Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Argitalpenak Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua

Dokumentuaren akzioak

Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua

Gipuzkoako dantza-maisuen ezkutuko oinordetza jaso du Mikel Sarriegik liburu batean. 20 urtetik gorako ikerketaren emaitza da. Goierriko eta Gipuzkoako dantza-sistema aztertu du, Juan Inazio Iztuetadantza-maisuaren oinordetza ezezaguna.
Egilea
Mikel Sarriegi
Formatua
Liburua
Editorea
Aranzadi
Data
2023/12/01

Berrehun urte betetzear dira Juan Inazio Iztueta zaldibiar semeak gipuzkoarrok nola dantzatzen ginen liburu batean jaso eta azaldu zuenetik (Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira…). Aurretik eta ondoren asko eta sarri dantzatu den herria da euskaldunona. Tarte honetan guztian eta ezagutu ditugun gertaera ororen gainetik, ez diogu dantzatzeari utzi.

Batez ere ahoz aho fideltasunez gorde den tradizio bati esker, hainbat eta hainbat dantza-maisuren eta dantzariren eskutik -eta oinetatik- gure grinak, beharrak eta gogoak dantzaren bidez adierazteko modu bat osatzen duen ondare aberats eta oparo bat iritsi zaigu gaur egungo zaleoi. Baina, gizartea eta gizarteak berak biziraupenerako erabiltzen dituen tresnak aldatzen ari dira etengabe, eta azkenaldian abiadura zoro batean murgilduta, geroz eta nekezagoa gertatzen zaigu orain arteko ahozko transmisio osasuntsu batek bermatutako ezagutzari zuzentasunez eustea. Ondorioz, dantzatzeko moduak, edukiak, lanabesak… gure dantza hizkuntza, azken batean, txirotzen ari zaigu eta urteen, eta mendeen, poderioz ondutako aberastasunaren zati handi bat galtzeko zori bizian gaude mende hasiberri honetan.

Orain ia 25 urte hasitako ikerlanari esker, dozenaka libururen eta agiriren araketa bidez, 30 herritik gorako tradizio dantzatuaren azterketa egin eta 80 dantza-maisu, aditu eta dantzari baino gehiagori zuzeneko elkarrizketak egin ondotik, lan mardul honek gaur egun eteteko arriskuan dauden katebegi ezezagun horiek aurkitu, ikusgai bihurtu eta dantzarion erabilerarako aldarrikatzen eta berreskuratzen lagundu nahi du, betirako galdu baino lehen.

1000 orrialde, 600 irudi, eta taula eta grafiko kopuru handi batekin hornituta, orain arte ezkutuan edo erdi-ezkutuan gorde den oinordetza, modu antolatu, arrazoitu eta ahalik eta samurrenean dantzarion eskura jarri, eta laino artean erdi lausotuak zeuden zenbait uste eta hipotesi, zuzenak ala okerrak izan, argibidean jartzeko ateak irekitzen dira liburu honetan. 

Lehen ataletan ikerketa-lanerako erabili diren metodologia eta lanabesak azaltzen dira. Ondoren, Gipuzkoako eta inguruko lurraldeetako dantza-maisuen sareari buruzko informazioa biltzen da, erabilitako aurrekari historiko eta bibliografiko guztien azterketarekin batera. Hurrengo ataletan, dantzatzeko erregelak edo arau orokorrak eta koreografikoak lantzen dira, dantza-sistema osatzen duten mugimendu-mota eta -osagai guztien argibideak xehetasun handiz eskainita. Amaitzeko, ikerketaren emaitza diren ondorio orokorrak jasotzen dira eta egileak Gipuzkoako maisuen dantza-sistema antolatzeko eraikitako proposamena aurkezten da.

Argitalpena Aranzadi zientzia elkartearen babesaz, Aurtzaka dantza taldea eta Dantzan elkartearen laguntzaz, eta Gipuzkoako Foru Aldundia, Beasaingo, Ordiziako, Donostiako, Zumarragako, Zaldibiako, Oñatiko eta Segurako udalen diru-laguntzari esker kaleratuko da.

Erosi liburua dendarako saski-botoia

Aurkibidea

  • Sarrera
  • Metodoa
  • Aurrekariak
  • Dantza-maisuen sarea
  • Dantzatzeko erregelak eta arau orokorrak
  • Puntuak eta aldairak
  • Oinpuntakoak eta Punteatzea
  • Sarrerak, Itxierak eta Deiak
  • Sentzilloak
  • Paseoak
  • Lauarinak edo Kuatropeloak
  • Lasterkak edo Karrerak
  • Saltoak, Muriska edo Gabriolak eta Ostikoak
  • Punta-orpokoak, Zapateatuak edo Punteatuak
  • Txingoak eta Belauntxingoak
  • Oinjirak eta Gurpilak
  • Pausoa, Korrika eta Saltarintxoa
  • Arau koreografikoak
  • Ondorio orokorrak
  • Sistematizazio baterako proposamena
  • Azken solasa
  • Gehigarriak

Fitxa

  • Egilea: Mikel Sarriegi Etxezarreta
  • Edizioa eta Hitzaurrea: Emilio Xabier Dueñas
  • Hitzaurrea: Jokin Otamendi Azurmendi
  • Hitzaurrea: Oier Araolaza Arrieta
  • Diseinua, maketazioa eta inprimaketa: Michelena artes gráficas S. L.
  • Testuen zuzentzailea: Edurne Aldasoro Iturbe
  • Azalaren diseinua: Igor Rezola Iztueta
  • ISBN: 978-84-17713-91-1
  • Lege Gordailua: D 01019-2023

 

Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua

Mikel Sarriegi, Aranzadi, 2023

 

Erosi liburua dendarako saski-botoia