Dokumentuaren akzioak
Nazioarteko Folklore Jaialdia Pasai Antxon
Musika, dantza, kultura, harremanak... Uztailaren 17tik 20ra Nazioarteko Folklore Jaialdia antolatu du Pasai Antxoko Alkartasuna euskal dantza taldeak. 50.urteurrena aitzaki hartuta eta beste herrialdeetako kulturekin harremanak estutu nahian, folklore jaialdia bultzatu dute asteburu honetarako. Herrialde katalanetatik Falcons de Villafranca taldekoak hurbilduko dira eta Portugaletik Grupo Folklorico de Barcelinhos taldekoak. Mi Nuevo Potosi izeneko elkarteak ere parte hartuko du festibalean. Euskal Herrian bizi dira azkeneko hauek, baina beren sorterriko dantzak egiten dituzte, Bolibiakoak. Eta noski, Alkartasuna euskal dantza taldea ere presente egongo da.
Uztailaren 17tik 20ra bitarteko egunetan Euskal Herrian izango ditugu herri horietako partaideak. Dantza, musika eta kulturaz zipriztinduko gara, beraz. Katalanak ostegunean iritsiko dira eta portugesak ostiralean. Dantza eta musika ikuskizun nagusia larunbatean izango da Pasai Antxon. Arratsaldeko 18:00tan desfilea egingo dugu kaleetatik zehar eta 20:00tan oholtza gainera eramango ditugu dantzak. Ondoren afaria egingo dugu denek batera eta dantzak elkarri erakutsi, ziurrenik. Egun garrantzitsuena larunbata izanik ere, Donostiako Alde Zaharreko jai batzordeak aktuazio bat eta bazkaria antolatu dute ostiral goizean, Karmengo Jaiak aprobetxatuz. Bertan katalanek dantzatuko dute, portugesak arratsaldean iristen baitira. Ostiral arratsaldea libre izango dute nahi dutena egiteko
Duela gutxi izan gara gu Gironan eta taldeak beste hamaika bidai egin ditu bere historian zehar, 50 urteetan zehar. Badakigu zer den Euskal Herria errepresentatzea beste herrialde batean. Zer den beste kulturak ezagutzea. Zer den mirestea eta mirestua izatea. Zer den kultura maite duten partaideekin egotea eta elkartrukea egitea. Zer den kanpoan etxean bezala sentitzea. Eta elkartrukea ez da soilik dantza unean egiten. Orain haiek dira Euskal Herria ezagutuko dutenak. Bakoitzak bere herria erakusteko eta transmititzeko gogoz elkartuko gara orain ere. Ea lortzen dugun etxean bezala sentiaraztea.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Alkartasuna Euskal Dantza Taldea
Alkartasuna Euskal Dantza Taldea Euskal Herri osoko jatorrizko dantzak erakusten ditugun taldea gara, Pasai Antxokoa.
1964.urtean jantzi genituen alpargatak ez ditugu oraindik erantzi, Zazpi probintzietako dantzak ezagututa, oraindik badugu energiarik plazetan alpargatak urratzen jarraitzeko. 2014an berrogeita hamar urte beteko ditugula jakinik gainera...