Dokumentuaren akzioak
Covid-19a, asteburuko uholdeak... Zerbait gehiago?
Iragan asteburuan uholdeak nabarmendu ziren Iruñeko karriketan. Batez ere, Arga ibaiaren ondoan dauden auzoetan. Ortzadar Elkarteak egoitza Arrotxapea auzoan dauka eta ibaitik 130 m-tara dago. Aurreko ostiralean ur azpian geratu zitzaigun egoitza. Kalean belaunetarainoko sakonera zeukan urak barruan, jantziak gordetzeko armairuak, liburutegiko apalategiak… zuraje guztia blai. Ostiralean bertan aritu ginen jantziak, liburuak, musika tresnak etabar lehorrean jartzen, zoluak zerrautsez estaltzen eta orain… itxoin behar. Igandean garbiketa eguna izan zen eta kalteak gainetik ikusteko parada eman zigun. Ez dira makalak izango. Aurtengo kalteak 2013ko uholdeek eragin zituztenak baino handiagoak izango dira. Aseguru-etxeek ez dute uholdeak eragindako kaltearen tamaina berdinduko. Hurrengo egunetan balorazio ekonomikoak eta estrategikoak egin beharko ditugu.
Gure egoitzaren kaleak Arga ibaiaren Zeharkalea du izena. Aurten, berriz ere eta ez da azkena izango, Arga ibaiak kalearen izena berretsi du: zeharkatu du auzoan sartzeko. Berak utzitako lohia ongarri izango zaigu, baratzetan bezala, elkartea aurrera sendoago segi dadin. Hasteko Arrotxapeako Erraldoien konpartsaren hurbiltasuna sentitu dugu. Entseatzeko lokala eskaini digute gurea konpontzen dugun bitartean. Kataluniatik ere heldu zaigu elkartasuna: berriki gurekin egon den Escamot Catalàrena. Ortzadarren aldeko kontzertu benefikoa egiteko prest. Gora lagunak!!
Lerro hauetatik gure elkartasuna eta animoak igorri nahi dizkiegu uholde hauek pairatu eta, batez ere, kaltetuak suertatu diren guztiei. Asko dira bere bizibidea kolokan ikusten ari direnak.
Dokumentuaren akzioak