Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aiko Taldea Kulunkaz. Dantza lehen urratsak familian emateko tailerra Bilbon eta Donostian

Dokumentuaren akzioak

Kulunkaz. Dantza lehen urratsak familian emateko tailerra Bilbon eta Donostian

2022/12/07 19:47

Aiko Taldeak 6 urte arteko umeak dantzan trebatzeko bi tailer antolatu ditu Bilbon eta Donostian:

• Helburua, helduak txikienek imitatzeko moduko eredu bihurtzea da, jolas eta ariketa ludikoen bitartez dantzazaletasuna sustatzeko behar dituzten tresnak eskainiz

• ‘Kulunkaz – Gure lehen urratsak dantzan’ izenburupeko familia giroko dantza-tailer hauek bi adin-taldetan banatuta (0-2 urteko taldea eta 3-6 urteko taldea) egingo dira abenduaren 28an, astezkena, Bilboko Campos Antzokian, eta 29an, osteguna, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.

Informazio gehiago www.aikotaldea.eus webgunean.

Plaza kopuru mugatua

Sarrera: 10€ pertsona heldu bakoitzeko, aretoren sarreran ordaintzeko, eta haurrak doan.

OHARRAK:

*Parte hartzen dutenei jakinarazten zaie, ekimenaren bideo irudiak hartuko direla helburu pedagogikoekin eta promoziorako.

*Ekimena euskaraz izango da.

Izena emateko bete honako formularioa:

IZENA EMATEKO FORMULARIOA

Bilbo, abenduak 28, asteazkena

17:00etan, 3-6 URTE (30-45 minutuko iraupena)

18:00etan, 0-2 URTE (60 minutuko iraupena)

Donostia, abenduak 29, osteguna

18:00etan, 3-6 URTE (30-45 minutuko iraupena)

19:00etan, 0-2 URTE (60 minutuko iraupena)

Amagoia Elosegi (dantzaria, haur pedagogian aditua eta musika eta dantza irakaslea) eta Sabin Bikandi (interpretea, konpositorea eta dantza maisua) izango dira ekimenaren arduradunak.

* * * * * * * * * * * * * * * * * * * * * * *

AIKO Taldeak, Bilboko Campos Eliseos Antzokiarekin eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiarekin lankidetzan, bi tailer antolatu ditu, 6 urte arteko haur eta umeei dantza transmititzeko tresna berriak eskaintzeko.

“Kulunkaz – Gure lehen urratsak dantzan” izenburupeko ekimen honek abiapuntutzat hartu du ume txikiek helduak imitatzeko duten joera. Txikienentzat inguruneko helduak dira –gurasoak, aiton-amonak, osaba-izebak– imitatu beharreko ereduak. Beraz, dantzazaletasunaren transmisio egokia lortzeko, behar-beharrezkoa da helduei 6 urte arteko haurrak dantzan trebatzeko moduko tresnak eskaintzea. Gogoan izan behar da musikaren estimuluak eragindako erantzun automatikoak era askotako jolas eta ariketen bitartez eta, denboran atzera eginez gero, are amaren sabel barruko sentsazioen bitartez garatzen direla. 

Ondorioz, komenigarria da, dantzazaletasuna igorri nahi duten gurasoek, senideek eta gainerako helduek haurrengan automatismo horiek garatuko dituzten ezagutza eta ohitura berriak hartzea. Horretarako, arras lagungarriak dira jolasak eta izaera ludikoko beste entretenimendu batzuk, dantza-jarduera esperientzia plazergarritzat zabaltzeko tresnarik egokienak baitira.

Dantza familian gozatzera zuzendutako tailer hauek bi adin-taldetan banatzen dira, lehena 3 eta 6 urte bitartekoentzat, eta bigarrena 0 eta 2 urte bitarteko haurrekin dantzan egiten ikasi nahi duten helduentzan batez ere. Hemen ordutegiak:

3-6 urte. Oinez dantzan (30-45 minutuko iraupena)

3 eta 6 urte tarteko tailerra –Amagoia Elosegiren eskutik– heldu batek lagunduta parte hartuko duten neska-mutilentzat diseinatuta dago, eta bertan, musikarekin jolasten hasteko modu desberdinak proposatuko dira: pultsua, erritmoa, azentua edota esaldiaren pertzepzioa, edozein musikari aplika dakizkiokeen jolasen bitartez. Helburua, imitatuak izaten ikastea da, etxeko txikienekin parteka dezakegunaz eta dantzak haiekin komunikatzeko eskaintzen digun aukeraz ohartu eta sorkuntza eta talde edo bikote barruko eginbeharra sustatzeko asmoz.

0-2 urte. Besoetan dantzan (60 minutu inguruko iraupena)

Bi urte arteko tailerra –Sabin Bikandik emango duena– ibiltzen ikasi ez duten edo trikili-trakala dabiltzan umeen artean dantzarekiko lehen hartu-emanak errazteko baliabideak eta ariketak ikasi nahian dabiltzan helduei zuzenduta dago nagusiki, haurtzaindegietako eta haur-eskoletako irakaskuntza arloko profesionalak barne. Haurrak besoetan, kotxetxoetan edo paseatzeko aulkietan dituztela lan egingo da, edo parte-hartzaile interesatuek ekarri beharko dituzten panpinekin.

Amagoia Elosegi Pedagogiako goi mailako ikasketak egin zituen Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian (Musikene). Musikari eta dantzari familia batean jaioa, txikitatik txistu eta dantza tradizionalean murgilduta ibili da Gasteizko Udal Folklore Akademian. Biolako Gradu Profesionaleko ikasketak egin zituen Jesús Guridi Musika Kontserbatorioan. Hainbat urte Alemanian ikasten eta Madrilgo Eskola Alemanean lanean ibilia. Gaur egun, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako musika irakaslea, musika eta mugimenduko irakaslea Gasteizko Udal Musika Eskolan eta Mulixka dantza taldeko dantzaria dugu.

Sabin Bikandi Filosofian doktorea Londresko Unibertsitatean (PhD) eta Etnomusikologian Masterra Goldsmith Collegen. Musikako goi-mailako irakaslea, Donostiako Kontserbatorioko Ohorezko Saria eta Bilboko Kontserbatorioko Ganbera Musikako Ohorezko Aipamena jasota. 1980tik hainbat talde eta erakundetan lan egin du irakasle eta/edo exekutatzaile gisa, tartean Musikeneko dantza tradizionaleko irakasle gisa. Txistulari aldizkariaren zuzendaria izan zen (1992-1995). Konpositore gisa, txistuaren eta musika tradizionalaren inguruko hainbat obra musikal idatzi eta egokitu ditu. 2015ean, ikuskizun baterako konposizio musikal onenaren Max saria irabazi zuen. Gaur egun, Bilboko Udaleko danbolinteroa eta Aiko taldeko kidea da.

 BIDEOA: https://youtu.be/-V2E8-PbUs4

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aiko Taldea

Aiko Taldea

Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...