Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aiko Taldea Dantzaroa: Abel Iriondori omenaldia - Durango 2022-06-11

Dokumentuaren akzioak

Dantzaroa: Abel Iriondori omenaldia - Durango 2022-06-11

2022/05/16 20:20

Aspaldi ez dugu elkartu eta dantzan eta kantuan aritzeko aukerarik izan, eta behar genuen. Behar eta merezi dugu dantzara bueltatzea, eta horrekin batera, bere egunean agindu genuenez, Abel Iriondo gure lagun kutunari patxadaz agur esatea, gure omenaldi zintzoena adierazi, eta batez ere, berarekin kantatu eta dantzatu. Datorren ekainaren 11n, larunbatez, Durangon elkartuko gara dantza egun eder bat ospatzeko Abel gogoan dugula. Plateruena itxita dugunez, bazkaria Andra Mari eleizpean egingo dugu, eta bertan ere bazkalondoko egitaraua. Aurretik, badakizue, betiko sokadantza eta Dantzapoteoa gaitero, trikitilari eta txistulariekin. Animatu!

Ekainak 11 / Durango / Abel Iriondori omenaldia

  • 13:00 Soka dantza eta Dantzapoteoa Ezkurdi Plazan hasita txistulari, trikitixa eta gaiteruekin.
  • 14:30 Txakoli gonbitea
  • 15:00 Bazkari herrikoia Andra Mari eleizpean
  • 16:00 Bazkalondoa: Abel gogoan
  • 17:00 Erromeri mundiala:

-Miren, Roberto Etxebarria eta Idoia Markaidarekin.

-Bizkaiko Gaiteroak

-AIKO Taldea

  • 22:00 Akaberea: Manolo Escobarren "Mi carro"

Bazkarian parte hartzeko, 30€ sartu izen abizenak emanez (inportantea) Kutxabanken, Aiko Kultur Elkartea titularra den honako kontuan:

ES85 2095 0233 10 9109943783

 

Abel Iriondo Elorza

Bizikletan zebilela bihotzekoak emanda hil da Abel Iriondo (1966), azken bi hamarkadetan Durangon bizi zen dantzari elgoibartarra. Haritz, Argia, Kezka eta Kriskitin dantzari taldeetan eta Aiko taldean aritutakoa besteak beste, dantzari eta dantza-maisu ibilbide distiratsua egin du Iriondok.

Elgoibarko Izarran, Sebas Larrañaga irakasle izan zuela hasi zen dantzan Abel Iriondo eta 1981ean, 15 urterekin hasi zen helduekin, Haritz euskal dantzari taldean. Haritzen bat egin zuen taldean hasi berri zen Jon Lizarralderekin eta eskuz esku, eta soka-dantzan aurrez aurre dantzatu zuten hainbat urtez, Elgoibarko San Bartolome eguneko soka-dantzan, besteak beste, aurresku eta atzesku lanetan bi hamarkadaz aritu baitziren.

Soldaduzka Donostian egiten ari zela Argiaren entseguetan parte hartzen hasi zen eta Zortziko eta Alakiketan ikuskizunetan dantzatu zuen, bai Haritz taldearekin, bai bakarlari lanetan ere. Urteotan Haritz, Argia eta Kezka taldeen hamaika emanalditan dantzatu zuen, Argiaren Kondharian eta Pas de Basque emanaldietan ere bai. Ondoko bideoan, Argiak ETBn eskaintzeko prestatutako dantza sorta batean, Mikel Legorburu eta Abel Iriondo ageri dira doinu zahar bat dantzatzen. 

Elgoibarko San Bartolome eguneko aurreskuan hamar urtetik gora atzesku aritu zen, aurresku txapelketetan aritu zen. Arrateko dantzetan ohorezko gonbidatua 2006. urtean, ia-urtero izan da Arrateko dantzarien emanaldian parte hartzen eta berdin Elgoibarko Errosarioko ezpata-dantzan, urte askotan kapitain lanak betez bertan. 

Bizitokia Durangora aldatuta Kriskitin taldearekin aritu da dantzan eta baita Aiko taldearekin, Durangon eskaintzen zituen eskoletan irakasle ere. Durangaldeko ezpata-dantzari egunean emakumeekin batera osatutako lehen dantzari taldeko parte izan zen Kriskitin dantza taldearekin 2016an, eta San Fausto egunez, Durangoko dantzari-dantza, platillu soinua eta erregeletan lehen aldiz emakumeek parte hartu zuteneko taldean ere aritu zen Abel Iriondo.

DANTZAROA Abel Iriondori omenaldia, ekainak 11, DURANGO

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aiko Taldea

Aiko Taldea

Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...