Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aiara Dantza Taldea Aiara, 40 urte dantzan

Dokumentuaren akzioak

Aiara, 40 urte dantzan

Aiara, 40 urte dantzan

Aiara Dantza Taldea, 1984 - Taldeko lehen argazkia

Hamaika ekintza urte berriarekin batera

Ilusioz eta eskuak zabalik hartu dugu Aiara Dantza Taldeko kideok 2024. Izan ere, aurten gure berrogeigarren urteurrena da. Bai, berrogei urte! Lau hamarkada.  Lau hamarkada luze herria eta inguruak dantzaz eta musikaz girotzen, lau hamarkada gure ohiturak berreskuratzen eta indartzen, lau hamarkada tradizioak transmititzen -eta zergatik ez, birsortzen-. Lau hamarkada indarrez aurrera egiten.

Urteak dira jada proiektu hau sortu genuenetik: herritik eta herriarentzat. Eta halaxe jarraitzen dugu. Belaunaldiz belaunaldi dantza taldea elikatzen eta honi forma ematen, ikasten eta desikasten, transmisio katea eten gabe.

Urteurren marko honetan zenbait ekintza prestatu ditugu. Esaterako, urtea hasteko, lau hamarkadetan zehar taldeak sortu duen ondarea aurkeztuko dugu Amurrioko La Casona eraikinean: argazki historikoak, eskuz egindako jantziak, Euskal Herriko txoko ezberdinetan dantzarako erabiltzen diren osagarriak, materiala, egungo multimedia, eta abar. Erakusketak urtarrileko bigarren hamabostaldian zabalduko ditu ateak, Amurrioko La Casona eraikinean. Publiko ororentzat prestatutako erakusketa da hau, izan dantzari edo ez. Sarrerak doan izango dira.

Honez gain, lehenengo hiruhilabetean beste zenbait agerraldi egingo ditugu. Esaterako, inauterietan herrian bertan bereizgarri den kakarroz mozorratuko gara, garai bateko besta giroa gurera ekarriz. Era berean, taldeko gazteak eta helduak Korrontzirekin arituko gara dantzan martxoan, Amurrio Antzokian. 

Urteak aurrera  egin ahala, maiatzean urtero ospatzen den Euskal Jaian izango gara. Urteurrena ospatu nahian, taldetik igaro diren partaide guztiei zabalduko diegu deia egun berezi honetan elkarrekin jai egiteko. Izan dantzari, musikari, jostun edo laguntzaile gonbitea luzatzen dizuegu egun berezi honetan elkartzeko. 

Azken txanpan, udazken aldera, Amurrio Antzokian egingo dugu berriz agerraldia taldeko ibilbide historikoa azalduz. 

Hau horrela, urte oparoa espero dugu taldeko kideok. Zuek ere, irakurleok, gonbidatuta zaudete gurekin bat egitera urteurrena ospatzeko.

IZAN UNTSA ETA BIZI UROS!

 

 

Informazio gehiago: www.aiaradantzataldea.eus

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aiara Dantza Taldea

Aiara Dantza Taldea