Dokumentuaren akzioak
Azken entseguak Tandilera bidean
 Dantzan
      
      Dantzan
    
   
                
                Argentinako diasporak bertako Euskal Aste Nazionalean aurkeztuko duen Martin Zalakain ikuskizuneko azken prestaketak.
Dinamika bizi-bizian dabiltza Argentinako euskal dantzariak, asteburuan Tandilen ospatuko den Euskal Aste Nazionalerako azken prestaketan. Programa oparoa izaten da urtero hiriz aldatzen doan Euskal Astean, musika (aurten Idoia Asurmendi eta Zetak, besteak beste), herri kirolak eta abar, baina protagonista nagusia dantza izaten da. Argentina eta Uruguaiko hogeitaka dantza talde batuko dira Tandilen, eta ostiraletik igandera, erromeria, dantza emanaldi eta plazako saioekin, euskal dantzaz beteko dituzte bazterrak.
 
Larunbat gauean, hiriko antzoki handi batean egin ohi den emanaldian talde bakoitzak dantza bat eskaini ohi du, eta aurten bertako dinamika aldatu eta denek elkarrekin Martin Zalakain ikuskizuna eskaintzen prestaketetan dihardute. Argia dantzari taldeak, Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean eta beste zortzi dantza talderen parte hartzearekin eskaini zuen ikuskizun hori Euskal Herrian barrena. Oraingoan Argentina eta Uruguaiko 25 dantza taldek osatuko dute ikuskizuna, hainbat hilabete daramatzate distantziatik prestaketa lanetan eta azken egunotan, Argiako lantalde batek Argentinara bidaiatu du, eta hiriz hiri dabiltza bateko eta besteko taldeekin errepikak eta emanaldira begirako azken egokitzapenekin egiten.
 
Urriaren 24an abiatu dira Euskal Herritik lehen espediziokideak Argentinara. Bidean erdiak galduta ―lau kide Madrilen utzi zituen hegazkin konpainiak eta bi egun egin dituzte han bidaia segitzeko zain― iritsi dira Buenos Airesera. Munduko Euskal Etxe zaharrenean, Laurak Baten egin die harrera bertako dantza taldeak Monika Bañales, Ainhoa Larrañaga eta Oier Araolaza dantza irakasleei eta Julen Leuza musikariari. Dantza entsegua egin dute eta gauzak oso ongi prestatuta zituztela frogatu dute dantza-irakasleek. Euskal Herritik Aritz Ibañez Dugunako dantza-maisua aritu zitzaien gidak, bideo-tutorialak eta argibideak mezuz ematen, eta bertara etorritako irakasleek azken xehetasunak lotu baino ez dute egin behar izan. Entseguaren ondoren euskal dantza eta generoaz hitzaldia eskaini die Oier Araolazak.
 
 
Biharamunean lantaldea bereizi egin da. Monika Bañales eta Julen Leuza La Platara joan dira eta hango dantzariekin aritu dira entseguan laguntzen. Bertan batu zaizkie Madrilen ataskatuta geratutako espedizioaren beste zatia: Jexux Larrea dantza-maisua eta Mikel Urbeltz, Maider Urbeltz eta Ander Blasco musikariak. Batzuk La Platara bidean ziren bitartean, beste bi, Ainhoa Larrañaga eta Oier Araolaza Cañuelas-era joan dira eta bertako euskal etxean aritu dira dantzarien prestaketan eta euskal dantzaren historia kontatzen duen hitzaldi-dantzatua eskaintzen.
 
La Platan zen lantaldea oraindik gehiago bereizi da, bi dantza-maisu/maistrak, Jexux Larrea eta Monika Bañales Macachinera joan dira gau osoa hartu dien bidaia luzean. Musikariak Tandilera jo dute, bertako dantzari eta Argentina bertako musikariekin entseguetan hasteko prest. Azkenik, Ainhoa Larrañaga eta Oier Araolaza Bahia Blancaraino joan dira, egun osoko bidaian. Macachin-en eta Bahia Blancan entseguak eta hitzaldiak eskainita, Tandilerako bidea hartuko dute guztiek eta hor hasiko da Martin Zalakain Tandileko Euskal Astean eskaintzeko proiektu handi honen azken txanpa, sprinta.
 
Dokumentuaren akzioak
 
     
 
  
 
 
