Dokumentuaren akzioak
Olaeta Balleta: Itzulera eta Jaietan
Olaeta Balleta Elkarteak ikuskizun berria estreinatuko du Arriaga Antzokian egitarau bikoitzarekin: Itzulera eta Jaietan.
Itzulera obrak Andima Ibiñagabeitia euskal idazlearen azken egunak kontatzen ditu Asier Zabaletaren koreografiak. 1967an, Caracasen zegoen erbesteratuta eta hainbeste urteren ostean Bilborako itzulera prestatzen hasi zen. Gaixorik dago eta amets egiten du hegazkinez doala eta leihatilatik Bizkaiko txokoak ikusten dituela: bere haurtzaroko Elantxobe, bonbardatutako Gernika, Gorbeia inguruko baserriak eta Bilbo industriala. Eta ustezko itzulera hori Jon Mirande adiskideari kontatuko dio eskutitz baten bidez. Baina eskutitz hori ez zen inoiz idatzi, eta Ibiñagabeitia ez zen inoiz itzuli bere jaioterrira. Heriotza aurreko ametsa baino ez zen izan.
Jaietan ikuskizuneko haur eta gazteen baletaren bidez erakutsiko zaigu nola antolatzen eta ospatzen diren jaiak. Lan nekosoa bukatutakoan, etxera itzuli eta bazterrean utziko ditugu gure eguneroko betebeharrak jaiaz/jaiez gozatzeko. Ongi prestatu behar dugu, ezerk huts egin ez dezan. Egunerokotasunetik irtetea eta herriak eskaintzen digunaz gozatzea da helburua, denon parte-hartzearekin.
Argazkia: Arriaga Antzokia
Dokumentuaren akzioak