Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza alderdi politikoen hauteskunde programetan

Dokumentuaren akzioak

Dantza alderdi politikoen hauteskunde programetan

2012/10/19 12:02
Dantza alderdi politikoen hauteskunde programetan

1968. Iñigo Urkullu Arraten dantzan.

Bitxikeria moduan aipatu behar da orain lau urteko kanpainan Patxi Lopez izan zela bere gaztetako dantzari sasoiko argazkiak plazaratu zituena, eta oraingoan berriz Iñigo Urkulluk atera duela umetako albumetik dantzan ageri den argazki bat. Gaur bertan, El Diario Vasco egunkarian honako argazkia agertu du, 1968an, Mungiatik Arratera egindako txangoa izan zen. Dantza taldeko kidea zen eta Arrateko eliza aurrean dantzan ageri da Iñigo Urkullu mutil koskorra.

Partido Socialista de Euskadi - Euskadiko Ezkerra

Orain bukatzen den legealdian urratutako bidean sakontzea proposatzen du PSE-EE-k kultura alorrean. Planteamendu orokorrak jaso ditu programan Patxi Lopez-en hautagaitzak, eta jasotako ekintza zehatzak bukatzen ari den jardunean abiatutako proiektukin lotutakoak dira. Herritarrak, politika kulturalaren erdigune eta helburu bihurtzeko asmoa eta Kultura eta identitate plural eta dinamikoak lantzeko asmoa aurreratzen du PSE-EEren programak. Zehazki dantzari dagokionean, dauden aipamenak jarduera orokorren testuinguruan kokatzen dira:

  • Bono Kultura edo Kultura Kontsumoaren Klubaren moduko ekimenak, edo antzerkia, dantza edo zuzeneko musika sustatzeko Bultzatuz programak, hots, gobernu sozialistak aurreko legegintzaldian abiatu dituen programak, Euskadiko kulturaren enpresa sare hori finkatzen eta babesten saiatzen dira"
  • "Euskal kulturen hedapena, bikaintasunezko adierazpen artistikoei laguntzearen bidez, eta artista, obra eta euskal ondare artistiko eta kulturalaren hedapenaren bidez. Arreta berezia eskaintzea dantza, antzerki, zinema, musika, literatura edo pinturari, besteak beste, beren obrak erakutsi eta ezagutzera eman ahal izateko."
Hezkuntzari dagokionez, orain lau urteko programan PSE-EEk Arte Eszenikoen goi mailako ikasketak bultzatzeko asmoa iragartzen zuen. Horren emaitza izan da Eszenika, abian jarri den proiektua, baina ordaindik argia ikusi ez duena, eta azken egosia orain hasiko den legealdian izan beharko duena. Alde horretatik harrigarria gertatzen da horren inguruko inolako aipamenik ez jasotzea programak.

Eusko Alderdi Jeltzalea

Iñigo Urkullu buru duen hautagaitzaren programan esaten denez "Kultura beharrezkoa da gizartearen garapenerako eta aberasgarria da pertsonen zein taldearen ongizaterako." Kulturaren inguruko ekimen orokorrez gain, zehazki dantzari buruz honako egitasmoak jasotzen ditu EAJ-ren hautes programak:

  • "Tradiziozko dantzaren, dantza garaikidearen eta klasikoaren arteko koordinazioa eta lankidetza indartuko da “Dantza Etxe”en bitartez eta dantzari eta tradiziozko eszenari buruzko dokumentu artxiboaren sistema egituratuko da."
  • "Oinarrizko eta tarteko dantza zikloetan araututako zentroen Sarea osatzea eta goi mailako zikloa abian jartzea."
  • "Titulartasun publikoko antzokiak sostengatzea, antzerkia eta dantza ekoitz dezaten.

 

Euskal Herria Bildu

Hezkuntzan euskal kulturaren curriculuma lantzearen aldeko apustua egiten du EH Bilduk. Sorkuntza eta adierazpen artistikoa sendotzea eta sustatzea, ondare material eta inmateriala zaindu, ikertu eta ezagutzera ematea, eta kultur industriak sustatzea proposatzen du Laura Mintegi buru duen hautagaitzak. Zehazki dantzari dagokionez hauxe jasotzen du EH Bilduren programak:

  • "Dantza tradizionala berreskuratu eta gaurkotzeko programak babestu (dokumentazioa, irakasleen formakuntza, eskolak...). Dantza egitasmo berritzaileak sustatu (ikerketa, esperientziak trukatu, nazioarteratzea...)."
Ondare inmateriala eta materiala babesteko proposamenak jasotzen ditu EH Bilduren programak, eta ondare inmaterialen artean dantza aipatzen du, baina ondoren alor horretarako aurreikusitako ekintza zehatzei dagokionez ez du dantzari buruzko asmorik aurkezten. Bestalde, artxiboei dagokionez, hauxe dio EH Bilduren programak:
  • "Badira musika eta kanta zaharren artxiboak. Baita bertsoenak ere, Xenpelar zentroa, esaterako. Dantzak jasotzen eta hedatzen diharduten taldeak ere bai. Ezin ahaztu, Euskal Herriko azken urteetako historia sozio-politikoa biltzen duen Lazkaoko artxiboa. Abian dauden ahaleginak koordinatzeko eta indartzeko politikak garatuko dira."

Partido Popular del Pais Vasco

Kultura Euskadiren motor ekonomikotzat jotzen du Euskadiko Partido Popularrak bere hauteskunde programan. Antonio Basagoiti hautagai duen eskaintzak aniztasuna eta askatasun linguistiko nahiz kulturala bultzatu eta sustatuko dituela iragartzen du. Zehazki dantzari dagokionez zera iragartzen du Euskadiko PP-ren programak:

  • "Goi Mailako Dantza Kontserbatorioa sortuko da Gasteizen"
  • "Alderdi Popularraren Gobernuak, gainerako instituzioekin koordinatuta, antzerkia, musika, dantza, zinema edota arte plastikoak laguntzeko programak sustatuko ditu. "

PP hauteskunde egitaraua (pdf)

Ezker Batua - Berdea

Kultura kritiko baten aldeko deia egiten du Ezker Batua-Berdeak alderdiak bere hauteskunde programan. Raquel Modubar hautagai duen alderdiak azpimarratu zuen orain lau urteko programan "dantza tradizionala bizi-iraute arriskuan zegoela", eta Euskal Dantza Konpainia bat sortzea proposatu zuen. Proposamen bera jasotzen du orain ere bere programan:

  • "Euskadin Antzerki Konpainia Nazional bat, Euskal Antzerki Konpainia Gazte bat, eta Euskal Dantza Konpainia bat sortzeko aukera aztertzea proposatzen zaio Kulturaren Aholku Batzordeari".

EB-Berdeak hauteskunde egitaraua

Ezker Anitza

Ezker Anitzak Euskadi kulturanitz eta eleanitz baterako proposamenak jaso ditu bere hauteskundu programan. Mikel Arana hautagi duen alderdiak euskal kulturaren sustatzea proposatzen du, "Euskadin ekoizten den kulturaren adierazpen ezberdinak bezala ulertuta, burututako hizkuntza kontutan izan gabe". Ez du dantzaren inguruko proposamen zehatzik jaso bere hauteskunde programan.

 

Union Progreso y Democracia

Gorka Maneiro hautagai duen UPyD alderdiak ez du kulturaren ez eta dantzaren inguruko egitasmorik ez proposamenik jaso bere programan.

Dokumentuaren akzioak

2012/10/19 13:03
Baten batek ba al daki Patxi Lopez eta Iñigo Urkulluz besteko hautagaiak dantzari izan ote diren inoiz?
2012/10/19 13:29
Honetariko batek bez ez dau lortuko nire botorik. Euskal Nortasunik ez dau erakusten batek bez eta, ezta kulturan. Dantza Taldetan hainbeste urte daroegunok jakin badakigu gusurretan dabiltzala guztiek.
Beti promesak eta beti esan onak, ta begitu nola gauzen: Dantza Taldeak lur azpian!!!.
 Ez dotziet siñesten politikoei, baina eurekin ibili direzanei bez, ezta "profeta" barrieri.
 Dantza taldeok be badekogu zer ikasi, eta aldatzeko arlo asko, baina ikusita, azken urteetan nortzuk, akuilugaz eskuan "gidatzen" dozkuen, nahiko dekogu gure lan bolondresa segitzen.
2012/10/19 17:18
Dantza tradizionala "gaurkotu"?.Zer demontre da hori?, ez al da berez gaurkoa?
2012/10/19 19:13
Dantza tradizionala "gaurkotu" diñona, "plazak "demokratizatu" dogule", be esan ahal dau. Tal para kual. Ezta bategaz ezta besteagaz bez!!!!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.