Alkartasuna euskal dantza taldearen emanaldi berezia larunbatean

2014/05/26
Alkartasuna euskal dantza taldearen emanaldi berezia larunbatean

Alkartasuna euskal dantza taldeak berrogeita hamar urte betetzen ditu aurten. Hala nola, urtero maiatzeko azken larunbatean egiten duten aurkezpena berezia bilakatu dute. Hilaren 31ean izango da, larunbat honetan, eta taldetik pasa diren ia 100 pertsonek parte hartuko dute emanaldian.

Bost hamarkada hauetan taldetik igarotako dantzari zein musikariek beteko dituzte Antxoko kaleak larunbatean. 18:00tan hasiko dute desfilea eta 20:00tan ekingo diote oholtza gaineko aktuazioari. Hamarkada bakoitzak dantza bat eskainiko du, gaur taldean daudenak barne.

Era berean, herriko eragile desberdinek antolatutako hamabostaldi kulturalaren lehen ekintza izango da. Hurrengo egunean, Alkar Txikiko haurrek hartuko dute protagonismoa, goizeko 12etan baitaukate emanaldia Zumardian. Ekainaren 2,4,9 eta 11erako TELP tailerrak antolatu ditu dantza taldeak, euskaraz bizitzeko egunero eta edonorekin eroso aritzeko gakoak ematen dituen tailerra. Plaza mugatuak dira eta alkartasuna@alkartasuna.org helbidera idatzi beharko da apuntatu ahal izateko.

Jarraian, ekainaren 5ean dantza pintxo potea eskainiko dute. Herritar oro dago parte hartzera gonbidatua, izan ere, horretara animatu nahi du jendea taldeak. Urtean zehar egiten diren pintxo-poteetan bueltaka dabilen jendeari dantzatzera joateko gonbitea luzatu nahi diete.

Ostirala, ekaniak 6, Kuadrillategik antolatutako ekimena egongo da Kultur Etxean arratsaldeko 19:00tan. Gaztetxoentzat janaria manipulatuz irudi dibertigarriak egin eta jateko tailerra prestatu dute.

Larunbatean XXI.Sagardo Jaia antolatu du Alkartasunak. Goizean tolarearen erakustaldia egongo da eta arratsaldeko sagardo dastaketa 18:00tan hasiko da Zumardian. Aurten 20 sagardotegik beteko dute plaza, musika, jaki eta giro ederrean murgilduta. Gainera, gaztetxeak kontzertua antolatu du sagardoa bukatzen denerako, gaztetxean bertan.

Ekainaren 11 eta 12an Badia antzerki Eskolak hartu du txanda, txikienek urtean zehar prestatu dituzten antzezlanak aurkeztuko dituzte Kultur Etxean. 17:00etan hasiko dira bi egunetan. Ostegunean, antzerki eta antzerki artean herriko dantza garaikideko taldeak pieza bat eskainiko du Kultur Etxean bertan.

Ostirala 13an, herriko bertsolariek hartu dute txanda: Haritz Casabal eta Ane Salazar gazteak. Hauek "Bertso afariak vs txapelketak" hitzaldia emango dute azokan eta ondoren, 21:30ak aldera, bertso afaria egongo da Andoni Egaña eta Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" bertsolariekin Basari elkartean. Txartelak 6euroren truke egongo dira biharti aurrera Kamio, Mimos eta Leunda tabernetan.

Amaitzeko, Kamio tabernak antolaturiko txakolin dastaketa eta mus txapelketa izango ditugu ekainaren 14an. Lehena goizeko 12tan izango da eta bigarrena arratsaldeko 16:00tan.