Dokumentuaren akzioak
AIKO Taldeak lehen aldiz ekarriko du Txorierrira bere inauterietako erromeria ezaguna
AIKO Taldeak Txorierrira ekarriko du aurten ‘Torrijaldia2017’, bere inauterietako erromeria dibertigarria. Hitzordua, dantzazaleek urte osoan gehien itxaroten dutenetakoa, igande honetan, otsailaren 19an, arratsaldeko 18:30ean, izango da Derioko Baserri Antzokian (Seminario zaharraren atzealdean, Bizkaiko Teknologia Parkean). Bertara doazenei txokolatea eskainiko zaie, musikaz eta dantzaz betetako jai herrikoira ongi etorria emateko. Egun hauetako tradizioak agintzen duen bezala, mozorroek kolore berezia emango diote erromeriari eta, jakina, ez dira inauterietako tostada tipikoak faltako. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.
Inauterietako erromeria AIKO Taldearen dantzaldi egutegiko garrantzitsuenetakoa da, eta aurten Derioko Baserri Antzokian egingo da, inguru horretan euskara eta euskal kultura zabaltzeko lanean laguntzeko xedez, ekimen hori martxan jarri zuten Totoanekin, Euskara Elkarteen Federazioarekin eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearekin lankidetzan. AIKO hasiera-hasieratik ari da Baserri Antzokiarekin batera lanean, zenbait kultur ekintza antolatuz. Izan ere, hori izan zen taldeak urte amaierako erromeria herrikoia ospatzeko aukeratu zuen lekua. Hori da Bizkai osoko dantza zaleek euren egutegian ezinbesteko hitzordu gisa markatuta duten beste topaketetako bat. Horrez gain, Baserri Antzokiak jotari eskainitako tailer bat eta ‘Jotamentala’ dokumentalaren proiekzioa ere jaso ditu. Dantza horren bilakaerari buruzko lan hori Euskal Herriko hiriburuetan eta beste herri batzuetan ere eskaini da, arrakasta handia lortuz. Horrez gain, hauek izango dira AIKOren ‘Dantzazaleak’ erakusketaz Baserri Antzokian gozatzeko azken egunak. Erakusketa horretan Iñaki Andresek taldearen ikastaroetan eta erromerietan hartu dituen argazkiak ikus daitezke. Hamar urteko ibilbidean taldea jarraitu duten milaka dantzazaleei eskaini nahi zaien omenaldi xumea da.
Seminario zaharraren atzealdean, Bizkaiko Teknologia Parkean, dagoen Baserri Antzokiak berriztatu egin du, gaur egun programazioa duten udalerrietako kultur eragile gisa dagoeneko finkatuta dauden kafe antzokietan duela urte batzuk martxan jarri zen kontzeptua, eta aisiara eta kulturara zuzendutako azpiegitura berritzailea eskaintzen du. Oraingo honetan, fundazioa Totoanetik (Euskararen aldeko Txorierriko Elkarteen Federazioa) eta Sondikako, Loiuko, Derioko, Zamudioko, Lezamako eta Larrabetzuko udalek osatzen duten Txorierriko Zerbitzu Mankomunitatetik sortu da.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aiko Taldea
Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...