Dantza, arnasketa eta sinkroniaren esperientzia

2026/05/15
Dantza, arnasketa eta sinkroniaren esperientzia

Dantza ez du arte hutsa bezala ulertzen Nazareth Castellanosek, baizik eta gorputzaren, garunaren eta emozioaren arteko elkarrizketa sakon gisa. El cerebro en danza liburuan heltzen dio gaiari, Joaquín de Luz New York City Ballet-eko lehen dantzari ohiarekin batera. Liburuko ideiarik indartsuenetako bat dantzaren dimentsio kolektiboarena da. Castellanosek azaltzen du pertsonen artean sinkronia sortzen dela arreta eta emozioa partekatzen direnean: “pertsona batekin harremanetan gaudenean, gure garunak sinkronizatu egiten dira arreta edo emozioa dagoenean”. 

Elkarrekin mugitzearen indarra

Dantzan fenomeno hori modu berezian gertatzen dela dio. Talde batek erritmo bera partekatzen duenean, gorputzak ez ezik, organismoa bera ere sinkronizatzen dela azaltzen du. Horregatik aipatzen ditu dantzari taldeak, arrain-bankuen mugimendua edo hegazti-taldeak: mugimendu kolektiboak koordinazio biologikoa ere sortzen du.

Hor dago erritualen garrantzia ere. Castellanosek azaltzen du errituek ziurgabetasunaren aurrean segurtasuna ematen dutela, eta dantzak historian zehar funtzio hori izan duela komunitateetan. Mugimendu partekatuek lotura, arreta eta pertenentzia-sentsazioa sortzen dituzte. Azken batean, dantza ez da soilik mugimendua: elkar ulertzeko eta elkarrekin sinkronizatzeko modu bat ere bada.

Arnasketa, koordinazioa eta mugimendua

Castellanosek azaltzen du garunak etengabe aurreikusi nahi duela zer gertatuko den. Joaquin de Luz dantzariaren esperientzia erabiltzen du adibide gisa, eszenatokira igo aurreko une horretan gorputzak eta garunak bizi duten tentsioa azaltzeko. Une horretan, ziurgabetasuna erabatekoa da: “errusiar mendia hasteko zorian dago”. Karl Fristonen “energia librearen printzipioa” aipatzen du horretarako: garunak kontrolatzen ez duen informazioa minimizatzen saiatzen da etengabe. Horregatik bihurtzen da hain estresagarri eszenatokira igo aurreko unea. Dantzariak ez daki zer gertatuko den, eta garunak “bere amesgaiztorik okerrenari egin behar dio aurre: etorkizuna ez jakitea eta ezin aurreikustea”.

Testuak argi uzten du erantzuna ez dagoela soilik pentsamenduan. “Gorputzera jo behar da, hara eraman gaituen gorputz berera”, idazten du Castellanosek. Horregatik ematen dio arnasketari hainbesteko garrantzia.

Liburuan azaltzen du arnasketak zuzenean eragiten diela arreta, memoria eta emozioarekin lotutako garun-egiturei. Stanfordeko Unibertsitateko ikerketa bat aipatzen du, arnasketaren neuroanatomiaren lehen ebidentziak azaldu zituena. Arnasa sudurretik hartzeak usaimen-bulboa aktibatzen duela azaltzen du, eta handik informazioa hipokanpora eta kortex zingulatura transmititzen dela. Horrek neuronen koordinazioa laguntzen du.

Hor erabiltzen du dantzaren irudia: neuronak “konpainia bateko dantzariak” bezala aritzen dira, koreografia baten barruan koordinatu behar dutenak. Garunean ez dago bakarkako dantzarik; koordinazioa behar da mugimendua, erabakiak edo oroimena antolatzeko. Arnasketa sakonak, Castellanosen arabera, koordinazio hori indartzen du.

Exhalazioaren garrantzia ere azpimarratzen du. Tokioko Unibertsitatearen ikerketa bat aipatzen du, arnasa botatzea emozioen erregulazioarekin lotzen duena. Arnasa hartzea ekintzarako prestatzea bada, arnasa botatzea lasaitasunerako bidea dela dio. Horregatik, dantzariaren gorputzak arnasketaren bidez aurkitzen du oreka eszenatokira igo aurretik.