Dokumentuaren akzioak
Oberenak emanaldi berezia plazaratuko du Ziudadelan, larunbat iluntzean
75. urteurrenaren harira eginen du, eta San Juan bezperako gaia izanen du ardatz. 22:00etan hasiko da eta Ziudadelako txokoak zeharkatuko ditu.
Intimoa eta berezia. Halakoa izanen da Oberena dantza taldeak larunbat iluntzean eskeiniko duen emanaldia. Ziudadelan eginen dute, 22:00etan. Udari ongietorria emateko emanaldia izanen da, gau magikoa. Ekainaren 20a, ekainaren 23 bihurtuko dute dantzariek, eta San Juan gauean girotutako emanaldia plazaratuko dute. Bertaratzen direnekin soka erraldoi bat eginen dute dantzariek, eta emanaldia Ziudadelako txoko batetik bestera iraganen da. Bukatzeko, sua ere izanen da, noski.
Hasi aurretik ikusleak Laguntza atera joan beharko dute (Gaztelugibeletik etorrita dagoen atea). Zubia pasa eta tunelean gelditu beharko dute. Han emanen zaizkie jarraibideak. Sokari helduta Santa Maria baluartearen pareko plazara abiatuko dira. Hainbat dantza ikusi ondoren, ibilbidea Labera hurbilduko da, lehenago Ziudadelaren erdian geldituta. Adarrak eta txalapartak abixatuko dute Mistoen aretora noiz hurbildu. Han, eraikinaren paretan, dantzarien itzalak ikusiko ditu bertaratzen denak. Ibilbidea San Anton baluartea zegoen tokian bukatuko da, belardian. San Juan bezpera izanda (gogoan izan, 20an da emanaldia, baina 23a izanen da Ziudadelan sartuta), suaren inguruan dantzatuko dute.
Ekitaldi hau 75. urteurreneko beste jarduera bat izanen da. Oberenak Ziudadelan prestatu duen erakusketa dela eta prestatu da, bertan egiteko, propio.
Dokumentuaren akzioak