Dokumentuaren akzioak
Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroaz: Euskal Kultur Transmisioaren begiradatik irakurketa kritikoa
EAEKo Hezkuntza Legean euskal kultura aintzat hartzeko agerraldia Durangon, 2022-12-10. Argazkia: Aritz Loiola - Foku / Berria
EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektua aztertu, eta, euskal kulturaren transmisioa ardatz hartuta, irakurketa kritikoa egin genuen iaz, baita irakurketa hori elkarrekin publiko egin ere (2022ko ekainaren 15ean eta abenduaren 10ean). Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria apirilaren amaieran edo aurreraxeago erregistratuko da, antza, eta Gasteizko Legebiltzarrean eztabaida abiatzen den garairako, kultur eragileon artean egin dugun irakurketa kritikoaren aldeko atxikimenduak bildu nahi ditugu, aipatutako Legebiltzarreko eztabaida horretara euskal kulturaren transmisioaren eta kultur hezkuntzaren auziak eraman ahal izateko, ahalik eta babes handienarekin. www.kulturgintzan.eus gunean duzu irakurketa kritiko hori, baita eginiko agerraldien zein elkarrizketa batzuen berri ere. Irakurketa eta kokapen horrekin bat egingo bazenu, atxikimendua emateko aukera ere baduzu gune horretan bertan.
Gure irakurketarekin bat egin dezakeen sortzaile, kulturgile, hezitzaile, hezigune, irakasle edo herritarrik ezagutuko bazenu, eskertuko genizuke atxikimendu kanpainaren berri ematea. Kanpaina honen berri emateko bideo labur bat ere sortu dugu:
Irakurketa kritikoaren zutabeak
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legean eta curriculum berrian euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza bermatzea ezinbestekotzat dugun kultur eragileok adierazi nahi dugu Hezkuntza Lege-aurreproiektuaren zirriborroa irakurri dugula, eta egiaztatu dugula ez dela bermatzen euskal kultura zehar-lerro izatea, ez oinarrizko hezkuntzan, ez beste hezkuntza-eremu batzuetan ere. Gure irakurketa kritikoaren oinarrizko zutabeak honako hauek dira:
- Kultur hezkuntza edota hezkuntza artistikoa diziplina eta jardun eraginkorrenetariko bat da pentsamendu sortzailea elikatzeko, pentsamendu kritikoa sustatzeko, nortasunaren garapenean laguntzeko, gizarte-kohesioan urratsak egiteko, kulturartekotasuna lantzeko, komunitatea(k) eraikitzeko, eta abar.
- Euskara eta bere kultura bereizezinak dira.
- Euskara ez da normalizatuko euskarazko kulturgintzaren ekosistema osasuntsurik gabe.
- Euskarazko kulturgintzaren ekosistema osasuntsu bizi dadin ezinbestekoa da euskararen normalizazioa.
- Hezkuntza arautua euskarazko ekosistemaren ezinbesteko eragile da, beste hainbat eragilerekin elkarlanean jardun behar duena, elkar elikatzeko (sortzaile, antolatzaile-bitartekari, hedabide, hezkuntza araututik kanpoko hezitzaile eta zaleekin batera).
- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza prozesuaren amaieran euskaldun oso izango diren ikasleak hezi nahi baditugu, ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea.
- Euskarazko kulturgintzaren transmisioa euskarazko kulturgintzaren historia eta oraina irakastearekin batera, kultur adierazpide ugariren praktikan trebatzea da, eta euskaraz sortzeko grina transmititzea.
Oinarrizko abiapuntu horietatik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege-aurreproiektuaren zirriborroko hainbat alderdik kezka handia eragin digute:
- Hezkuntza Legearen zirriborroak ez du kokatzen kultur hezkuntza edota hezkuntza artistikoa funtsezko adartzat eta jakingaitzat.
- Hezkuntza Legearen zirriborroan, testuinguru eta kokapen orokorra egiten denean, ez dago euskararen eta bere kulturaren egoera diglosikoaren inguruko aipurik.
- Helburuetan ez dago euskal kulturari espresuki uztarturikorik.
- Ez dago euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza bermatzeko erakunde, organo edo funtzio iraunkorrik.
Gabezia horiek bete, eta euskararen eta bere kulturaren transmisioa bermatzeko oinarriak ezartzeko bidean, jakinarazi nahi dugu proposamen zehatzak egiteko asmoa dugula, jada dokumentu batean bildurik ditugunak, eta Hezkuntza Sailari igorri dizkiogunak.
Norabide horretan eragin ahal izateko, oinarri eta ikuspegi hauekin guztiekin bat egiten duten sortzaile, kultur eragile, irakasle, hezkuntza eragile eta herritarren atxikimenduak bildu nahi ditugu Hezkuntza Legearen zirriborroa Legebiltzarrean eztabaidatzen denean aldarrikapen hauek plazaratzeko ahalik eta babes handiena izan dezagun.
Kultur eragile eta kolektiboak
- Ahotsenea
- Aiaraldea Ekintzen Faktoria
- Bertsozale Elkartea
- Dantzan
- Elkar Fundazioa
- Euskal Editoreen Elkartea (EE)
- Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE)
- Euskal Idazleen Elkartea (EIE)
- Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE)
- Euskal Herriko Trikitixa elkartea
- Euskal Wikilarien Kultur Elkartea (EWKE)
- Euskaltzaleen Topagunea
- EuskalPEN
- Galtzagorri
- Hik Hasi
- Ibaia
- Jakin
- Lanartea
- Musikari
- Musika Bulegoa
- Xabiroi
Informazio gehiago eta sinadura bilketa: www.kulturgintzan.eus
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Hezkuntza Dantzan
Jarriko dugu Hezkuntza Dantzan?