Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aiko Taldea Aiko Taldea eta Slow Food Bilbao-Bizkaia

Dokumentuaren akzioak

Aiko Taldea eta Slow Food Bilbao-Bizkaia

2019/09/03 02:00
Aiko Taldea eta Slow Food Bilbao-Bizkaia

Aiko taldea. Argazkia: Iñaki Andres

Slow Food & Dance izan zitekeen oso esparru desberdinetan aritzen diren arren, filosofia eta interes komun gunea aurkitu duten bi kultur erakundeek iragarri berri duten akordiorako goiburua. Alde batetik, AIKO Taldea, Euskal Herriko dantza tradizionalaren hedapena bultzatzen duen musikari eta dantza maisuz osatutako kolektiboa. Eta, bestetik, Slow Food Bilbao-Bizkaia Elkartea, tokiko elikadura ohituren aldeko mundu mailako gastronomia mugimenduaren Bizkaiko ordezkaritza. 

Bilbao-Bizkaia slowDuela hamar urte baino gehiago AIKO Taldea sortu zenetik, dantza eta musika ulertzeko duen modua “Slow Dance” gisa definitu da behin baino gehiagotan, Slow Food mugimenduaren bertsio koreografiko modukoa. Erakunde global hori 1989an sortu zen, tokiko elikadura kulturen eta tradizioen desagerpena prebenitzeko, bizitzeko erritmo azkarren gorakadari aurre egiteko, kontsumitzen diren elikaduren aurreko interes faltaren kontra borrokatzeko, horien jatorria ezagutzeko eta elikadurari buruzko erabakiek inguratzen gaituen munduan duten eraginaz jabetzeko. 

Elikadura onaren, garbiaren eta zuzenaren aldeko mugimendua 160 herrialde baino gehiagotan dago gaur egun. Bizkaiko kasuan, 2006ko ekainaren 1ean, bertako landa inguruarekin erlazionatutako pertsona talde batek gaur egun Slow Food Bilbao-Bizkaia Elkartea dena sortu zuten Deustuko “Oriotarra” tabernan. Aitzindari  haien artean Mariano Gómez presidentea zegoen. Bera eta Sabin Bikandi AIKO Kultur Elkarteko presidentea izan dira bi erakundeen arteko lankidetza akordioa martxan jartzearen arduradunak.  

Puntu komunak

AIKO Taldea eta Slow Food bat datoz bertako kultura defendatzeko interesari dagokionez, gastronomiaren eta dantzaren alorretan. Baina bertakoaren, autoktonoa denaren, defentsa hori, aniztasunaren aurreko estimuan eta ezarritako estandarren aurreko kritikan ere islatzen da, horiek “fast food” izenekoa edo dantza munduko akademizismoa eta bateratzeko nahia badira ere. Horrela, aniztasuna ekoizle, sukaldari, dantza maisu, dantzari eta dantza zale bakoitzarengana heltzen da. Slow Food mugimendua gustua hezteaz arduratzen da, eta AIKO dantzatzen eta dantzaz gozatzen erakusteaz. 

Azken finean, helburua sukaldaritza eta dantza ulertzea da, sukaldean aritzen eta dantzan egiten jakitea, errezetak eta koreografiak buruz ikasi beharrean, eta gertuko produktua eta eko-gastronomia defendatzea. Eta, aldi berean, dantzaren arloan, dantzan egiteko modu ergonomikoa, naturala, pertsonak errespetatzen dituena, erabilerraza eta, esanahi horretan bertan, demokratikoa, defendatzea. AIKOren eta Slow Fooden iritziz, oso garrantzitsua da gozatzea, jaten denean edo/eta dantzan egiten denean, parte hartzea eta parte aktiboa izatea, gustuan eta dantzan heztea, jaten duguna eta dantzatzen duguna, horien jatorriak eta gastronomia eta kultura tradizionalen inguruan dagoen guztia, hobeto ezagutzea, ahalik eta gozamen handiena lortzeko. 

Nagusi den bizitzeko eredu indibidualistaren eta lehiakorraren aurrean, beste pertsona batzuekin komunikatzeko, harremanak izateko, trukatzeko eta gozatzeko guneak sortzea da helburua. Eboluzionatzeko eta hobeto bizitzeko, AIKOk eta Slow Food Bilbao-Bizkaia Elkarteak denbora bilatzea proposatzen dute, sukaldean aritzeko eta jateko, eta baita dantzan egiteko ere. Eta, aldi berean, gizateriaren elikadura, koreografia eta kultura ondarea defendatu, gastronomia eta dantza kultura direlako. 

Elkarren arteko lehenengo jarduera Eneko Atxaren jatetxean

AIKOren eta Slow Food Bilbao-Bizkaia Elkartearen arteko lehenengo jarduera datorren irailaren 6an izango da, oso leku enblematikoan, Michelin izar bat duen Larrabetzuko Eneko jatetxean. Eneko Atxa titularrak oso afari berezia aterako du, eta afariaren barruan, bertaratutako pertsona guztiek dantza egingo dute. Ekitaldiak, alboko upategian egindako txakolina omenduko du, aurten nazioarteko ardo onena izendatua izan delako. Afari-erromeriarako zeuden leku guztiak agortu dira. Aurretik mahastiak bisitatuko dira. 

Gorka Izagirre upategiko “42 by Eneko Atxa 2015” txakolinak nazioarteko ardo zuri onenaren Urrezko Domina Handia lortu du 2019an Ainglen (Suitza) egin den Bruselako Mundu Mailako Lehiaketan. Lehiaketan 46 herrialdeko 9.150 ardok hartu dute parte, eta 51 herrialdeko 363 adituk ebaluatu dituzte. Bizkaiko Txakolina Jatorri Izendapeneko produktu batek mundu mailako sailkapen hori lortu duen lehen aldia da. Eneko Atxaren jatetxearen ondoan dagoen saritutako upategia, sukaldari bizkaitar ezagunaren eta Gorka Izagirre bere osabaren arteko ekimena da, eta 2005ean jarri zen martxan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aiko Taldea

Aiko Taldea

Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...