Dokumentuaren akzioak
Inauteriak Lizartzan
Aurtengoan, 26. aldiz Otsolar Dantza Taldeak Lizartzako Inauteriak antolatu ditu. Egitarau oparoa prestatu dute otsailaren 16,22,23 eta 24 erako, ez da dantza, kantu, mozorro eta umorerik faltako Lizartzan. Taldeko kide eta laguntzaileek herritar guztiak animatu nahi dituzte festa honetan parte hartzera, eguneroko kezka eta buruhausteak egun batzuez ahaztu eta herri giroa alaitzeko asmoz. Herritarrez gain, eskualdeko jendea ere gonbidatu nahi dute, festan murgildu, mozorrotu eta gozatzera.
Egun hauetan ez da zereginik faltako Lizartzan. Urteroko ekitaldiez gain, aurten igandeko bazkalostean Txan Magoaren “inpernutik natorren artista bat naiz ni” emanaldia izango da pilotalekuan. 5-105 urtera artekoak txunditurik uzteko emanaldia prestatu omen du mago ezagunak eta giro ederra sortuko dela adierazi digute antolatzaileek. Herritar zein eskualdeko guztiak gonbidatu nahi dituzte bazkari ederra dastatu eta ikuskizunaz gozatzera. Emanaldiaren sarrera doakoa izango da.
Gainerakoan, urteroko ohiturek ez dute lekurik faltako. Betiko legez, larunbat goizean, herriko txantxo eta dantzariak baserrietan zehar puska- biltzean ibiliko dira. Ondoren, 12etako mozorrotuen kalejirak ere ez du huts egingo. Igandeari dagokionean, eguerdian dantzariek kaleko puska biltzea egin ondoren, herriko inauteri dantzen emanaldia eskainiko dute plazan. Une ederra izango da, belaunaldi ezberdinetako taldeak izango baitira bertan. Lizartzarrek garbantzuak eta txekorra jateko ohitura ere ez dute galdu nahi, igandean, usadioari helduz herriko pilotalekuan izango duten herri bazkariko menua horixe izango da. Bazkari txartelak herriko tabernetan izango dira salgai datozen egunetan.
Aipaturikoez gain, egitarau oparoa prestatu dute Lizartzarrek. Festarako gogoa duen oro gonbidatu dute goizean goizetik mozorrotu eta festan burubelarri
murgiltzera.
Dokumentuaren akzioak