Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aiko Taldea Aiko taldea 10 urte jendea dantzan jartzen

Dokumentuaren akzioak

Aiko taldea 10 urte jendea dantzan jartzen

2015/10/02 10:25

Musikarien eta dantza-maisuen kolektiboak urteotan guztiotan 4.000 pertsona baino gehiago erakarri dituen Dantzaldi Ibiltariaren edizio berri bat aurkeztu du, eta nahi duenak zabalik dauka dagoeneko urriaren 1ean hasi eta 2016ko ekainera arte luzatuko den ikastaro honetarako matrikulatzeko epea.
 
Aiko taldeak X. urteurrena ospatuko du aurten. Hamar urteko ibilbide honetan, era askotako emanaldiak eta prestakuntza-saioak izan dira protagonista, baita tailerrak, mintegiak eta hamar disko eta zenbait libururen argitalpena ere. Aurtengo ikasturterako ekimen berriak prestatu dituzte.

Aiko Taldeak, Euskal Herriko dantza tradizionalak zabaltzen diharduten musikarien eta dantza-maisuen kolektiboak, matrikula egiteko epea ireki du, dantza tradizionalean hasi edo ikasitakoa hobetu nahian dabiltzan pertsona guztiek dantza ibiltariaren edizio berrirako izena emateko aukera izan dezaten. Matrikula-epea irekia duen ikastaro berri hau urrian hasi eta ekainera arte luzatuko da, eta bitarte honetan, Aiko Taldeak jardunean egindako lehenengo 10 urteak ospatuko ditu, proiektuz gainezka etorriko den urteurreneko ospakizun baten bitartez. Hamarkada honetan,  milaka pertsonak parte hartu dute talde honen jardueretan, dantza tradizionala ikasteko, irakasleko, baloratzeko eta disfrutatzeko estilo berri bat finkatuz.


 

Orain arte antolatutako zazpi edizioetan, 4.000 pertsona inguru erakarri dituzte, erromeria tradizionalen alderdi sozial eta ludikoa aldarrikatu eta euskal dantzak suspertzea xede duen Dantza Ibiltaria programari atxikitako ikastaro egonkorrek, tailerrek eta erromeriek. Horren haritik, Aikoren metodologiak dantzan trebatzeko alternatiba natural, lasai eta dibertigarria proposatzen du.
 
Ikasturte berria Gernikan hasiko da gaur, ostegunez, urriak 1, eta inaugurazio-eskola Bilbon emango da astelehenean, hilak 5. Aurreko edizioetan bezalaxe, Dantzaldi Ibiltariaren ikastaroek bi maila eskainiko dituzte -hastapen ikastaroa eta aurreratua- Bilbon (Bizkaia Aretoa), Donostian (Victoria Eugenia antzokia), Galdakaon (Urretako Eskola), Markinan (Uhagon kulturgunea), Gernikan (San Fidel Ikastola) eta Durangon (Plateruena Kafe Antzokia). Saioak astero-astero egingo dira, ordu eta erdiko iraupenaz, eta matrikularen prezioa 150 eurokoa da. Lehen kontaktua izan nahi dutenentzat, eskolak doakoak izango dira urrian, eta ikastaro osorako matrikula horren ondotik egin ahal izango dute. Izena emateko epea irekita dago jadanik. Matrikula Aikoren webgunean edo 634 423 539 telefonora deituz egin daiteke. Hauexek dira ikastaroa hasteko aurreikusita dauden egunak lekuen arabera: Gernika-Lumo (urriaren 1ean), Bilbo eta Galdakao (urriaren 5ean), Durango (urriaren 6an), Markina-Xemein (urriaren 7an) eta Donostia (urriaren 8an).

Aiko: Dantzaldi Ibiltaria

Azken urteotan, ekimenari era askotako berritasunak gaineratu zaizkio kolektibo espezifikoei hurbiltzeko asmoz. Honela, iaz, Aiko Taldeak UPV/EHUrekin sinatu zuen lankidetza-hitzarmenari esker, Bizkaia Aretoko (Bilbo) ateak Dantzaldi Ibiltariarentzat zabaldu ziren, dantza tradizionalarekin lotutako jarduera pedagogiko eta dibulgatiboak eta ikastaroak berak bertan antolatzeko aukera emanez. Horren haritik, bestelako proposamenak ere egin ziren, hala nola, helduei jolasen eta bestelako jarduera ludikoen bitartez sei urte arteko umeak dantzan trebarazteko tresnak eskaintzen zizkien Kulunkaz orientazio-ikastaro berezia. Aiko Taldearen iazko ikasturteko beste ekimen aipagarri bat Jotalariak izeneko hastapen-zikloa izan zen. Jotak Estatuko hainbat lekutan dituen aldaerak ezagutarazteko antolatutako ekimen honen lehenengo edizioak Asturias, Galizia eta Salamancako dantza-maisuak ekarri zituen Bilbo aldera. Era berean, egutegi akademikoaren amaieran, dantza tradizionalari buruzko udako ikastaro bat antolatu zen ekaineko azken asteburuan, Areatzan, UPV/EHUren eta BBK Fundazioarekin batera. Proposamenak egundoko arrakasta lortu zuen, euskal unibertsitate publikoak antolatzen dituen udako ikastarorik jendetsuenetakoa bilakatu zelarik, matrikulazio-kopuruari dagokionez.

Kulunkaz ikastaroak nahiz musikarientzat diseinatutako beste ikastaro batek (dantza tradizionalen errepertorio klasikoa interpretatzen eta intrumentu-jotzailearen eta dantzariaren arteko harremanetan sakontzen ikasteko) jarraipena izango dute denboraldi berri honetan ere, eta berritasun gisa, kantu-ikastaro monografiko bat antolatuko da, Itsaso Arrieta Labayru Ikastegiko kantu irakaslearen eskutik.

Berritzailea izango da, halaber, UPV/EHUn abiaraziko den Dantzalab Musika eta Dantza Laborategia, saio trinkoekin batera, asteburuko prestakuntza-jarduera osagarriak eskainiko dituena, hala nola, master class-ak, irteerak, bisitaldiak, adituekiko topaketak eta abar. Ekimen hau UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko EHU Kultura Unibertsitate Hedakuntzarako Zuzendaritzaren bitartez gauzatu da, 14 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta, aldi berean eskola, ikerketa-zentroa, elkargunea eta zabalkuntza-gunea izan dadin. Dantzalaben bitartez, erantzuna eman nahi zaio, euskal dantza tradizionalak belaunaldiz belaunaldiko transmisiorako erabili izan dituen kanalen krisiari, egungo gizartearen erabilera eta eskakizunen araberako alternatiba bat eskainiz ondare hau ezagutarazteko.

Jotari eskainitako web-ataria izango da Aikok ikasturte berriari begira abiaraziko dituen beste berritasunetako bat. Taldearen webgunearen barruan sortuko den Interneteko atal berezi honetan, dantza mota horren inguruko alderdi pedagogikoak bilduko dira. Dantza honen pausoei buruzko material didaktiko ugarirekin batera, pauso horiek egiteko era egokia bideoan ikusteko aukera ere eskainiko du. Webgune hau, bestalde, AIKO Taldea gaur egun lantzen ari den jotari buruzko dokumentalaren online osagarri egokia izango da.

Hamar urteko ibilbidea

Dantzaldi Ibiltariaren ikasturte berri honek Aiko Taldearen 10. urteurreneko ospakizuna izango du mugarri. Kolektibo honek dantza tradizionala ikasi, irakatsi, baloratu eta disfrutatzeko estilo berri bat finkatu du. Hamarkada honetan, 4.000 pertsona inguruk parte hartu dute taldeak Bizkaian, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Iparraldean antolatu dituen ehunka ikastaro, tailer, erromeria eta emanalditan.

Sabin Bikandi (Galdakao, 1965) dugu Aiko Taldearen bultzatzaileetako bat. Etnomusikologian doktoratu zen Londresko Unibertsitatean, eta aurten, ikuskizun eszenikorako musika-konposiziorik onenaren Max Sari prestigiotsua lortu du Gelajauziak lanaren partituragatik. Honekin batera, Patxi Laborda dantza-maisuak eta Aitor Furundarena, Alvaro Garcia eta Asier Garcia musikariek osatu zuten “sortzaileen nukleoa”. Kolektiboa aberastuz joan da geroztik, Jon Maya Kukai dantza-taldeko koreografo ezagunak, Josu Garate, Ainhoa Odiaga eta Irune Arrizubieta dantzariek eta soinu tradizionalak gertu-gertutik ezagutzen dituzten musikari adituek egindako ekarpenekin, Jasone Akizu, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta eta Mintxo Garaikoetxea (txistua); Jean Mixel Bedaxagar (txirula); Jon Gaminde eta Martin Ariztimuño (gaita); Asier Gonzalez (alboka); Elur Arrieta, Ander Hurtado eta Boli (perkusioa); Miren Zeberio eta Ainara Artetxe (biolina); Iraide Sarria (biola); Iñigo Eskubi eta Enrike Solinis (gitarra); Juan Ortiz eta Gorka Aginaga (teklatuak); Koldo Salazar, Txus Aranburu eta Roberto Etxebarria (akordeoia); eta Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) tarteko direla.

Hamar urte hauetan, Aiko Taldea ezin konta ahala erromeria, ikastaro, tailer eta emanaldi ibiltari eskaini ditu Euskal Herrian zehar, Durangoko Plateruena Kafe Antzokia agertokirik ohikoenetakoa izanik, eta dantzarako esparru berriak ere sortu ditu UPV/EHUko Errektoregoko Bizkaia Aretoa, Bilboko Campos Antzokia edota Donostiako Victoria Eugenia Antzokia bezalako eraikin ezagunetan. Gainera, taldearen jarduera ez da zuzeneko emanaldietara mugatu, dantzatzeko musika biltzen duten 10 disko argitaratu baititu, herri-kulturaren ondarea ikertu eta ezagutzera emateko ekimenetan ere parte hartuz, hala nola Fasioren Mendea (Bonifazio Arandia musikari arratiarraren bizitza eta obrari buruzko ikerketa-lan sakona) edota “Urraska-Dantza jauziak Sagasetaren bidetik” (jauziak deritzen dantzen errepertorio osoari buruzko multimedia-bilduma).

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aiko Taldea

Aiko Taldea

Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...