hauexek izan dira irailak ekarri dizkigun buru hausteak. Datozenak ikusi eta ea hurrengo moldaketak egoera hobeago batera egokitzeko egin behar ditugun. Itxaropena inoiz ezin da galdu.
2020/09/29 15:24
Eskerrik asko zuen erantzunengatik! Zuen egoerak jaso eta plazaratu dituzuen gogoetetan oinarrituta "Dantzarako protokoloa" izenburua duen sarrera osatu dugu:
https://dantzan.eus/albisteak/dantzarako-protokoloa

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.