Dokumentuaren akzioak
Lucia Lakarra protagonista duela "Izena duenak izana du" balleta aurkeztuko da Bilbon
Lucia Lakarra izango da Jon Ugarrizaren ballet berriaren estreinaldiko protagonista. Euskal herriko sinesmen eta ohituretan oinarritzen den lana da Izena duenak izana du eta Toti Martinez de Lezea idazle ezagunak egin du gidoia.
Euskalduna Jauregiko auditorian aurkeztuko da abenduaren 27an Izena duenak izana du balleta. Euskal herriko sinesmen eta ohitura zaharretan oinarrituta, solstizio gauean basoan galdu eta Amari jainkosak erreskatatzen duen gazte baten istorioa kontatzen du balletak. Jon Ugarrizaren zuzendaritza artistikoarekin ikuskizunak Munich-eko operako balleteko lehen dantzariak izango ditu protagonista nagusi: Lucia Lakarra (Amari) eta Marlon Dino (Sugaar jainkoa, Amariren senarra).
Iratxoak, sorginak eta espiritu gaiztoen kontrako babesa ematen duten landareak izango dira Izena duenak izana du laneko gainontzeko protagonistak. Hauek Nerea Barrondo, Mikel de Valle, Maitane Goikolea, Marina Goitia, Jone Martinez, Almudena Perez, Inez Perez eta Clara Yue Bañuelos dantzariek interpretatuko dituzte. Guzti hauek dantza ikasketak prestigio handiko eskoletan beren dantza ikasketak amaitzen ari diren gazteak dira, Bizkaiko Foru Aldundiko bekadunak. Hauek, Moskuko Bolshoi Antzokian, Londresko Trinity Laban dantza eta musika kontserbatorioan, Madrilgo Mariemma dantza profesional erret kontserbatorioan, Victor Ullate dantza eskolan eta Valentziako dantza kontserbatorioan burutu diztuzte dantza ikasketa horiek.
Balletaren gidoia Toti Martinez de Lezea idazle sarituak egin du, Euskal Herriko historia eta ohituren inguruan idazteagatik ezaguna denak. Musika, aldiz, Mikel Laboaren, Iñaki Salvador piano joleraren, Oskorriren, Elefenthal taldearen (Maite Itoiz eta John Kelly) eta Ken Zazpiren abestiek jarriko dute. Azken honen Ilargia abestia Fenando Velazquezek Euskadiko Orkesta Sinfonikoarentzat egindako bertsio sinfonikoan eskainiko da. Eszenografia eta azken teknologiak erabiliz egingo den irudien proiekzioa Mario Jimenezen eskutik iritsiko da Euskalduna Jauregira. Proiekzio horiekin lortuko da ekintzak burutuko diren basoa irudikatzea. Kike Lopezen (argazki zuzendaria), Oskar Andresen (ikus-entzunezkoen zuzendaritza), Yon Gijonen (atrezzoa), Dineke Bakkenen (jantziak) eta Louise Flanaganen (jantziak) figurek osatzen dute lan taldea.
Ugarriza eta Lakarra-Dino bikote artistikoaren bigarren kolaborazioa da honakoa, ekainean egindako The Key laburmetraiaren filmaketaren ostean.
Ikuskizunerako sarrerak leihatilan, internet bidezko salmenta puntuetan eta Kutxabank zerbitzuan daude salgai 12-25 euroren truke.
Datuak
- Estreinaldia: Izena duenak izana du
- Zuzendaritza artistikoa: Jon Ugarriza.
- Zuzendaritza laguntzaileak: Leire Cabrera, Maria Jesus Recio, Alba Tapia eta Aitor Trigo.
- Gidoia: Toti Martinez de Lezea.
- Dantzari gonbidatuak: Lucia Lakarra eta Marlon Dino (Municheko Antzokiko operako lehen dantzariak).
- Dantzari gazteak: Nerea Barrondo, Mikel del Valle, Maitane Goikolea, Marina Goitia, Jone Martinez, Almudena Perez, Ines Perez eta Clara Yue Bañuelos.
- Eszenografia eta proiekzioa: Mario Jimenez.
- Musika: Mikel Laboa, Iñaki Salvador, Oskorri, Ken Zazpi (Fernando Velazquezek Euskadiko Orkesta Sinfonikoarentzat egindako bertsio orkestrala) eta Elfenthal.
- Argazki zuzendaria: Kike Lopez.
- Ikus-entzunezkoen zuzendaritza: Oscar Andres.
- Atrezzoa: Yon Gijon.
- Jantziak: Dineke Bakken eta Louise Flanagan.
- Data eta lekua: Euskalduna Jauregiko auditorioan, 2015eko abenduaren 27an, 20:00etan.
- Sarrerak: 12-25€.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Iratxe de Arantzibia
Dantza kazetaria, kritikalaria eta prentsa arduraduna