Dokumentuaren akzioak
Dantzarien lora – Betilora
Antton Mari Aldekoa-Otalora Zamalloa
1970 urtearen aurreko hamarkadan eztanda geopolitiko orokorra emon zen mundu osoan: erlijio-kontzilioa, politika-vietnam, literatura, kantagintza-rockandrolla, hippiak, al-fatah, txekoslovakiaren udabarria, ira, cheguevara, egi-eta, kibutzak, txabietxebarrieta, arantzazu-oteiza, ezdokamairu, harrietaherri, euskarabatua,ikastolak, herrigaztedi, bandaskogreba luzea, abadeak kartzelara...
Gure inguru honetan be, Ijorretan, Durangaldean horren eragina ezagutu dogu. Donostiatik Argia dantza taldekoak Berrizera datoz “Dantzari-dantza”bere muinean ikastera. Gaztedi, Dindirri, Beti jai alai Bilbotik Berriz, Garai, Abadiñora. Ijorretara be bai baina… Durangogaz udalerri bakarra ginenez ba bigundu ete ginen edo vosotros no sabéis bailar esaten euskuen. Dantzarien herria izanik Ijorreta sekuleko mina sortuazoten euskuen holango esamesek.
Gerediaga Elkartearen eskutik merinaldeko 1º Ezpata dantzari eguna antolatu zen Ijorretan 1967ko iralean. Dantzari-dantzaren kumatxoa den gure eskualde hau ahul eta makal aurkituten zen. Kanpokoek liluraturik joan ohi ziren gure nagusiengandik jasoten eben altxorragaz. 67an beraz hasi ginen jota-ke geurea berreskuratzen. Erregelak hamarkada luze bat bai etzirela Ijorretan dantzatzen. Tiliño ta Mikel “Errotari” dantza-maixuarengana. Hau elbarri, hanka biak moztuta, baina bere esanera eta Miren alabaren laguntzaz …. Plazaratu!
Guren dantzen berreskuratze abiapuntua hauxe izan zen. Dantzan egiteko moduak, jantziak, txalekoak, abarketak, … Tiliñok Orobioko seme zen Juan Gandiaga Zubizarreta,(1890) “Juanito Zesterue”ngandik Erregelak kantuz grabau eta jaso eban. Baina baita SIEMPREVIVIE lorie be. Dantzariek paparrean eroaten eben siemprevivie eta Aurresku-Atzeskura ateraten ziren neskei (garai haretan mutilek egiten ebiezan Erregelak), neskei lore hori eskaintzen ei eutsien.
SIEMPREVIVIE. Berba honek ni neuri ordudanik zer pentsauazo emon izan deust. Garbizale izateko tentazinoak. Bai, arkondarie, txapela, prakak… maileguz hartuak ditugu baina geureak dira honezkero, ez? baita be ventanie, kaballue, tia, atzo ikusi otzuten, motorrien bajatuko ostazu … esaten, entzuten ditugu gure inguru honetan, ai-ai-ai! Baina idatziz ipinikeran ahalegintxo bat denok egin ohi dogu ez? Kuestiñoie da … zer da kuestiñue?
Ba jubilauta be bagagozela ta euri lanpar egunetan, eta gauetan, holango paper horiztatuak, antzinakoak eskuartera eta … dzanga! Revista Euskaran irakurtzen gure Otxandioko Felipe Arrese-Beitiaren bertso sorta eta ... ha-hor BETIKO-LORA gero Antonio de Truebak gazteleraz SIEMPREVIVA itzulia. Arrese gure ingurukoa dogu ba. Ta hau 1881ean, Azkue tontsuratu baino lehen. Hiztegi erraldoia argitaratu aitzin.
Euskaltzaindiaren Orotariko Hiztegian behatu eta:
betilore Baliabideak > Orotariko Euskal Hiztegia
Novia de Salcedo aitasoaren hiztegia be Azkue eta Arrese-Beitiaren obra baino lehenagokoa dogu. Honek BETIBIZIA darabil.
Berba hau ez dogu karriatu Altzurukutik, ez Amaiurtik, ez Lazkaotik. Gure inguruan bizi-bizia izan da. Ventanie esan daroagu baina Leihoa idazten dogu.
Nik hemendik aurrera: BETILORA
Dokumentuaren akzioak
Erantzun


