Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aiko Taldea Aiko Taldeak dantza asteburu bat antolatu du Urduñan

Dokumentuaren akzioak

Aiko Taldeak dantza asteburu bat antolatu du Urduñan

2021/09/21 12:50

Urduñak “tirakada” dauka dantza tradizionala gustuko dutenentzat. Edo hori egiaztatzen ari da, behintzat, AIKO Taldea, hirugarren aldiz aukeratu baitu bertako Hotel Bainuetxea asteburuko dantza ikastaro bat emateko, pandemia baino lehen ospatu ziren aurreko biek arrakasta handia izan ondoren. Oraingo honetan, urriko lehen asteburuan, osasun arloko segurtasun neurri guztiak hartuz egingo da, eta, oraingoan, bikoteka dantzatzera zuzenduko da.

Musikaren erritmora mugitzeko ia berezko ohituraren barruan pisu handia duen modalitatea da: batzuetan bakarka egiten dugu, beste batzuetan taldean eta sarritan bikoteka. Eta bikote-dantza horretan komunikazioa eta harremana agertzen dira, baina baita jolasa ere. Horri guztiari buruz sakontzeko aukera izango da AIKO Taldeko dantza maisuekin, urriaren 2ko eta 3ko asteburuan. Balsa, mazurka, pasodoblea, boleroa, txotisa edo polka bezalako dantzez gozatzeko bi egun.

Ikastaro honek “1+1=2 BIKO DANTZAK” du izena, eta AIKO Taldeak agertoki horretan bertan antolatutako aurreko bien lekukoa hartuko du. Bi haiek jota landu zuten. Eta edizio berri honek aurrekoen arrakasta errepikatu gura du. Aurreko bietan 50 plazak agortu egin ziren.

Urduña Plaza Hotel bainuetxea

Eraikin historiko batean dauden instalazioek dantza ikastaro jarduera emateko baldintza ezin hobeak eskaintzen dituzte, hirugarren solairuan dagoen dantzaleku bikainari esker. Era berean, hotelaren azpiegiturak, ikastaroko ikasleen eskura eskaintza osagarria jartzeko aukera ematen du: logela bikoitzeko ostatua, larunbateko afaria eta igandeko gosaria eta bazkaria, eta zirkuitu termal bat, 75 euroko prezioan pertsonako.

Ikastaroaren egitarauari dagokionez, 50 euroko matrikula ezarri da, eta urriaren 2an, larunbatean, egingo da, 17:00etatik 20:30era; igandean, klaseak goizeko 10:00etan hasiko dira eta 13:30ak arte jarraituko dute. Patxi Laborda eta Sabin Bikandi AIKO Taldeko kideek emango dituzte klaseak.

Matrikula gauzatzeko, aikoeskola.eus webgunearen bitartez egin beharko da. Plazak mugatuak direnez, izena lehenbailehen ematea gomendatzen da.

Ikastaroa, AIKO Taldearen jarduera guztietan ohikoa denez, dantza adierazpen eta gozamen, inprobisazio eta askatasun jarduera gisa ulertzean oinarrituko da, gorputzaren mugimenduaren bidez.

Ikastaroan izena emateko: https://aikoeskola.eus/ekitaldiak/

+info: www.aikotaldea.eus

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aiko Taldea

Aiko Taldea

Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...