Dokumentuaren akzioak
Basauriko 29. Dantza Agerketa
Jaialdia irailaren 15ean hasiko da, larunbatean, Basauriko Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeek eskainiko duten dantza saioarekin.
Igandean egingo da Dantza Agerketaren ekitaldi nagusia. Herrialde bakoitzetik ordezkaritza bat biltzen saiatzen dira antolatzaileak eta aurten 7 taldek parte hartuko dute Bizkotxalde Parkean egingo den jaialdian.
Lapurditik, Ustaritze-ko Izartxo dantza taldeak ihauteriak eta jauziak eskainiko ditu, eta Zuberoatik, Ligi-Atherei-ko dantzariek erakutsiko dituzte aurtengo Maskaradarako prestatu dituzten dantzak. Nafarroatik, Ribaforadako dantza taldea hurbilduko da Basaurira, herri horretako makil-dantza eta jota erakustera. Gipuzkoatik Legazpiko Sustraiak dantza taldeak ezpata-dantza eta guda-dantza egingo ditu. Arabatik, Adurtza dantza taldeak Gasteizko Zortzikoa egingo du. Bizkaitik bi dantza taldek parte hartuko dute. Alde batetik, aurten Gernika-Lumo-ko Elai-alai taldeak Aurreskua eta Erregelak egingo ditu, eta Durangaldeko Kriskitin dantza taldekoek Dantzari dantza eta Gorulariak dantzatzeaz gain, orain gutxi berreskuratu duten Platillu-soñua egingo dute.
Gainera, Bilboko Ondalan erraldoien konpartsak ere parte hartuko du eta dantzarako tresnak egiten dituzten artisauen erakusketa izango da Basauriko dantza agerketan. Musika-tresnak, arropak, abarka eta abarketak eta dantzarako tresnak egiten dituzten zenbait artisauk beren lanak erakutsiko dituzte.
Dokumentuaren akzioak