Dokumentuaren akzioak
15 festa dantzazale batek bizitzan behin bertatik bertara ezagutu beharrekoak
Jatorri izena daramaten hainbat dantza egiten ditugu dantzazaleok, baina maiz, egiten ditugun dantza horiek ez ditugu bere herrian, bere festan, bere plaza eta kaleetan, bere testuinguruan ezagutzen. Hona hemen dantzazale batek bizitzan behin bertatik bertara ezagutu beharreko festen zerrenda bat, osatze eta eztabaidetara irekia, nola ez!
1. Muskildako Ama Birjinaren omenezko dantzak Otsagabian
Irailaren 8an, Muskildako Ama Birjinaren omenez ospatzen den festan eskaintzen dute Otsagabiako dantzariek beren urteko emanaldi nagusia. Goizean Muskildara igo eta bertan dantzatzen dute 12:00ak inguruan. Arratsaldean aldiz, herriko plazan eskaintzen dituzte Muskildako Ama Birjinaren dantzak 18:00etan.
2. Kaxarranka eta eguzki-dantza Lekeition San Pedro egunean
Kaxarranka eta eguzki-dantza dantzatzen dituzten ekainaren 29an Lekeition. Meza ondoren dantzatzen da kaxarranka San Pedroren arkupean, kofradiako presidentearen etxe aurrean eta plazan eta segidan Eguzki-dantza plazan.
3. Bordon-dantza, makil-dantzak eta aurreskua Beran San Esteban egunean
San Esteban egunean, abuztuaren 3an, meza nagusiaren ondoren bordon-dantza eta makila-dantzak dantzatzen dira Beran. Arratsaldean, berriz, Gure Txoko dantza taldeko dantzariek Berako aurreskua dantzatzen dute.
4. Maskaradak Zuberoan
Urtarriletik apirilera, inauteri aroa kolorez, musikaz eta dantzaz janzten dute maskaradek Zuberoan. Urtero herri bateko gazteek hartzen dute ardura maskaradak prestatu eta igandez igande Zuberoako hainbat herritan eskaintzeko. Gorrien dantza ikusgarriak, beltzeriaren antzerki, trufa eta barrabaskeriak, eta txorrotxen kantu ederrek ikuskizun berezi eta ez-ohikoa osatzen dute.
5. Paloteadoa Cortesen
Irailaren 29an, San Migel egunez, burutzen den ospakizuna da. Antzerkia, bertso errezitatuak eta dantza biltzen ditu ikuskizun honek. Eguerdian, San Migelen omenezko prozesioan dantzari eta pertsonaiek parte hartzen dute. Saio nagusia arratsaldeko 18:00etan izaten da plazan.
6. San Fermin eguneko dantzak Lesakan
San Fermin egunean, uztailaren 7an, ezpata-dantzariak dira protagonista nagusiak Lesakan. Goizean, meza ondotik hasten dira makil-gurutzeak eginez kalejiran kalez kale. Plazan ziharkakoa eta bereziki Onin errekaren alboetan zubigainekoa izaten dira momentu berezienak. Arratsaldean, zantzo-monona eta neska-dantza dantzatzen dituzte.
7. Korpus dantzak Oñatin
Korpus egunaren hurrengo igandean korpus dantzak burutzen dira Oñatin. Dantzarien eten-gabeko joan etorri eta dantzen artean, Jesus, apostoluak eta San Migelen irudiak gorpuzten dituzte hainbat herritarrek, Corpus Christi prozesio ikusgarria osatuz. Arratsaldean Korpus dantza guztiak eskaintzen dituzte dantzariek Foruen plazan.
8. Inauteria Lantz-en
Lantz eta inauteria zilbor-hestez lotuta ageri dira euskal folklorean. Miel Otxin, ziripot, zaldiko, arotzak, txatxoak... Ostatutik atera eta makilez kolpatu den erlauntza bezala zabaltzen dira mozorroak herriko kaleetan. Txistulariak inguruan jiraka eta dantzan herriari itzulia egin eta plazan dantzatzen dute denek batera zortzikoa, asteartita eguerdian eta gauean, horren ondotik Miel Otxin tiroz hil eta sutan erretzeko azken zortzikoa dantzatu aurretik.
9. Eltziegoko dantzak iraileko Ama Birjinaren egunean
Irailaren 8an, Ama Birjinaren egunez prozesioan parte hartuz, kalejirak eginez eta dantzan ospatzen dute festa Eltziegoko dantzariek. Pasacalle, cuatro calles, el arbol eta jota ezagunen emanaldi nagusia eguerdian burutzen dute. hainbat dantza burutzen dituzte Eltziegon. Eguerdian burutzen dute dantza saioa.
10. Besta Berri Heletan
Corpus Christi, Fete de Dieux edo Besta Berri egunaren hurrengo igandean, martxa zeremonial ikusgarriak burutzen dira Lapurdi eta Nafarroa Behereko hainbat herritan, eta horien artean da Heletako Besta Berri koloretsua. Eguna goizeko mezarekin hasten dute. Elizaren barnean dantzatu eta meza bukatu ondoren, prozesioa abiatzen dute. Segizioa hainbat protagonista jantzi bereziz apainduta aurrera eta atzerako martxan aritzen dira: kapitaina, tenientea, oilarrak, loreak botatzen dituzten haurrak, soldadu armadunak, zapurrak, makilariak, banderariak...
11. Kaskarotak Uztaritzen
Inauterietan oso zabalduak diren bi ezaugarri biltzen dituzte Uztaritzeko kaskarotek: etxez etxeko eske erronda eta makila-dantza. Inauterietako igandean ateratzen dira kaskarotak, etxez etxe dantzak eskainiz eta etxekoek eskaintzen dizkieten jaki eta edariak dastatuz. Meza ostean eliza aurrean aritzen dira.
12. Dantzari-dantza eta erregelak Garain
Santa Ana egunean, uztailaren 26an, ezkonduen eguna izaten da Garain. Meza nagusia eta prozesioaren ostean, dantzari-dantza dantzatzen dute ezpata-dantzariek. Ondoren andrazkoek erregelak dantzatzen dituzte.
13. Elurretako Ama Birjinaren eguneko dantzak Lanestosan
Dokumentuaren akzioak
Abuztuaren 5ean, Elurretako Andre Mariaren omenez festa egun handia izaten da Lanestosan (Bizkaia). Goizean, agintarien desfilean eta Ama Birjinaren omeneko prozesioan zehar dantzatzen dute. Zetazko paper koloretsuz apaindutako arkuekin etengabe aritzen dira joan etorri, arku, sigi-saga eta aldaeren jolasean.
14. San Joan eguna eta Bordon-dantza Tolosan
Ekainaren 24an, San Joan eguna alarde, prozesio eta bordon-dantzarien emanaldiekin loratzen da Tolosan. Meza ondoren, prozesioa eta alardea egiten dira, tartean, bordon-dantzariek San Joan zortzikoa dantzatzen dute, kanpaiak joka eta eskopeteroak salbak jaurtitzen dituzten bitartean. Arratsaldean bordon-dantza dantzatzen Udaletxetik abiatu eta bezperetako ibilbidean laguntzen diete agintariei, bidean hainbat aldiz dantzatuz. Soka-dantzarekin bukatzen dituzte lanak bordon-dantzariek.
15. Antioko ezpata-dantza Zumarragan
Santa Isabel egunean, uztailaren 2an, burutzen da Zumarragako Antioko baselizan. Meza Nagusiaren hasieran, baselizaren barruan, herriko dantzariek ezpata-dantza eskaintzen diote Ama Birjinari. Meza ondoren, ezpata-dantza eta aurreskua dantzatzen dituzte eliza aurreko zelaian.
Eta zuk? Zein proposatzen duzu?
Hamabost proposatu ditugu, baina beste hamabost desberdin izan zitezkeen. Zein sartuko zenuke zuk honako zerrenda honetan?
Dokumentuaren akzioak
Libertimendua Garazin
San Lorenzo eguna Iruñean
...